Albistea entzun

William Douglass. Antropologoa

«Testu antropologiko eta historiko oro fikzionatuta dago»

Azken bi mendeetan Australiarako bidea hartu duten euskal herritarrei buruzko ikerketa eta Julio Cesar Arana genozidari buruzkoa idatzi ditu, ingelesez. Gaur aurkeztuko ditu Donostian. Baita Joseba Sarrionandia adiskidearen poesia antologia elebiduna eta Javier Arzuaga apaizaren 'At Midnight' testigantza ere.
IñIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko urriak 10 - Iruñea

William Douglassek (Reno, AEB, 1939) sortu zuen egun Center for Basque Studies izenarekin ezagutzen den euskal gaien ikerketarako zentroa, Renon, Nevadako unibertsitatean. Hango zuzendari izan zen 1967tik 1997ra bitartean, eta, egun, bertako irakasle emeritua da. Zentro horren lau argitalpen aurkeztuko ditu gaur Koldo Mitxelena kulturunean, 11:00etan, Ruper Ordorika musikaria eta Mari Jose Olaziregi literatur aditua eta unibertsitate irakaslea lagun dituela.

Jon Bilbaorekin batera eman zenuen Amerikanuak: the Basques of the New World da zure lanik ezagunenetako bat. Orain, Australianuak: Basques in the Antipodes-ekin zatoz.

Planeta osoan zehar ibili naiz euskal emigranteen arrastoen atzetik. Australian ere pare bat urte egin nituen, landa lan antropologikoa egiten. 1980. urtea erabakigarria izan zen. Australia osoa zeharkatu nuen, eta iparraldeko bi herrixkatan bizi izan nintzen: Ingham eta Ayr. Azukre ekoizpenari lotuta zeuden herriok, eta euskal herritar komunitate bana zeukaten. Gero, beste hainbat gunetara joan nintzen, euskaldunen atzetik beti. Grabaketa haien zintak denborak desegin ditu dagoeneko. Duela 200 urtetik hona Euskal Herritik Australiara emigratu zutenen ibilbidea aztertzen du liburuak. Nire ustez, Malaspina espedizioko [1789-1794] eskifaian heldu ziren lehenak.

Eta gero?

XIX. mendean, urrearen sukarrak hartaratuta joan ziren beste batzuk, beste batzuk Kaliforniara joan ziren garai berean. XIX. mende amaieran, Melbourneko eta Sydneyko portuetan ere bazeuden euskaldun kolonia txiki bana.

Kanabera moztaile komunitatea da aipatuena zure liburuan, hala ere.

Benetako kolektibitate baten hasiera XX. mendeko lehen hamarkadan ezar daitekeelako, euskaldun batzuk Queensland iparraldeko azukre ekoizpen gune haietan ezarri zirenean, kanabera mozten. Katalanek erakarrita heldu ziren hara. Italiarra zen mundu hura, batez ere, eta hara joandako euskaldun askok —nire informatzaile gehienak barne— hobeto ikasi zuen italiera ingelesa baino.

Joan den mende erdialdetik aurrera, berriz, Espainiako Gobernu frankistak eta Australiako Gobernuak egindako tratua dela medio, bost deialdi handi egin zituzten antipodetara langileak bidaltzeko, eta bost horietako hiru Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako biztanleei begira egin zituzten. Hala, ia 400 euskal herritar Australiara heldu ziren deialdion bitartez. Gehienak iparraldera joan ziren, kanabera moztera, bi urteko kontratuarekin.

Zehazki, zein baldintzatan aritu ziren lanean Australian?

Ondo ordaindutako lana zen, baina gogorra. Nomadismo moduko bat ere sortu zen langile haien artean. Jornaleroak ziren. Kanabera mozketa bospasei hilabeteko lana zen, eta, bukatutakoan, batera eta bestera ibiltzen ziren, tabako, mahats, tomate uztaren arabera. Ironikoa da, kanabera moztera joateko deialdiak ugaldu zirenean hasi zen desagertzen lanbidea, 1960ko urteetan bizkortu zen mekanizazioarekin. Lan galera horren aurrean garatu zituzten estrategiak aztertzen saiatu naiz. Ia denek eutsi zioten sorterriarekiko harremanari.

Australiakoa ez da hemen aurkeztuko duzun lan bakarra, hala ere. Arana ere idatzi duzu.

Nik ez nuen Julio Cesar Arana ezagutzen. [Joseba Sarrionandia] Sarrik bidali ninduen Habanako Casa de las Americasko liburutegira, Amazonian genozidioa egitea leporatu zioten euskal-perutar baten inguruko artikulu bat irakurri behar nuela esanda. Joan nintzen, bada, eta liluratu egin ninduen. Indigenen esklabo lana erabiliz, eta haietako milakaren heriotza eraginez, inperio ekonomikoa eraiki zuen gizon hark Putumayon bildutako kautxuarekin. Sarrik aholkatutako artikulu hartatik tiraka hasi, eta horren emaitza da Arana.

