Joana Olasagasti. Dantzaria

«Dantzan segitu nahi dut, baina denera mugi naiteke»

Bartzelonatik Euskal Herrira itzuli eta hainbat proiektutan dabil, orain, Joana Olasagasti dantzaria. Gaur, 'Amour(s)' ikusgarrian ariko da Miarritzeko koliseoan.
BOB EDME / BERRIA

Joana Ibargarai -

2019ko azaroak 2
«Batzuek Paris hautatzen dute, besteek Bartzelona; nik Euskal Herrira itzultzea hautatu dut eskasa sentitzen nuelako. Orain hemen dut nire etxea, nire sarea, nire bizia; beti behar da puntu finko bat, eta nik hemen dut nirea».

Joana Olasagasti 7 urterekin hasi zen dantzan Ziburuko elkarte batean (Lapurdi) eta geroztik sekulan ez da gelditu, gehien-gehienik dantza modernoa landuz. Euskal ikasketak Baionan eginik, 22 urterekin Bartzelonara joan zen, dantza ikasketen egiteko. Varium eskolara sartu eta han egona da hiru urtez. «Diotenez, pixka bat berandu da 22 urterekin hastea... Baina azkenean badira ibilbide ezberdinak, eta horretan murgildua zarelarik, ohartzen zara badela denetarik». Lehenengo bi urteetan dantza garaikidea, klasikoa, modernoa eta hip hopa landu ditu. Hirugarrenean, pedagogia. Beste proiektu batzuetan parte hartu zuen Katalunian, antzerkia eta dantza nahasiz. Madrilen, Berlinen eta Parisen ere ibili da, Europan «dantza mundua zertan zen» ohartzeko, eta zein «aukera» izan zezakeen ikusteko. «Garaian ez nuen Euskal Herrira itzultzeko gogorik; beraz, ari nintzen ea non ibiliko nintzen».

Kabaretak irekiriko bideak

2016ko maiatzean Euskal Herrira itzuli zen, eta bi hilabeteren buruan Mike Angels kabareteko koreografoa ezagutu. Haren ezagutza egin, eta kabaretean ari da dantzan orduz geroztik. «Ez nuen batere onartzen, baina betidanik maite nituen dirdirak eta lumak». Hala, «xantza handia» ukan duela uste du Olasagastik, «pertsona onak» ezagutu dituelako «behar zen momentuan».

Kabaretari esker sartu da intermitentzian, eta «esperientzia bikaina» dela uste du Olasagastik. Alta, «zinez biziki gauza berezia» dela aitortu du. «Hasieran biziki gaizki bizi izan dut; ez nekien makillatzen, ez nekien takoi luzeekin dantzatzen, ez nuen horretarako itxura... ez nuen inoiz hori egin, baina nigan sinetsi dute, eta dena irakatsi didate». Lan horretan zailena «sentsualitate gauza hori» ateratzea dela erran du Olasagastik, «emaztearen gorputza ikusi behar da, feminitate hori atera behar da». Eszena gainean pertsonaia bat sortzen duela azaldu du dantzariak, eta horretarako hainbat xehetasunek laguntzen dutela erran du; makillajeak, betile faltsuek, jantzi bereziek, lumek eta dirdirek. «Badugu izen artistiko bat; nirea Lina da. Horrek lana errazten du, ez delako Joana eszena gainera igotzen, baizik eta beste norbait».

Euskal Herrian «guti» ari direla azpimarratu du dantzariak; Landetan, ordea, anitzez gehiago. Kabareta «ez da ikusten» eta «jendeak ez du programatzen». Hortaz, mundu «berezia» dela oroitarazi du, eta ikuskizuna arlo ezberdinetan zatitua dela azaldu: frantses variete-a, 60ko hamarkadako musika, disco musika, manera sexyagoan dantzatzen den kabareta deitu zatia, eta soinean luma anitz daramaten zatia.

Dantzaren inguruko beste proiektu batzuetan ari da Olasagasti. Esate baterako, Zarena Zarelako dantza konpainian sartu zen dantza irakasle gisa, eta Zergatik ez? ikusgarriarentzat koreografia bat sortu du.

Sorkuntza bat muntatu du joan den urtean. Bakarkako bat, Zarena Zarelako konpainiak egin duen azken ikusgarrian (Hariz hari) aurkeztu duena, lehen parte gisa. Hori Fanny Marmayou dantzariarekin berrikusten ari da orain. «Elkarrekin garatzen dugu nire bakarkakoa, eta ideia berriak ekartzen dizkit». Uda honetan ezagutu zuten elkar, Animalia ikusgarrian biak elkarrekin ari izan direlako dantzan. «Ezagutza bikaina izan da. Dantzan, usu, bakoitzaren egoak buruz buru jarriak dira, batek bestea baino toki gehiago nahi du... baina hor biak ber neurrian ginen hastapenetik».

Bakarkako hori garatzen ari den ber, Amour(s) eta Pitxunetik haurrentzako ikusgarriak lantzen ari da. Hala, gaur izanen da Amour(s)-en emanaldi bat Miarritzeko Koliseoan, 20:30ean. Taula gainean, malabarista bat, akrobata bat, antzezle bat eta Olasagasati dantzan. Maitasunaren gaia ardatz, Ezec Le Floc'h zuzendari artistikoarekin ari dira lanean azken bi urte hauetan. Ikusgarri hori autoekoitzi dute, eta horrek denbora anitz eskatu die. «Lan prozesu luzea da, eta azaroaren 2rako [gaurko] prest izan behar dugu».

Berezitasun bat agertzen da taula gainean: bi robot. «Berez, robotek ez dute deus ikustekorik amodioarekin, baina ideia da amodio istorio baten sortzea bi roboten artean». Irudien bitartez pasatu nahi dituzte emozioak. «Bakoitza gure artearekin ari gara, eta elkarrekin egiten duguna antzerkia da; Le Floc'hek ikasi digu antzezten». Testu pixka bat badela erran du Olasagastik; «ni euskaraz ari naiz, beste bat alemanez, frantsesez...».

Erran duenez, maitasuna taularatzeko molde «anitz» badira, eta maitasun mota anitz ere bereiz daitezke. «Bada betiko maitasun hori, baina laguntasuna, gurasoekiko maitasuna, lankideekikoa, ezezagun batekiko maitasuna ere bai... Kirolariaren eta entrenatzailearen arteko harremana ere erakusten dugu. Bada maitasuna, baina baita bortizkeria ere». Hor ikasitakoaz balorazio biziki ona egiten du. Halere, oroitarazi du autoekoizpenean aritzeak zailtasunak dakarzkiela. «Zaila da biziki. Dena alokatu behar da, sartzeen prezioarekin duzu hori pagatzen, eta gero zu pagatzen zara».

Gerorako, «bakarrik dantzan» ari diren konpainiekin segitu nahiko luke, « teknika berrien ikasteko» eta maila «igotzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna