Dantza giroa Egiako parkean

Glad is the Day jaialdia laugarren urtez egingo dute Donostiako Egia auzoan. Egun osoko egitaraua antolatu dute abuztuaren 5erako, eta bezperatik hasiko dira musika emanaldiak

Glad is the Day jaialdia aurkeztu zuten atzo Le Bukowski, Dabadaba eta Donostia Kulturak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Egia auzoko Kristinaenea —edo Gladys Enea— parke tropikal bilakatuko da abuztuaren 5ean, zuzeneko makina bat emanaldirekin goizean hasi eta iluntzera arte, eta igandea nahi adina luzatzeko aukera eskainiko dute auzoko Le Bukowski eta Dabadaba aretoek. Bezperan ere kontzertuak egingo dituzte bi aretoek.

Orain arte egun bakarrekoa izan den jaialdia bi egunera luzatu dute, nahiz eta igandekoa den egun handia. Bi agertokitan banatuko dute Kristinaenea parkeko egitaraua —agertoki nagusia eta Castillito Stage—, eta, eguerdian hasita, hogei musika talde arituko dira. Aurreko urteetako ereduari jarraitu diote antolatzaileek, eta agertoki nagusirako prestatutako musika eskaintza iazkoaren antzekoa izango da kopuruan, baina parkearen atzealdeko gunea indartu nahi izan dute, Le Bukowskiko Josu Urbietak azaldu duenez, elektronikaren erregistro guztietako talde eta DJekin.

Gaur egun, gero eta toki gehiagotan ageri diren erritmo dantzagarriak izango dira nagusi Glad is the Dayko agertoki nagusian: cumbia, folk eta rock doinuekin osatu dute parkeko etenik gabeko soinu banda. Guztien artean, Peruko Los Mirlos cumbia taldea nabarmendu du Dabadabako Alex Lopezek; azken lau hamarkadetako cumbia erreferenteak dira, cumbia amazoniarraren sortzaileak, mito hutsa. 17:20an hasiko dute emanaldia, eta eguneko jardun gogoangarrietako bat izatea espero dute antolatzaileek.

Agertoki berean arituko dira Koban donostiarren elektro-swing akelarrea eta Esteban & Manuel galiziarren cumbiaz eta autotune-z osatutako berbena. Antolatzaileen aspaldiko lagunak ere gonbidatu dituzte festara: Rukula taldeak Le Bukowskin emandako kontzertu gogoangarria aipatu du Lopezek, baita taldeko Javier Sun lagun zaharra ere. Dabadaba aretoaren agenda mugagabean lekua irabazi dutenak ere badira: esaterako, Melenas eta Mujeres garage taldeak.

Dancehalletik trapera doazen elektronika doinu guztiak bilduko ditu parkearen atzealdeko agertoki txikiak. Askotariko musika jarriko dute hainbat DJk: Atraco Negratak rhythm & bluesa, Sarandongak rapa eta reggaetona eta Atodamadrek tropical bass-a. Gainera, talde batzuk zuzenean ere ariko dira, hala nola Hondarribiko (Gipuzkoa) Gorpuzkingz hip hop eta trap talde zirikatzailea.

Eguneko jarduna amaitzean, Le Bukowski eta Dabadaba aretoetan disko jartzaileak arituko dira gaueko ordu txikietara arte: Landerground eta Etxeko Uzta Le Bukowskin, eta Alvva, Mkol, Frances Be eta Araña Dabadaban.

Egunetik asteburura

Aurreko hiru edizioetan egun bakarreko jaialdia izan da, baina asteburu osoa hartuko du aurtengoan. Hori albiste bada ere, ez du aldaketa handirik eragin egitarauan, larunbat gauerako programatu baitituzte kontzertuak Egiako bi aretoetan. Datozen egunetan iragarriko dute zein taldek joko duen Dabadaban, baina DJ andana ariko da bi guneetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.