Diasporako ekintzaile euskaldun zintzo eta jatorren ideia zartatzen du Aranak.

Egizu kontu ingelesek Deabru deitu ziotela; eta ez zegoen inolako ironiarik goitizen horretan. Hark, berriz, ez zuen bere burua ez deabrutzat, ez kriminaltzat jotzen. Brasilgo, Kolonbiako, Ekuadorko, Boliviako eta beste herrialdeetako beste kautxeroek bezala jokatu zuen, eta ez zen okerrenetakoa izan. Pobrezian hil zen, ahantzia erabat.

2015ean jada Arana aipatu zenuen elkarrizketa batean.

Ni beti ari naiz hiruzpalau liburu lantzen. Bi hilabete egiten ditut honetan; utzi egiten dut gero; handik puska batera atzera bueltatzen naiz... Horrek ikuspegia zabaltzen dit. Aranarekin, beraz, ez naiz aritu jarraian. Orain artean egin ditudan liburu gehienen bestelakoa da, bigarren eskuko iturrietatik edan dudalako. Ez dut landa lanik egin Perun, antropologo gisa. Ezin nintzen Putumayora joan, FARCek erabat kontrolatuta zegoelako, eta estatubatuar bisarekin hara joatea erokeria litzatekeelako. Ahal izan dudan guztia irakurri dut hari buruz, beraz. Eta bada zer irakurria. Hainbeste, ezen Aranari buruz ezer esatea beharrezkoa ote den ere galdetzen baitut nire liburuan. Hor dago, esaterako, Mario Vargas Llosaren El sueño del celta liburua. Aranaren etsai Roger Casement da horko protagonista, eta Aranaz ere ari da, fikzio ukituekin.

Zuk ez duzu fikzionatu.

Ez, baina narratiba oro, testu antropologiko eta historiko oro, fikzionatuta dago, egilearen, ikerlariaren ikuspegitik idatzia dagoen heinean. Hori sinestera iritsi naiz. Ez dut objektibotasun erabateko edo zientifikoan sinesten. Inor ez gatoz ezerezetik.

Javier Arzuaga (Oñati, Gipuzkoa, 1928 - Cumming, AEB, 2017) apaizak La Cabaña presondegikoez idatzitako testigantzaren ingelesezko bertsioa ere egin duzue: At midnight. Hori ere Sarrionandiaren bitartez etorri ote da?

Bada, bai! Antikastristek Miamin argitaratu zuten Arzuagaren eskuizkribuaren lehen bertsio bat, Kubako erregimenaren aurkako ekintza gisa. Arzuagari ez zitzaion batere gustatu, Kubako Iraultzaren miresle handia zelako neurri batean. Hiltzera kondenatutako Batista diktadorearen aldeko 55 pertsona —euretako askok eskuak odolez zikinduak zituzten— kontsolatu behar izan zituen hil hurrean. Noiz eta zalantzaz beteta zegoenean, bai Elizari buruz, bai fedeari buruz. Ia sinesten ez zituen gauzak sinetsarazi behar zizkien kondenatuei, azken batean, eta horrek asko erasan zion, bere onetik ateratzeraino. Sekula irakurri dudan testurik durduzagarrienetako bat izan da. Sarrik edizio berri bat egin behar zitzaiola zioen, eta halaxe etorri da.

Euskal Herritik alde egindako euskaldunekiko pasioak batu ote zaituzte biok?

Bai. Asko. Vascos en Cuba. Euskal Herria mugaz gaindi kongresua antolatzen aritu ginen elkarrekin, esaterako, 2015ean. Nik bezainbeste lan egin zuen hark hura antolatzen, baina ez zuen nahi, inolaz ere, publikoki agertu. Horretan eta beste gauza askotan izan dut lankide.

Eta adiskide eta lankidearen poesiaren antologia ere prestatu duzu: Prisons and Exiles.

Nik banekien poesia horiek ingelesez eman gabe zeudela, eta badakit Sarrik ia oroz gain poetatzat duela bere burua. Gauza asko idatzi du, jakina, poesiaz gain. Hainbeste pseudonimo erabili du, ez dakit haren lan guztien berri ba ote dudan ere. Bera ere ez da, akaso, bere ezizen guztiez gogoratuko. Nik adarra jo ohi diot, ea nor den gogoan ote duen galdetuta [barreak]. Baina, harira bueltatuz, poetatzat du bere burua beti; poesia idazteari ez dio utzi. Moroak gara behelaino artean? itzultzen ez nuen ikusten neure burua. Eta, azkenean, literaturaren historiako hitzaurrerik laburrena argitaratu dut lan horretan [algara].

