Gabonetan, zinemara

Zinegabonak programa ondu du Zineuskadik Eguberrietarako: haurrentzako euskarazko hamar film emango ditu Euskal Herriko zazpi aretotan. 'Light painting' tailer bat ere egin ahal izango dute gaztetxoek.

2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Kanpoan hotz, eta barruan, bero. Negua sasoi aproposa izan ohi da plan goxoez gozatzeko. Gabonetako oporretan, gainera, are gehiago. Horregatik, filmez eta tailerrez osatutako Zinegabonak programa prestatu du Zineuskadik, EITB eta EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearekin batera. Euskarazko hamar film ikusi ahalko dira etzitik igandera Bilbon, Donostian, Mungian (Bizkaia), Beasainen (Gipuzkoa), Iruñean eta Urruñan (Lapurdi). Horrez gain, Light painting tailerra egiteko aukera izango dute haurrek. Euro bat balio dute sarrerek.

«Zinegabonak egitasmoaren helburu nagusia da Gabonetan haurrei eta familiei kultur aukera ezberdinak eskaintzea euskaraz, eta gazteenak zinemagintzara gerturatzea», adierazi du Jara Ayucar Zineuskadiko komunikazio arduradunak. Bosgarren edizioa du aurtengoa Zinegabonak programak, eta urtetik urtera handituz joan da ikusle kopurua, aretoak bete arte. Aurten, gainera, beste areto batzuk gehitu dira programara: «Beste areto batzuk sartu dira, Beasaingoa, adibidez. Pozik gaude eskaintza Euskal Herri osora zabaldu delako. Normalean, areto guztiak bete egiten zaizkigu saio guztietan», azaldu du Ayucarrek. Adierazi du «oso erantzun ona» jaso dutelako mantentzen dutela programa: «Familian egoteko garaia dira Gabonak, eta guk eskaintzen dugun programak oso ongi funtzionatzen du».

Argia, joko eta ikasgai

Filmak ikusteaz gain, animazio tailerrak egiteko espazio bihurtuko dira aretoak. Izan ere, Light painting tailer bat egingo dute Donostian, Mungian eta Beasainen. Ayucarrek azaldu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikus-entzunezko ikasleek antolatutako tailerrak direla: «Gustatzen zaigu unibertsitatearekin harremana mantentzea eta ikasleak izatea ikasle gaztetxoak motibatuko dituztenak». Gaztetxoek linterna bat eraman beharko dute tailerrera, eta argiarekin jolastuz, hainbat animazio sortuko dituzte. «Oso ikusgarria da, eta haurrek berehala ulertzen dute begiak eta kamerak nola funtzionatzen duten».

Aretoen bidez eman behar da izena, eta 4 eta 12 urte arteko haurrek hartu ahalko dute parte. Heldu batekin joatea gomendatu dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.