Kultur makineria martxan

Zortzi artista gazte egoiliar euren proiektuak garatzen ari dira abuztuan Uharteko arte garaikideko zentroan. Beste hamabi artista zentroko egonaldietan ari dira lanean

Goian: Carlota Vida, Elvira Hernandez, Ana Holmes, Gabriel Coca, Karmele Oteros eta Nagore Amenabarro; azpian: Nati Garbaio eta Silvia Etxandi. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Uharte
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Ekoizpen, esperimentazio eta ikerketa artistikorako gunea da Uharteko arte garaikideko zentroa (Nafarroa). Udan martxan da makineria guztia; ez da eteten artearen ekoizpen, esperimentazio edo ikerketa lana. Bigarren solairuan egoitzak daude, artistek proiektuak garatzeko egiten diren deialdi zehatzak. Uda honetan zortzi gazte ari dira lanean. Hirugarren pisuan, egonaldiak egiten dira: denbora luzeagoz, eta norbere eskariz. Orain, hamabi lagun daude modu horretan lanean.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin batera egindako deialdiari esker, Ana S. Holmes, Karmele Oteros, Carlota Vida eta Elvira Madrigal ari dira proiektuak garatzen. Hamar proiektu aurkeztu ziren osotara. Haiekin batera dago Gabriel Coca, gazteen artea ospitaleetara eramaten duen programarako lanean. Hirugarren egoitza Iruñea: hiria ekosistema gisa da, eta hiru gazte ari dira proiektua garatzen: Maider Garayo, Paula Toran eta Nahia Villanueva.

Abuztu hondarrean ateak zabaldu ditu Uharteko zentroak, hilabete lanean eman duten gazteek haien proiektuak azaldu ditzaten. Bigarren solairuan daude egoitzetan parte hartzen dutenak: nork bere mahaia, bere espazioa, baina denak areto berean. Espazioa partekatuta, egoitzek elkarren arteko solasa bultzatzen dute , eta proiektuek elkar aberasten dute.

Testu politikoei buruzko ikerketa kolaboratibo bat egiten ari da Oteros, generoaren gaia hartuta: Las sin parte (Parterik ez dutenak). Hiru testutatik abiatuta ari da, testuak irakurriz eta beste batzuen ekarpenak jasoz. Oraindik ez daki zein izanen den bukaerako formatua, baina argitalpen bat egin nahi du. Hernandez dantzaria da: «Fisika kuantikotik eta zulo beltzetatik abiatu naiz. Espazioa distortsionatuz, dimentsio berrietara iritsi edo sortu nahi ditut». Bideoa eta ahotsa erabiltzen ditu lanean, eta hogei minutuko obra eszeniko bat du helburu.

Vidaren proiektuak gazteak ditu hizpide. Gaur egungo gazteen kezkak mahai gainean jarri nahi ditu, eta «Trantsizio garaiko» gazteen arazo sozialekin alderatu. «Borroka oihu bat izatea nahi dut, pertsonala politikotzat hartzearen aldeko aldarria», azaldu du artistak. «Belaunaldia horretan orokorra den etsipenaren adierazpena da. Izan ere, gehien hezitako belaunaldia gara, baina aukera gutxien duena».

Holmes elementu oso ezberdinak bilduko dituen instalazio bat sortzen ari da: kalean aurkitutako gauzak, koadroak, berak sortutako bideoak, argazkiak, fanzineak... «Jendea espazio horretan gustura egotea nahi dut, eta edertasuna ikus dezatela, edo nahi dutena». Elementuen artean aulkiak daude, eta taka-taka eta kulunkaulki bana, besteak beste. «Gustatzen zaidan edozein objektu eraldatu, eta hor sartuko dut».

Baso baten murala prestatzen ari da Coca, Nafarroako ospitalerako. Sarrerako pasabidean paratuko dute. «Basoak on egiten digu: lasaitzen gaitu, eta ongizatea eskaintzen. Hori ospitalera eraman nahi dut, hori baita han daudenek behar dutena».

Egonaldi luzeagoak

Hirugarren solairutik begira dituzte zentroan denbora gehiago ematen duten artistak. Han daude egonaldietan parte hartzen dutenak. Orain hamabi dira, baina bisitaren egunean Nagore Amenabarro, Nati Garbaio eta Silvia Etxandi besterik ez daude. Lehenbizikoa espraiarekin lanean, doktoretza tesiko ikerketarekin bigarrena, eta paradisura gerturatzeko zuhaitzen koadro handiak egiten hirugarrena.

Artistek lan egiteko tokia da zentroa, eta han ari direnek begi onez ikusi dute hori. «Aukera mundiala da; espazioa oso ondo dago. Eskaintzen dituen baliabideekin udan lasai egon naiz lanean, eta aurkitu dut nire txokoa hemen», azaldu du Amenabarrok. Gazteak ere kontent dira eman dieten aukerarekin. «Artearentzat horrelako espazioak beharrezkoak dira, aukera gutxi izaten baitugu, eta bide zaila izaten baita», ohartarazi du Vidak.

Datuak emateko aprobetxatu du zentroak. Iaz, 165 lagunek egin zuten egoitzan aritzeko eskaera, eta 119k izan zuten aukera. Egonaldiei dagokienez, 59 eskari izan ziren: denbora baterako 28, eta puntualak, 26. Nerea de Diego zuzendaritza taldeko kideak azaldu duenez, egonaldietan nafarrak izaten dira nagusi, artistei tokia baizik ez baitzaie eskaintzen. Baina jatorria ez da inola ere baldintza: «Doan eskaintzen dugu gune hau, eta urte osoan egin daiteke eskaria». Artistek badituzte laborategiak ere, erabiltzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.