Donostiako Zinemaldia

Franco, Sail Ofizialean berriro

2017an Urrezko Maskorra irabazi zuen zuzendariak 'Zeroville' erakutsiko du aurtengo ekitaldian. Inoiz Zinemaldian lehiatu ez diren sei zuzendariren lanak ere izango dira

Niclouxen Thalasso filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Miren Garate.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Jada Urrezko Maskorra irabazi duen zuzendari baten filma alde batetik: James Francoren Zeroville. Bestetik, berriz, orain arte Donostiako Zinemaldian lehian aritu gabeko sei zuzendariren lanak: Adilkhan Yerzhanoven A Dark-Dark Man, Ina Weisseren Das Vorspiel, Louise Archambaulten Il pleuvait des oiseaux, David Zonanaren Mano de obra, Gillaume Niclouxen Thalasso eta Jose Luis Torres Leivaren Vendrá la muerte y tendrá tus ojos. Pixkakana-pixkana joaten da antolakuntza Zinemaldiaren karteldegia osatuz, eta Urrezko Maskorraren lehian ariko diren zazpi pelikula horien izenak eman zituen atzo.

Orain bi urteko ekitaldian, Zinemaldiko sari nagusia irabazi zuen Francok, The Disaster Artist filmarekin. Beste film baten sorrerari buruzkoa zen lan hura, eta zinemaren arloan kokatu du Zeroville ere zuzendariak. Hain zuzen, literatur lan baten egokitzapena da, Steve Ericksonen izen bereko eleberriarena. Hollywoodeko giro aldakorrean gertatzen da istorioa, eta, Franco bera ez ezik, Megan Fox, Seth Rogen, Will Ferrell, Jacki Weaver eta Dave Franco dira aktoreak.

Francorena bezalaxe, izenburu bereko eleberri baten egokitzapena da Archambaulten Il pleuvait des oiseaux, Jocelyne Saucier idazlearen liburuarena, hain zuzen. Patu gurutzatuei buruzko kontakizun horrek erakutsi nahi du maitasunak ez duela adinik, eta bizitza ustekabean berritu daitekeela. Torres Leivak, berriz, Cesare Paveseren olerki baten izena jarri dio bere filmari: Vendrá la muerte y tendrá tus ojos. Bi emakumeren arteko maitasun harreman bat kontatzen du, haietako baten bizitzaren azkenetan. Amparo Noguerak eta Julieta Figueroak antzeztu dituzte pertsonaiak. Azken hori aurrez ere zuzendariarekin lan egindakoa da El cielo, la tierra y la lluvia (2008) eta Verano (2011) filmetan.

Eta literaturarekin badu lotura Niclouxen Thalasso-k ere. Aurreko pelikulan, L'Enlèvement de Michel Houellebecq izenekoan, zuzendariak kamera aurrean jarri zuen Michel Houellebecq idazlea, eta gauza bera egin du oraingoan ere. Bere burua antzeztuko du idazleak, eta Gerard Depardieu da beste aktore nagusia. Talasoterapia batean ezagutuko dute elkar, eta hango ohitura zorrotzetan irauten saiatuko dira, baina hainbat gertakarik hankaz gora jarriko dute zentroko errutina.

Zonanak aktore profesionalekin eta ez profesionalekin lan egin du Mano de obra izeneko bere lehen film luzean, laneko prekaritatea pairatzen duten eraikuntzako langile batzuen noraeza irudikatzeko. Yerzhanovek A Dark-DarkMan filma dakar Donostiara, Kazakhstango herrixka batean hildako haur baten heriotza ikertzen ari diren polizia baten eta kazetari baten istorioa kontatzen duena. Eta Weissek biolin irakasle bati buruzko Das Vorspiel lana. Ikasle batekin obsesionatuko da irakaslea, eta, azkenean, bere familiari baino kasu gehiago egingo dio.

Atzo iragarritako zazpi horiez gain, Sail Ofizialean ariko diren beste hiruren izenak ere jada esanak zituen Zinemaldiak. Horien artean dago Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileen La trinchera infinita. Bikote ezkonberri bat da protagonista, eta, 1936ko gerra pizten denean, gizonaren bizitza arrisku larrian dagoela ikusita, etxean gordeko da senarra, emaztearen laguntzarekin, denbora batean ezkutatuta egoteko. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdi batera kondenatuko dute bikotea.

Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra-k ere gerra hori bera du hizpide. Belen Funesek, berriz, bere lehen filmarekin lortu du Zinemaldiko Sail Ofizialean egotea. Sara da pelikulako protagonista, 22 urteko ama bat. Manuel aita espetxetik atera izanak hankaz gora jarriko du haren bizitza proiektua, eta erabaki latz bat hartu beharko du.

Bestalde, Zinemaldiak jakinarazi zuenez, Daniel Sanchez Arevaloren Diecisiete filmak lehiaketaz kanpo parte hartuko du, eta Sebastian Borenszteinen La odisea de los giles lanak emanaldi berezia izango du. Irailaren 20tik 28ra izango da aurtengo Zinemaldia, eta antolakuntzak hurrengo asteetan jakinaraziko ditu Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.