Musikagintza lehena

Ia lau ordu iraungo duen sei piezako «saiakera musika fikzionatua» osatu du Asier LI konpositoreak. Haren lehen atala kaleratu du oraingoz: 'Formazio Duala'

Bere Youtube kanalean eta Bandcamp orrian sareratu du Asier LIk sei ataleko lan osoaren lehen zatia, eta urte amaierarako kaleratu nahi ditu besteak. ASIER LI.
Inigo Astiz
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
«Hitz lehenak». Beren buruarekin soilik zatitu daitezkeen zenbaki lehenak dauden bezala, beren buruarekin soilik azal daitezkeen hitzak bilatzeko proposamena egin zuen Marcel Duchamp artistak bere lan oharretako batean, eta balio dezake ideiak Asier Lope Iraola Asier LI konpositoreak sortu duen lanarentzat ere (Beasain, Gipuzkoa, 1979). Horrela bizitzeko izendatu du proiektua, eta «saiakera musikal fikzionatu bat» dela dio berak. Nagusiki, naturari eta generoari buruzko gogoetek zeharkatutako obra musikal bat da lana, sei atalekoa eta lau ordu ingurukoa, eta haren lehen atala argitaratu du orain: Formazio duala. Soinu esperimentazioaren, saiakera filosofikoaren eta ambient musikaren artean dabilen lan bat da emaitza, definizio irristakorrekoa, eta egilearen Youtubeko kanalean eta Bandcamp orrian entzun daiteke. Lan lehen bat.

2017an hasi zen grabazioekin, eta hiru urte eman ditu etxeko estudioan lanean. Orain, denbora horretan pilatuz joandako material guztia bahetu eta antolatzea izan da Lopez Iraolaren azkenaldiko lana. Osotasuna lortzea izan da proiektuaren lehen ataleko erronketako bat, adibidez. «Dena ez da entzuteko erraza, baina ez nuen entzuteko astuna suertatzerik nahi. Behin entzuten jarritakoan, halako arintasun bat izan zezala nahi nuen». Muntaketarekin lortu du hori.

Lehen piezak irauten duen ia ordubetean, bata bestearen atzetik txirikordatu ditu hamaika abesti txatal edo keinu musikal, eta etengabeko joan-etorri horrek ematen dio erritmoa lanari. Metodo bat ere asmatu zuen horretarako: mota bateko edo besteko atmosfera musikalak zituzten doinuak identifikatu zituen lehen-lehenik, kolore batekin lotu zuen haietako bakoitza, eta formula matematiko baten bidez ordenatu ditu gero, gehiegi luzatu edo pilatu ez zitezen. «Ez nuen aurreikusgarria izaterik nahi, baina, era berean, nahi nuen dosifikazioa orekatua izan zedila».

Pieza osoaren barruan txertatuta, eta musika txatal horien guztien artean, badira abestiaren kontzepzio tradizionalagoan kabi daitezkeen bi abesti. Hau ez da izenekoa da lehena, Lopez Iraolak single modura sareratu duena, eta Zu gabe da bigarrena. Bost minututik beherako iraupena dute biek, eta lelo eta zubi identifikagarriak dauzkate. Gainera, piano akorde garbiekin eta koruek lagundutako melodia gardenekin, erraz nabarmentzen dira diskoa osatzen duen paisaia esperimentalagoaren gainetik, gero, etenik gabe, berriz ere diskoaren doinuetan, ahozko pasarte narratiboetan eta erritmo mekanikoagoetan urtzeko.

Soinu eskultorikoa

Lehenagotik, beste hiru lan luze ditu kalean Lopez Iraolak. 2012an kaleratu zuen Errotik, hurrengo urtean heldu zen Entelekia izenekoa, eta, besteak beste, hizkuntzaren gramatikarekin eta sonoritatearekin jolasten zuen Oro Bat diskoa eman zuen argitara 2016an. Guztietan entzun daitezke esperimentaziorantz jotzen duten pasarteak, baina, oro har, abestigintza konbentzionaletik gertuago dabil musikaria hiru disko horietan. Urrunago jo du bide horretan oraingoan. «Hasieratik jakin nuen oraingoan eskala handiko zerbait egin nahi nuela».

Lehen atala argitaratu berri du, eta, dioenez, urte amaierarako egin nahiko lituzke publiko gainontzeko bostak ere.

Ohiko estereo bertsioaz gainera, formatu binauralean ere kaleratuko du lehen pieza. Aurikularrekin entzunez gero, 360 graduko sentsazioa sortzen du formatu horrek, eta horri esker, adibidez, soinua ezkerretik eskuinera mugitzen aditzeaz gainera, aurretik atzera edo atzetik aurrera joaten ere adi dezake entzuleak. Baina, Lopez Iraolak dioenez, asmoa ez zen «espektakulartasuna» bilatzea, eta une jakin batzuetan bakarrik emango dio atentzioa teknikak entzuleari. «Espazialtasun kasik fisiko bat edukitzea nahi nuen, eskultorikotasun puntu bat».

Musika eta gogoeta

Filosofia ikasi zuen lehenik Lopez Iraolak, eta gero konposizio ikasketak egin zituen, Musikenen; bi alde horien nahasketa bat da haren musikari lana. «Nirekin filosofia ikasi zuten ikaskide batzuek egin dituzte doktoretza ikasketak, eta filosofo peto-petoak dira, baina ni hausnarketara, orduan ere, gerturatzen nintzen pixka bat estetikoki, eta bukatu nuenetik argi izan nuen musikagintzarekin jarraituko nuela eta uztartuko nituela bai hausnarketa eta bai musika».

Diskoan argi igartzen da filosofiarekiko zaletasun hori, tarteka kantatuak eta tarteka errezitatuak diren ahozko pasarteetan. Besteak beste, nitasuna, zaurgarritasuna, maitasuna, naturarekiko harremana eta genero eraikuntza dira joan-etorrian dabiltzan gaietako batzuk, baina, horien guztien atzean, bi abiapuntu nagusi izan ditu lanak: genero hausnarketa eta natura. «Pila bat disfrutatu dut irakurketekin, eta, intelektualki, esango nuke feminismoak, pluralean, XX. mendeko ildo nagusia ez badira, gertu dabiltzala. Sakontasun handiko hausnarketak daude hor, eta oso errotikoak».

Musikaz gainera, lehen alearekin batera liburu bat ere argitaratu du Lopez Iraolak, eta disko guztietako testuak bildu ditu bertan. Hogei ale besterik ez ditu inprimatu oraingoz, eta, horregatik, haien banaketa «taldeka» egitea darabil buruan. Lana jasotzeko interesa izan dezaketen elkarrengandik gertuko entzuleak harremanetan jarriz eta guztiei liburu bat bidaliz, haien artean banatzeko. «Halako zerbait».

Zuzeneko aurkezpenak egitea ere bazerabilen buruan, baina koronabirusaren hedapenak zaildu egin du aukera hori oraingoz, eta sarea baliatuko du bere lanak zabaltzeko. Hilabete honetan egin nahiko luke publiko, adibidez, bigarren atala, eta, iragarri duenez, lan horretan pianoa eta ahotsa izango dira diskoaren elementu nagusiak, eta «abesti-abestiak» izango dira lana osatzen duten pieza gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.