Albistea entzun

Abiadura hutseko trenaren soinu banda

Joseba Tapiak 'Egon edo ez egon' diskoa argitaratu du, bederatzi musikariz eta hiru abeslariz osatutako bandarekin. Koldo Izagirre izan da letragilea. Kaki Arkarazoren estudioan grabatu dute, urrian
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko azaroak 25 - Donostia

Irri, zirto, txantxa eta barre... dantzarako, festarako, olgetarako doinu dotorez osatu dute Egon edo ez egon disko berria Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek. Aurreneko kantak AHT izena du, eta tren baten bizkortasunez abiatu da: «Abiadura hutseko trenean/ nora, nora, ziztuan/ Bruselara ziztuan/ abiadura hutseko trenean// Bruselan sartzerik ez/ parlamentua itxirik/ izar denak lotan/ kartel denak flandrieraz/ gure begia kolpatzen».

Hara eta hona ibiliko dira: Brusela, Paris, Madril, Girona, Tafalla. Tren bidaia zorabiagarri batzuk irudikatzen dituzte tronpetak, tronboiak, saxoek, baxuak, pianoak, perkusioek, eskusoinuak. Makina lasterraren erritmoak, dardarak eta hotsak sentitzen ditu entzuleak, big band batek joak balira bezala.

Ondoren datoz beste bederatzi kanta, haiek ere musikari talde handi batek interpretatuak. Ion Celestino, Mixel Ducau, Ibon Irixoa, Amets Aznarez eta Ramontxo Vegak jardun dute haizezko eta metalezko tresnekin; pianoan da Txus Aranburu; baxu elektrikoarekin Iñigo Telletxea eta Xanti Etxeberria; perkusioa Iker Uriarteren kontu; ahotsen harmoniak eta koroak egiten Kristina Aranzabe, Leire Berasaluze eta Olaia Intziarte. Eta soinu handiarekin aritu da Tapia.

«Soinu kromatikoak sortu ditu doinu hauek. Kanta hauek ezingo nituzkeen trikitiarekin sortu», aitortu du Tapiak. Kontatu du 7 urte zituenetik eskusoinu kromatikoa ikasten ibili zela Migel Bikondoarekin, bi osaba trikitilariek hala nahi izanda. «Alegia, trikitiak ez zuela ezertarako balio! Ordurako, jakina, nire begiak trikitiari beha zeuden. Doinu popularretik landa, beraz, doinu klasikoa eta garaikidea deskubritu nituen. Hala ere, 14 urterekin aldapa gogorregia suertatu zitzaidan, eta utzi egin nuen. Harrezkero ez nuen soinu handia begien bistan ikusi ere nahi izan, eta geroztik ez dut jo. Baina disko honetan berriz adiskidetu eta maitemindu naiz kromatikoarekin».

Hamar kantak eskusoinu handiarekin egin dituela azaldu du Tapiak, baita moldaketak ere. «Koldoren eta bion artean sortu ditugu. Bakarrik ezingo nituzkeen egin. Baina, ondoren, kanta horien moldaketetan libertatea eduki dut, eta Koldori asko begiratu gabe neronek erabaki ditut konposizioak». Esate baterako, Et Incarnatus orkestrarekin kantatu ditu hiru abesti; hau da, biolina, biola, txeloa eta kontzertinoa entzuten dira, hamabost musikariko taldearekin. Beste zazpi abestiak ohiko bandarekin osatu ditu, eta Mixel Ducau «aspaldiko laguna» gonbidatu du, laugarren haizezko tresnaren bila.

Orain arteko diskorik konplexuena duen hau erronka handi bat izan da Tapiarentzat: «Moldaketa guztiak neronek egitea erabaki nuen. Esango nuke, bai metaletan, bai orkestran eta bai ahotsetan koatriaden festa bat dela disko hau. Lau hotsez osatzen den harmoniak izugarrizko lanak eman dizkit». Tresnen transkripzioetan eta zuzenketetan Ramontxo Vegak, Ibon Irixoak eta Josean San Migelek lagundu diote.