Hitzaurrea laburra da, hitzatzerako utzi duzulako Sarrionandiaren biografia.

Bada, Sarrik hitzatze hori osorik kendu nahi zuen, eta, azkenean, baimena eman zidan, baina baldintza ezarrita: liburu bukaeran behar zuen biografiak, eta irakurleari jakinarazi behar nion poetak nahiago duela inork ez irakurtzea. Ni tematu egin nintzen argitaratzen, baina estatubatuarrek ez dutelako hainbeste ezagutzen. Bion arteko tratuaren emaitza da liburuan ageri dena.

Poetaren tortura egunak esplizituki kontatzen dituzu.

Bai. Zalantza izan nuen torture hitza izenburuan sartu ala ez, baina Sarrik berak ez zuen nahi. Horregatik geratu da erbestearen eta espetxeen aipamenean. Agerikoa da torturak arrastoa utzi diola.

Gaia aldatuz, Bilbon egin duten euskal diasporari buruzko kongresuan izan zara joan den astean. Joera berririk sumatu al duzu aurtengo biltzarrean?

Oraingoan gehiago hitz egin da diaspora berriari buruz. Shanghaira, Sydneyra, New Yorkera eta bestera doazen ikasle eta profesional gazteek osatzen dute diaspora hori. Australianoak-en ere hitz egiten dut horri buruz.

Emigrante izateak ez gaitu beste emigranteekiko aurrejuzguetatik libratzen, ala?

Ez. Nire beste ikerketa ildo garrantzitsu bat italiarrek munduan zehar egindako migrazioena da. Urtebeteko landa lana egin nuen Italia hegoaldean, Moliseko Agnone herrian. Hango ohorezko herritar izendatu ninduten iaz, eta hala esan nien entzuleei izendapen hitzaldian: «Joan den mende erdialdean Irlandatik ihes egin zutenen ondorengoa naiz, eta AEBetara sartu zirenean, oso gaizki ikusiak izan ziren. Zuen arbasoak ere, AEBetara, Argentinara, Australiara, Europa osora zabaldu zirenean, gaizki ikusiak izan ziren. Herrialde horiek guztiek gure arbasoei ateak itxi izan balizkiete, nor ginateke orain?».

AEBetan ere, bada, Italian bezala, ateak itxi zaleak badira.

Hala da. Trumpek zirkuko lehoitzat du bere burua, eta besteok pailazotzat hartzen dugu. Ez zaio batere inporta ez etorkin ilegalen kontua ez ezer. Boterea eskuratzeko tresna gisa besterik ez darabiltza gai horiek. Laster bukatuko da dena, ikusiko dugu nola. Hordagoa jota dago. Presidente izateari utziko dionean, hamar epaiketa izango ditu gutxienez zain.

Ez zara baikor?

Tira, ez dakit. Oraintxe bertan daukagun panorama politikoa ez zait interesatzen. Ez ditut gogoko ez errepublikanoak, ez demokratak, azken horiek ere ez direlako bereziki aurrerakoiak. Horrekin ez dut esan nahi apolitikoa naizenik, jakina. 80 urte betetzear naiz; politikariek ezin didate ezer kendu. Bizitza memoria bilduma bat bihurtua zaizun tenorera iritsia naiz, eta ezin dizkidate bizipenak ebatsi. Betea izan da oso nire bizitza, ez naiz damu ezertaz. Bueno, hiru aldiz egon naiz ezkondua, eta baliteke emazteek beste bertsio bat ematea [algaraka].

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

KANTATUKO DIREN HITZAK SORTZEA

KANTATUKO DIREN HITZAK SORTZEA

Aitor Biain

Musikari askok bilakatzen dituzte kantu beste sortzaile batzuek idatzitako hitzak. Enkarguz egin ohi dituzte gehienetan, doinua eta gaia aurrez emanda, baina baita aurretik idatzitako testuak erabilita ere. Entzulearentzat sarri ezezaguna izan ohi den langintza da, ordea, kanta idazlearena.

Camen Martin Gaite idazlea, 1995. urtean. ©BERRIA

Solas betea

Joannes Jauregi

XX. mendeko idazle nagusietako bat izan zen Carmen Martin Gaite espainiar letretan. Pentsamendua muturreraino atzeman nahi izan zuen, eta ahozkotasuna ere idatzira ekarri.

Irati Jimenez idazleak iaz plazaratu zuen <em>Begiak zabalduko zaizkizue</em> saiakera. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Los Angeleseko bere etxean grabatu du disko berria Sharon van Ettenek. ©TORBEN CHRISTENSEN / EFE

Trauma baten aringarri

Mikel Lizarralde

Pandemia bete-betean eta hark eraginda sortu ditu Sharon van Etten kantari estatubatuarrak 'We've Been Going About This All Wrong' bere seigarren diskoko hamar kantuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...