Durangoko 54. Azoka. Ikasle Goiza

Egindakoa ikusi, egiten ikasi

Ikastetxe ugaritako bisitak jaso ditu Durangoko Azokak lehen egunean; batzuk tailerretan aritu diren bitartean, salmahaien artetik ikusmiran ibili dira gehienak.

Ikasle talde bat, ateak ireki orduko Landakora sartzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Azokak ateak ireki aurretik, autobusetatik jaitsitako ikasle saldoa Landako inguruak berotzen. Barruan, berantiarrenak salmahaia muntatzen. 10:30 jotzeko minutu gutxiren faltan, dantzari bik eman diote hasiera aurkezpen ekitaldiari, Txoriak txori eta Hegazti errariak. Koreografiaren azken urratsetan, bakoitzak alde banatatik egin dio tira ateari, eta, ur handietan ura eremu zabaletan hedatzen joaten den bezala, hala hasi dira ikasleak Landako hartzen, motxila eta zarata, elkarren arteko tira eta bira, eremua osorik blaitzen.

Eurenak izan dira Durangoko 54. Azokaren lehen orduak. Orain arte Ikasle Eguna zena Ikasle Goiza bihurtu da aurten.Tailerretara jo dute askok zuzenean, eta Landakoko korridoreetan galdu dira beste asko. «Ane, ezin dela korrika egin», lagun batek beste bati. Hiru neskato besotik helduta, eta atzetik jarraika laugarrena:«Egon, azkarregi goaz, neskak». Aurrena doanak, ibiltzeari utzi gabe: «Nik hau irakurrita daukat, Nur». Eta askoren aurpegiari hitzak jarri dizkio ondotik pasatzen ari den beste ikasle batek gaztelaniaz: Zer begiratu behar dugu? Atera fitxa».

Lehen orduan ziren hastekoak tailer gehientsuenak, eta hala izan dira Euskal Editoreen Elkartekoak ikasleen zain Landako barruko Areto Nagusian, Liburu bat egingo dut tailerra eskaintzeko. Azken ordukoren bat tarteko, ez dira heldu, eta ez da egin azkenean saiorik. Bitartean, Saguganbara gunean martxan zebiltzan gaztetxoak Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak tailerrean. Amelie eta Xirrikituen Jostunek eman dute saioa, eta Durangoko Zabalgana eskolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak bildu dira bertara. «Ahozkotasuna eta sorkuntza» lantzea izan dute xede, Amaia Elizagoien kontalariak azaldu duenez. «Egiten duguna hau da: espektatibak jasotzen ditugu lehenengo; Dixit-eko bost karta (ilustrazio erdi abstraktuak dira) ematen dizkiogu talde bakoitzari, horiekin ipuin bat osatuz joateko, oinarrizko moldeari segituta: hasiera, korapiloa eta amaiera. Kartekin batera, guk erabiltzen dugun materiala ere ekarri dugu: instrumentuak, panpinak... baliabideak, azken finean, ipuin horiek apaintzeko. Eta bukatzeko, bost minutuko kontaketa bat egiten dute besteen aurrean». Horra heldu aurretik, ordea, «kontatzeko estrategien» berri ematen saiatu dira arduradunak, eta hala aritu dira, esaterako, Orioko balearen bertsoak kantatzen, edo Baga, Biga, Higa-ren lerroak elkarrekin ordenatzen. «Badakizue hau?», Elizagoienek. Baietz ikasleak, eta, apurka, kantuan ekin elkarrekin. Albo batean zaindari zeuden irakasleak irribarrea zabaldu dute orduantxe.

Kantuan aritu dira beste asko Plateruenean ere, Luhartz erromeria taldeak jarritako doinuekin, lurrean eserita eta taldearen atzealdean proiektatutako letrak irakurriz. Ezustean, Alex Sardui igo da kantatzera agertokira, eta orduan jarri ditu dantzan zutik zirenak.

Ahotsenean Enkarguz tailerra iragartzen zuen egitarauak, Andoni Egaña, Xabier Zabala eta Alberto de Abajoren eskutik. Azken orduko aldaketa bat izan da hor ere, ordea, eta Trakamatraka irudimena, musika eta birziklapena lotzen dituen proiektuak bereganatu du bertaratutako ikasleen arreta. Objekturik soilenena ere instrumentu bihur daitekeela erakutsi du Jon Urrutiak. Gitarra bihurtutako aitzur bat, esaterako. «Hau Gatibukoek ez daukate, e!», eta barre lotsatiren bat gazteen artean.

Izan ere, metro gutxira, Gatibukoek aurreko ilara luzeari kasu egiten igaro dute goiza. Antzera, Izaro, Esne Beltza eta, batez ere, Zetak; horien salmahaietan pilatu da ikasle gehien.

Orkestra baten pare

Landako erdian, galdu itxurarekin, Sestaoko (Bizkaia) 13 urteko bi neskato, Aisha eta Uxue. «Gure eskolan euskara bultzatzeko etorri gara». Fitxa bana dute betetzeko bien artean, taula bat: izena, adina, zaletasunak laukiak irakasleek jarriak dituzte, eta oparia eta dirua bete behar dituzte eurek. Esaterako: «Anton aitita, 65 urte, mendira igotzea eta natura zaletasun». Ikasleek harentzat pentsatu dutena: Naturaren zientzia liburua, 22, 10 eurotan. Lehen aldia izan dute azokan. Lehen aldia Hazparnetik (Lapurdi) etorri den ikasle taldeak ere. Haiei fitxan jarri dizkieten galderen artean: «Zenbat erakusmahai dira? Iparraldeko musika talde baten diskoa?»

Gisako eginbeharretatik libre, soinu efektuak zinemagintzan nola lantzen diren aztertzen ibili dira Zurriola ikastolako (Donostia) ikasleak Irudienean, Pixelaturen eskutik. Film labur-labur bateko soinuak identifikatu dituzte lehenik eta behin; soinu horiek egiteko tresnak hartu dituzte (kriskitinak, hodi bat, askotariko jostailuak); zuzenean grabatu dituzte soinuak filma mutu ikusi bitartean, zinema aretoko lehen ilaretan jarrita, orkestra baten pare; eta edizio programan muntatuta ikusi dute azkenik euren lana. Zurtuta baten bat, gogoetak ahoz gora: «Noski, horrela egiten dituzte gaur egun gauza asko, ez?». Eta lilura ukitu bat ikaskidearen ahotsean: «Imajinatu hau egiteko bi ordu behar izan baditugu, eta hori hala moduz egin dugula, zer izan behar den pelikula oso bat egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.