Urrian grabatu dute diskoa, Kaki Arkarazo soinu ingeniariarekin; eta, ohi bezala, Jonan Ordorikak egin du mastering lana. Hiru Damatxo taldeko Unai Gaztelumendirenak dira irudiak, diseinua eta karikatura.

Lehenbiziko kontzertua bost hilabete barru egingo dute, apirilaren 28an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. «Diskoan parte hartu duten guztiak igoko dira oholtzara».

Umorea eta malenkolia

«Zirriborro batzuetatik musika sortzen duen artistarekin bizi arteko zorra sortzen da», esan du kanten hitzak sortu dituen Izagirrek. Idazleak asko apaldu du diskoan egin duen lana: «Idazleak ez dauka zereginik ez estudio batean, ez partitura baten aurrean, ez melodia baten aurrean».

Kanta multzo baten bilduma gisa definitu du diskoa Izagirrek: «Ez da egituratua, bariatu samarra da, baina umorea nagusitzen da: ironia eta gaiztakeria hitzetan, dantzagarria eta erritmo atseginekoa musikaren aldetik». Bereziki harritu du orkestratzeak: «Ez nuen halakorik espero».

Hamar kantuetatik sei umorezkoak dira, gizartean «aparrean dauden hitzak, esaldiak eta kalamitateak» baliatuz egindako abestiak. Beste bat omenaldi modukoa da, Nerbioiko (Bizkaia) emakume zirgariei eskainia. «Malenkoniatsuak dira beste bi kanta: Gudazkenez eta Bizibarea». Eta bada kantu bat aurkitutakoa: «Poema minimalista bat ikusi nuen Gernika aldizkarian, ezagutzen ez nuena». Gordobil delako batek idatzitakoa da 1949an, Gernika bonbardatuari eskainia: Hemen dago. Kantu horrek diskoaren «kohesioa eten» egiten duela onartu du. «Oso ondo dator. Kontraste handia egiten du gainerako guztiarekin». Eta poema irakurriz bukatu du hitzaldia. «Sikiera letra on bat, alegia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare sozialetan zabldutako irudia. Zauritutako gizon bat dago lurrean, –Salman Rushdie omen da–. ©BERRIA

Salman Rushdie idazleari eraso egin diote New Yorken, labanaz

Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz

Ospitaleratua da, larri; ebakuntza egin diote eta intubatuta daukate. Ustezko erasotzailea atxilotua da: 24 urte ditu, eta New Jerseykoa da. Idazlea heriotza mehatxupean izan da azken 33 urteetan, Satanic Verses (Bertset satanikoak) idatzi zuenez geroztik.

 ©JUAN DE DIEGO

«Jazzaren iturburura bueltatu nahi nuen, eta soinu hori jaso»

Aitor Biain

Pianoa, kontrabaxua, bateria eta tronpeta lagun, lauko formatuan ondu du 'Grebalariak' diskoa. 1919ko La Canadencaren greba oroitu nahi izan du lanarekin. Plentziako Agorri Jazz jaialdian aurkeztuko du lana, gaur.

Lehen uda etxetik kanpo

Paule Ixiar Loizaga Legarra.

(Sopela, Bizkaia, 1997). Algortako bertso eskolan (Bizkaia) hasi zen bertsotan gaztetxotan, eta hainbat gazte sariketatan eta plazatan kantatu izan du urteetan. 2016. urteaz geroztik parte hartu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.
Norman Foster, 2019ko abenduan, proiektua jendaurrean aurkeztu zuenean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Urbelan, Altuna y Uria eta Campezo enpresek handituko dute Arte Ederren eraikina

Mikel P. Ansa

41,1 milioi euroko kostua izango du obrak guztira —hasiera-hasierako proiektuan espero zutena baino ia hemeretzi milioi euro gehiago—, eta 2024ko abuztuan bukatu beharko lukete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...