Oinarriak kolokan jartzean

'Izarak' izena du Goizane Aizpuruaren lehen nobelak. Hiru lagun oporretatik itzuli ondoko urtebetean aldatzen ari diren gauzak kontatzen ditu. Alberdania argitaletxeak kaleratu du

Goizane Aizpurua, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko korridore batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Aneren eta Eleneren arteko harremanak osoki inplikatuko ditu biak, arima zein gorputz. Bi emakumeren identitatearen eraikuntza da eleberriaren mamia», adierazi du Goizane Aizpuruak (Deba, Gipuzkoa, 1984) Izarak nobelaren aurkezpen hitzaldian. Aizpuruaren bigarren liburua eta aurreneko eleberria da hau, Alberdania argitaletxearekin plazaratua.

Alor guztietara zabalduko den identitate eraikuntza lantzen da kontakizunean, idazlearen arabera: «Gorputzaren bizipena, intimitatea, bikotea, maitasuna, sexu praktika, rolen banaketa, portaera, harremanak. Emakume biak bila dabiltza etengabe, dena zalantzan jartzen duten bilaketa batean bizi dira, ziurgabetasunean».

Ane eta Xabi bikotea dira. Elene izeneko adiskide min bat dute, eta Xabik oporretara haiekin joateko gonbita egin dio. Portugalgo Algarben hamar egun lasai igaro ostean, handik itzultzeko azken egunean hasten da eleberria. Anek, lehen pertsonaren ikuspegitik, Elene deskribatzen du hondartzan: «Goitik behera errekorritu dut zure gorputza berriro. Ur gaziaren egarriz dagoen gorputz gorri lehorra. Bart gauean bezala, biribilguneak besterik ez dituzula iruditu zait. Biribilguneak besterik ez, sorbalden distiratik bularren biribiltasuneraino», eta abar. Ondoren, Xabi deskribatuko du: «Besoetako anatomia distiratsu nabarmentzen da. Bainujantziak ia-ia belaunen atzeko aldea estaltzen du eta hanka bizartsuak lotsaz ageri dira azpitik. Gorputz ezezaguna zait orain. Ez dut errekonozitzen. Ez dut ezagun nire ezpainek goitik behera behin eta berriro musukatu dutenik. Badu zerbait ezberdin».

Dentista da Ane; arkitektoa da Xabi; eta Elene, argazkilaria, baina lurrin denda batean lan egin behar duena. Hiruren arteko opor horien ondoren, eleberriko pertsonaiak eta gertakariak urtebeteko epean kokatu ditu Aizpuruak, bost ataletan: uda, udazkena, negua, udaberria eta bosgarren aroa, «zerbait hobearen esperoan ematen den denbora», Txuma Murugarren musikariak kantatzen duen bezala.

Plano diferenteak

Bost atal, bakoitzak sarrera edo intro gisako bat tipografia ezberdinez, zenbait aipu (Miren Narbaiza, Oier Guillan, Mari Luz Esteban, Anari, Murugarren, Chris Krausen «gutun oro da maitasun gutun bat»), eta 33 kapitulu, itxura batean egitura konplexua du Izarak eleberriak.

«Gezurra dirudi idazlearen lehendabiziko nobela izateak», laudorio egin dio Jorge Gimenez editoreak. «Idazlan umotua da, ez bakarrik egituraz, baita idazkeraz ere. Plano diferentetan mugitzen da; ez dago narratzaile bakarra». Aneren ahotsa dator lehen pertsonan batzuetan, beste pasarte batzuetan hirugarren pertsonan diharduen kontalaria ari da, eta bestelako ahots bat ere bada, urtaro bakoitzean sarrera hitzak ematen dituena. «Dotore kudeatu du polifonia hau».

Idazlearentzat, egiturak badu mekanikotasun bat. «Hiru ahotsak era funtzional batean tartekatzen dira, modu linealean». Gehien kostatu zaiona Aneren ahotsetik hirugarren pertsonaren ikuspuntura pasatzea izan da. «Funtsean, narratzaile honen bitartez eraikitzen da istorioa; narratzaile horrek ematen ditu datuak. Eta paraleloki, Aneren ahotsaren bitartez kontatzen dira bizipenak eta sentipenak. Plano diferenteak izanda ere, ez naiz malabarismotan ibili».

Editorearen aburuz, eleberrian gauza asko gertatzen dira, baina batez ere pertsonaien barruan. «Eta kontakizunaren amaieran ezer ez da geratuko bere lehenean. Dena transformazio handi batean sartuko da; bereziki bi emakumeak, eta batez ere Ane».

Aizpuruak agerian utzi du nobelan badela ekintza jakin bat kontakizunaren hari nagusia abiarazten duena, nahiz eta ez duen ezagutarazi nahi izan. «Klik horrek eraldaketa sakon bat ekarriko du bi emakumeengan. Ane izango da protagonista nagusia, baina ez horregatik geratzen da Elene bigarren mailan».

Zalantza eta bilaketa

Protagonistaren aldartea eta eraldaketa izan dira Aizpuruak benetan kontatu nahi izan dituenak: «Aneren zalantzak, barneko pentsamenduak, hankaz gora jartzen zaion hori guztia». Gimenez editoreari harrigarria egin zaio idazleak nola aplikatzen dien mikroskopioa, «ez gertaerei, baizik eta pertsonaien barne bilakaerei».

Emakumearen ahotsa ardatz izanik, bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea da xedea, egilearen ustez. «Elkarren bila dabiltza emakumeak, nor bere buruaren bila, irtenbide bila ere bai. Izan ere, inoiz lehenago izan gabeko zalantzak sortzen hasten zaizkio Aneri». Kontrapuntuan, Elene ispilua da Anerentzat, beretzat nahi izan duen bizitzaren isla.

«Nola sortzen eta garatzen ditugun harremanak, nondik eta nola mugitzen garen rol batzuetan», hori da Aizpuruari interesatzen zaiona eta arakatu nahi izan duena eleberrian. «Argi ikusiko da Ane eta Elene berehala hasten direla zalantzan; baina Xabiren premia bakarra da jakitea zer ari den gertatzen, eta ez du bere izaera eta rola mugitzeko beharrik sentitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.