Sortzaile kitzikari nekaezina

John Zornen Bagatelles maratoiak hamalau talde eta 50 konposizio entzuteko aukera emango du. Bihar eta etzi izango dira emanaldiak, bi saiotan banatu baitu maratoia
John Zorn musikari estatubatuarra, artxiboko argazki batean; Manhattanen bizi da aspalditik artista, etenik gabeko lanari emanda.
John Zorn musikari estatubatuarra, artxiboko argazki batean; Manhattanen bizi da aspalditik artista, etenik gabeko lanari emanda. BERRIA

Antton Iturbe -

2019ko uztailak 26
John Zornek (New York, 1953) zera zioen bere 60. urtebetetzearen inguruan antolatutako kontzertuen harira egindako elkarrizketa batean: «Garbi daukat hiltzen naizen arte ez dela guztiz ulertuko egin dudana. Iritziak eta gogoetak egiteko garaian, zaleak eta kritikariak erosoago sentitzen dira artista hilda dagoenean. Era horretan, badakite artistak beraien epaia ezeztatuko duen ezer ez duela egingo inoiz». 1970eko hamarkadan lehen konposizioak argitaratzen hasi zenetik, John Zorni buruz milaka iruzkin, artikulu eta dokumental egin izan diren arren, oso artista gutxiri dagozkie berari baino hobeto hitz horiek. Ezinezkoa baita haren ondare musikal guztia barneratzea eta haren hurrengo pausoa zein izango den aurrez esatea. Musika klasikotik hardcorera, filmetako musiketatik free jazzera, antzinako judu-doinu herrikoietatik musika elektronikora. Jonh Zornek jorratu ez duen musika estilorik ez dago, ezta ausardiaz eta irudimenez elkarrekin nahastu ez dituen estilorik ere.

Bihar eta etzi, artistaren ibilbide txundigarri horren beste kapitulu batez gozatzeko aukera izango da Donostiako jazzaldian, Bagatelles izeneko maratoi moduko bi saiotan. Zornen beraren esanetan, Bagatelles «musika atonalean oinarritutako konposizioa» bilduma da. «Hirurehun piezak osatzen dute. Hiru hilabetean idatzi nituen, eta pixkanaka zuzenean aurkeztu beharreko proiektu bat zela ohartu nintzen. Bilduma osoa jo ahal izateko hogeita bi talde gonbidatuko ditut, eta bakoitza ordu erdiz arituko da gutxi gorabehera».

Donostiakoa bertsioa mugatua izango da, baina, hala ere, hamalau talde eta 50 konposizio entzuteko aukera izango da. Horixe da aurrez esan daitekeen guztia, John Zornen konposiziorako eta elkarlanerako teknikek inprobisazio eta jokurako eremu zabalak irekitzen baitituzte. «Inprobisazio musikari bat kitzikatu nahi baduzu, ezin dizkiozu xehetasun eta argibide guztiak finkatuta eman. Nire buruan Bagatelles pieza horien eta, esaterako, Berlin hiriko paisai urbanoaren artean alderik ez dago. Biak melodiak dira. Inprobisatzaile edo jazz musikari batek melodia hori hartu eta bere erara landu eta adieraziko du. Horixe da Bagatelles...», dio aurkezpen moduan egin duen bideoan.

Argi eta garbi edo ezin misteriotsuago, bakoitzaren irudimena da muga bakarra. Ekitaldian parte hartu izan duten musikariek esandakoek ere misterioa eta erakargarritasuna areagotzen dute. «Bagatelles honen bitartez, izaki bizidun bat eman digu Johnek», esan du Marty Ehrlichek. Jim Black bateria jotzaileak kontatu du super heroi batekin lan egitera zihoan ume baten antzera sentitu zela, eta Mary Halvorson gitarra jotzaile handiak jotzen hasi zenetik bukaeraraino prozesu osoa ikaragarrizko intentsitatez eta energiaz bizi izan zuela gogoratu du. Beharbada, eta erdi txantxetan bada ere, Brian Marsella piano jotzailea da ikuspunturik zorrotzena ematen duena: «Musika eskola klasikoetan, klasikoa jazz musikari baten moduan jotzen nuela esaten zidaten, eta eskola modernoetan, berriz, jazza musikari klasikoen erara jotzen nuela. Beraz, John Zornek pieza hauek niretzat idazteko zain egon naiz nire bizitza guzian [kar-kar]».

Hala baita. Zorn mugan bizi izan da beti, estiloen arteko mugan, konbentzio eta erregela guztien mugan, entzulegoaren pazientzia, jasangarritasun eta lilura handienaren arteko mugan, baita bideragarritasun ekonomiko eta osasun mentalaren mugan ere. Baina aurrera atera da beti, bere erara, bere kasa, eta izugarrizko eragina izan eta izango duen lana uzten ari da.

Ezinezkoa da lerro gutxi batzuetan ibilbide horren nondik norako guztiak ematea, eta lan handia eskatzen du bere izenean argitaratu dituen disko guztiak entzun eta ezagutzeak ere. Zaleek, ordea, haren izaera, jarrera, pentsamoldea eta inguruko artistengan eta entzuleengan eragiten duen inspirazioa maite dute, eta horixe da haren katalogoko edozein izkinatara joanda ere, aurkitutakoa entzutea beti zirraragarri bilakarazten duena.

Askotakoriko elkarlanak

Zorn Manhattango apartamentu berean bizi da 1977tik, disko bilduma erraldoi batez inguratuta, etengabe eta obsesiboki lanean. Hiriko downtown musika eszena esperimentalaren sustatzaile nagusietakoa izan da tarte horretan, bai musikari gisa, baita Knitting Factory, Tonic eta antzeko kontzertu aretoetako nahiz Tzadik diskoetxeko kudeatzaile bezala ere. Era guztietako musikariekin aritu izan da elkarlanean, eta zuzenean aritzeko edo diskoak grabatzeko ahalbideak eman dizkie, eta beti (edo ia beti), izugarrizko lan etika eta eraginkortasunari esker, dirurik ez galtzeko eta modu duin batean ordaindu ahal izateko gai izan da.

Bide horretan, hamaika dira goraipatzeko moduko grabaketak, baina sarrerako ateren baten bila dabilenarentzat, agian, The Big Gundown (Enni oMorriconeri eskainia, eta Enniok berak oso preziatua duena) eta Spillane lanak, Naked City eta Painkiller taldeak, Masada Quartetekin grabatutako zuzenekoak eta Duchamp, Margerite Duras, Antonin Arraud eta beste hainbat gogoko artistei eskaini dizkien ganberarako konposizio klasikoen seriea nabarmendu daitezke. Edozein eratara eta edozein lekutatik hasita ere, goxo ala mingarri, joku batean bezala, mugak, musikarenak eta norberarenak, bultzatzea eta apurtzea da beti gakoa eta plazerra.

Laurie Anderson musikari ospetsuak behin esan zuen, Zornekin lan egin zuen lehen aldian, hark proposatutakoa inoiz entzundako gauzarik tentelena iruditu zitzaiola, baina behin probatutakoan, erabat aske sentitu zela, eta musikarekiko zuen ikuspegia betirako aldatu zitzaiola. Berarekin lan egitea esperientzia bizia eta neketsua izatea, eta, era berean, merezi duen zerbait dela sentiaraztea gustatzen zaio Zorni. Bihar eta etzi haren ondoan arituko diren Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron eta abar luzeak erabat ados izango dira seguru asko. Halaber, publikoaren esku egongo da beren buruak esperientziaren esku uztea eta esperientziak merezi izatea eragitea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Antton Iturbe

Informazio osagarria