Artearen lekuak. Arte A2 galeria

Kristalaz bestaldeko artea

Arte galeria, estudioa eta markoa jartzeko lana dira Arte A2ren osagaiak. Proposamen «freskoak» eskaintzea dute helburu. Eta bisitariak erakusleihotik harago murgiltzea.

Zizur Nagusiko Arte A2 galerian Montse Bordaren margolanak daude ikusgai, Caosmosis izeneko erakusketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Zizur Nagusia
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Sarrera portxe baten azpian izatea ez da mesedegarriena zure helburua zerbait erakustea bada; horren jakitun, ate zabala jarri zioten lokalari, kristalezkoa, gardena, eta baita erakusleiho handi bat ere. Eta kartel bat: Arte A2 galeria. Pintura estudioa. Markoztatzea. Argi eta garbi. Badira, ordea, paretik igarota leihoan jarritako margolanei erreparatzen ez dietenak. «Inguruko bizilagun askok itxialdiaren ondoren jakin zuten hau existitzen zela».

Ana Isabel Alvarez Garciarenak dira hitzak. Espazioaren jabea da; jabeetako bat, bi baitira, Alvarez bera eta Alfredo Irigoien, galeriaren izenak iradokitzen duen moduan: Arte A2. Zizur Nagusian (Nafarroa) kokatuta dago espazioa. Garrantzia ematen diote gardentasunari, irisgarritasunari; premiazkotzat jotzen dute kaletik ikustea zer dagoen barruan, eta sarbidea erraza izatea. «Ikusleak egin behar badu urratsa espaziora igarotzeko, hori arazo bat da».

Arte A2n ez da korridorerik ez eskailerarik gainditu behar erakusketak bisitatzeko. Ate handia zeharkatu, besterik ez. Barruko eremua txikia da, ez ditu izango berrogei metro koadro baino gehiago. Pareta zuri-zuriek koadro zuri-beltzak dituzte zintzilik. Gehienetan giza gorputzeko atalak daude irudikaturik: buruak, begiak, bular bat, aho bat...

Montse Bordaren lanak dira. Artista iruindarrak asteburuetan fabrika bateko makinak garbitzen lan egiten du, eta han ikusten duen material bat pigmentu gisa baliatzen du artelanetan: koipe industriala. «Koipea margo bihurtzeko prozesuak pazientzia handia eskatzen dio, oliotik bereizi behar baitu», azaldu du arduradunak. «Koadroetan buruaren kontzeptua jorratu du: forma fisiko gisa hartuta, batetik; eta emozioen edukiontzi gisa, bestetik». Erakusketak Caosmosis du izenburu.

Erakusketak antolatzerakoan Iruñe inguruko «artista ezagunenen zirkuitutik» kanpo mugitu ohi dira Alvarez eta Irigoien, berritasuna bilatuz, «freskotasuna». Edozergatik erakargarriak egiten zaizkien artistengana jotzen dute. «Kalitatea duten artistak izaten dira, ongi lan egiten dutenak». Iaz Pablo Otxoa de Olza izan zuten, eta haren lehen erakusketa izan zen Iruñerrian.

Artista bakoitzarekin izaten duten hartu-emana da gehien maite dutena. «Gure artean sortzen den kontaktu estua: haren tailerra bisitatzea, obra bertatik bertara ikustea, baloratzea nola ekar dezakegun hona, nola funtziona dezakeen...». «Atsegina» dela dio: «Horrek bultzatzen zaitu harekin lanean jarraitzera».

Bordaren lanak abuztu amaierara arte egongo dira ikusgai; bitartean, datorren denboraldia prestatzen ari dira. «Otsailean beti nafar artisten talde bat ekartzen dugu; eta abenduan ere erakusketa kolektibo bat antolatzen dugu, formatu txikikoa». Bitartean, «ikertzen eta bilatzen» ibiltzen dira, «jolasean», gai eta estilo ezberdinak tartekatzeko. «Ez dugu jendea aspertu nahi».

Irauteko moduak

Neskatila bat dabil Bordaren margolanei so, adi-adi, lotsa puntu batez. Ez dago kasualitatez han: Alvarez pintura irakaslea izan du. Izan ere, Arte A2n ez dituzte soilik erakusketak antolatzen: pintura estudioa ere badute, pareta zurietako baten bestaldean. Bi espazioek kontrastea egiten dute: argitsua da bata, iluna bestea; batean espazio hutsak daude, besteak ez du hustasunerako tokirik.

Preseski, tailerra izan zen galeriaren abiapuntua; eskolak ematen aritu ziren hainbat urtez, duela hamalau galeria zabaldu zuten arte. Baina artea erakustea eta saltzea ez da aski aurrera egiteko; ez, behintzat, Nafarroan; ez, behintzat, Alvarezen bizipenen arabera. «Baliteke horretarako aukera izatea, baina nire esperientzia da beste zerbait behar dela, edozer». Horregatik, duela hiru urtetik markoa jartzeko lana ere egiten dute. «Aukerak izatea da kontua».

Ez da kasu bakana Arte A2rena: oro har da makala Nafarroako arte galerien osasuna. Galerien kopurua amildu da azken urteetan: «Gu hasi ginenean, eztanda moduko bat gertatu zen: kultur espazio berritzaileak sortzen ziren nonahi. Bazen kopurua, nolabait esateko. Baina, orain, dena desagertu da: bost galeria gara Nafarroa osoan».

Galeriak zer diren eta galerietan zer egiten den ez dakien jende asko dagoela uste du Alvarezek; ezjakintasuna dagoela; erreparoa. «Batzuetan, norbaitek esaten dizu erakusketa bat ikusten izan dela hemen. Baina zuk ez duzu bera ikusi. Zein da kontua? Kaletik erakusleihoari begiratu, eta kito, alde egiten dutela. Baina erakusketa barruan dago». Kristalaz bestaldean.

Azkenaldiko testuinguruak ez du egoera samurtu. Aretoaren eta tailerraren edukierak murriztu behar izan dituzte, eta lanorduak ugaritu. Dena ez da txarra izan, ordea. «Badirudi garai honetan jendeak aztertu duela zer duen etxean, zein den bere etxearen itxura... Horrek mugimendua sortu du». Gauza asko etenda egon direnean, joan dira batzuk haiek ezagutzera. Kristalaz bestaldeko artea bisitatzera.

ARTE A2 GALERIA
Irekiera urtea. 2007.
Lekua. Idoia kalea, 9, Zizur Nagusia, Nafarroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.