Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Ospitalearen 'backstage'-etik

Goizalde Landabaso-Etxeberrik 'Krakovia' plazaratu du, Ereinekin; lehen nobela du. Izterreko zauri sakon bat sendatu bitartean erietxean den pertsonaia du ardatz liburuak
Goizalde Landabaso-Etxeberri idazlea, atzo, Donostiako Udal Liburutegian, <em>Krakovia</em> bere lehen eleberria aurkeztu berritan.
Goizalde Landabaso-Etxeberri idazlea, atzo, Donostiako Udal Liburutegian, Krakovia bere lehen eleberria aurkeztu berritan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko azaroak 25 - Donostia

Igandea da, baina izan zitekeen beste edozein egun. Badira gizakia bataren edo bestearen erritmotik gabetzen duten lekuak. «Ezlekuak», Goizalde Landabaso-Etxeberriren (Bilbo, 1970) hitzetan. Horietako batean jarri du arreta idazleak bere estreinako eleberrian, Krakovia-n. Ospitalean agertuko da protagonista, 15 metro koadroko gela batean, oso ongi ulertu ezinik nola heldu den horra, zer egin behar lukeen orain. Handik hautemango du mundua; aurrera doan mundua, baina beretzat gelditu egin dena, «izoztu». Jasoko ditu gertukoen bisitak, eramango dizkiote jaki goxoak, loreak, baina bakarrik sentituko da, hala ere, eta «espero gabeko aliatuak» topatuko ditu orduan. «Ataka horretan aurrera egingo du, eta humanoago ere uste dut egingo duela egonaldiak. Leku oso ona da hura ikusteko zer den mundua benetan, eta zer den gizakia. Gure bizitza bizkor hauetan, askotan ez dugu ikusten zer gertatzen ari den eta zer gauza gutxi garen, zer zaurgarri, eta zenbat behar dugun bestea bizirik irauteko», aurreratu du egileak. «Bakarrik sartuko da [ospitalean], eta kolektiboaren jabe egingo da».

Duela hamar urte Landabasori berari gertatutako pasadizo bat du oinarrian eleberriko istorioak. «Kostatu zitzaidan gertatutakoaren liseriketa egitea», onartu du, «hamar urte behar izan ditut hau dena ordenatzeko». Kontatzeko, berriz, «unibertso paralelo bat» eraiki duela aipatu du, zeinetan berari pasatu zitzaizkionak eta ez zitzaizkionak gurutzatu dituen, berak hartu zituen zenbait erabaki, baina baita hartu ez zituenak ere. «Oso biluzik agertzen den pertsonaia bat da; biluzik agertzen dena bere beldurretan, bere minetan, bere itxaropenetan; bere identitatean, azkenean».

Bere orduko portaerarekin alderatuz, adore handiagoa antzematen du orain pertsonaiarengan: «Esango nuke protagonista ni baino ausartagoa izan dela, baina denboraren eta literaturaren ahalbideek ere errazten dute ausardia hori sortzea».

Emakumezkoa da pertsonaia zentral hori —hark kontatzen du istorioa, lehen pertsonan—, idazlearen adin bueltakoa da, autorearen lanbide bera du —Landabaso kazetaria da ofizioz—, eta idatzi ere egiten du. Izterrean hamabost zentimetro luze eta lau zentimetro sakon dituen zauri batekin helduko da ospitalera, eta, horren «krak-az» jabeturik, protagonistaren barne solasaren bidez soilik ez, haren gorputzaren bitartez ere saiatu da kontatzen Landabaso: «Saiatu naiz gorputzak ere kontatu dezan berak pairatutako errealitatea. Uste dut min hori ere ikusi eta sentitu daitekeela testuan; hori izan da asmoa».

Izan ere, idazleak uste du oinazea protagonistarekin partekatzen duela. Berak nozitu zuen mina «kontzienteki ahaztuta» duen arren, badaki mina hor egon zela: «Badut orban zabal bat gogorarazten didana».

Azpimarratu du min hori esplizitatzeko gogoa izan duela testuan, unean bertan hitzetara nekez ekarri ohi den alderdi bat delakoan: «Bisitan datorrenak ez du ikusten ospitalearen backstage-ean dagoen dena. Badirudi mina bihurtzen dela ospitaleko beharginen eta hor daudenen arteko sekretu bat. Liburuko protagonistak ere ez die adierazten bisitan joaten zaizkionei zer-nolako mina duen, eta haiek ere ez dute ikusten minez, baina mina pairatzen du, izugarria. Zauri bat du haragi bizian; besteak beste, garbitu egin behar da, eta garbiketak sufrikarioa dira».

«Beldurraren kortesiaz»

Nolanahi ere, oinazea eta noraeza erakusteko, umorera jo nahi izan du idazleak, eta horixe azpimarratu du Inazio Mujika Ereineko editoreak ere, hori delakoan liburuaren ezaugarri nabarmenetako bat. Mujika: «Halakoetan askotan esaten da: 'Umorea dago, baina txisterik ez'. Ba, liburu honetan bai, txisteak ere badaude». Horrek batzuetan irribarrea, besteetan barrea eragingo dio irakurleari, haren ustetan, baita ezinegona ere. «Petralkeria guztien gainetik, elkartasunaren beharra ikusaraziko du».

Gogora ekarri du, halaber, Landabasoren aurreneko liburuan ere, Korte bat, mesedez (2000) lanean elkarrekin aurkeztu zuten hura ere, bazela umorerik. Tonu hura «abandonatua» zuela esan du idazleak, eta modu kontzientean berreskuratu nahi izan duela oraingoan: «Iruditzen zait bide oso ona dela gauza batzuk bestela kontatzeko; baimendu egiten zaiolako beste genero batzuek dituzten mugak pasatzea. Umore beltza erabili dut, horrek irensgarriago egiten dituelakoan pertsonaiak bizi behar dituenak».

Boris Vianek «beldurraren kortesiatzat» definitu zuen umorea; Landabasok bere egin du ideia, eta eleberriaren sakonean beldur asko ere badagoela erantsi. Horien artean gailen, heriotzarekiko izua. «Hor dagoen zerbait da, airean. Beharbada urte askorekin hurbil ikusten duzu, baina asko ere ez dituzunean, ez duzu pentsatzen hainbeste. Aldiz, hainbat egunez izoztuta zaudenean, isiltasunean, denbora asko daukazu, eta heriotzaz ere pentsatzen duzu. Protagonistari askotan pasatzen zaio lotara doala eta ez dakiela hurrengo goizik egongo den». Liburutik irakurri du: «Bero egiten du hor kanpoan, eta leihoa zabalik utzi du. Herioa heldu behar bada, sar dadila kristala apurtu barik».

Jaione Dagdrommerrek egin dio azala liburuari, eta izenburuari dagokiona albait irekien utzi du idazleak: «Bakarrik esango dut helduleku bat dela ospitalean den horrentzat».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara

 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera

 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Arte unitate minimoa

Iñigo Astiz

Maria Helena Vieira da Silva artistaren hamabi artelan ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko FIG azokarekin elkarlanean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.