Albistea entzun

Durangoko 56. Azoka. Talaia

Ekoizpen digitalaren markak

Oskia Ugarte, Sahatsa Jauregi eta Maria Mur sorkuntza digitalaren inguruan aritu dira, Kabia gunean. Edozein egileren lana prisma horretatik harago begiratzearen alde egin dute
Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi Azkarate (Okela), Maria Mur Dean (Conssoni) eta Diana Franco (Kabia), atzo.
Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi Azkarate (Okela), Maria Mur Dean (Conssoni) eta Diana Franco (Kabia), atzo. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko abenduak 9 - Durango

Hasi aurreko sentsazio antzerakoak amaitzean. Edo ez. Agian pixka bat sakonduago ertzen bat. Ziur aski bistarago gakoren bat. Sorkuntza digitala. Zer behar dute sortzaileek, zer proiektu mota gerturatzen da. Gai horren bueltan aritzeko bildu zituen atzo Durangoko Azokako Kabia guneak Oskia Ugarte Abarzuza, Sahatsa Jauregi Azkarate eta Maria Mur Dean: Uharte arte zentroko zuzendaria da Ugarte, artista eta Okela sormen espazioko kidea Jauregi, eta Consonni ekoizpen etxeko zuzendaria Mur. Gidari, Diana Franco Kabiako koordinatzailea. Mikrofonoak jarri bitartean, elkarri aitortu zioten gaiaren berri izatean sentitutako bertigo puntua, nondik heldu, zer ekarri, baina presioak kentzeko asmoz argitu zien berriz Francok «elkarrekin pentsatzea» zela asmoa. Eta hala itxi zuen azkenetan: «Gizakiaren historian, idazteko gaitasuna, adibidez, 600 bat belaunaldik izan dute; teknologiaren belaunaldiak, aldiz, oraindik belaunaldi bat baino gutxiago hartzen du. Eraldaketa handia dakar horrek, eta hitzetan jartzen hasteak lagunduko digu ulertzen».

Euren lan esparruetan sorkuntza digitala nola ulertzen duten azalduz ekin zioten,hala, hizketaldiari. Mur izan zen hitza hartzen lehena, eta nabarmendu zuen euskarria edozein izanik ere edukia dela garrantzitsuena: «Consonnin beti esaten dugu guk kultura kritikoa ekoizten dugula, eta hor funtsezkoa edukia da: zer nahi duzun kontatu eta nola nahi duzun kontatu». Gaiaz pentsatzeko, argitaletxean iparrorratz modura erabili izan duten liburu bat erakutsi zuen, koloretako orri markatzailez eta azpimarraz josia: Michael Bhaskarren Edukien makina: argitaratzeari buruzko teoria baterantz, inprentatik hasi eta sare digitaleraino.

Jauregik bereizketa bat egin zuen sorkuntza digitalaren eta lana zabaltzeko baliatzen dituzten bitarteko digitalen artean. Azaldu zuen Okelako programazioa lantzen dutenean garrantzia eman ohi diotela «denbora eta medio ezberdinetan aritzen diren artistek espazio eta denbora komun bat konpartitzeari», eta horrek sarri ekartzen duela eskulturak, kasu batera, «sorkuntza digitaltzat uler daitezkeen» soinu pieza edo ikus-entzunezkoekin uztartzea. «Sormen digitala immateriala da, eta gu saiatzen gara hari ere leku situatu bat eskaintzen».

Ugartek, bestalde, egungo artisten lan egiteko modu «likidoa» azpimarratu zuen: «Guk Uharten ikusten dugu ekoizpen digitala sortzen duten artistek oso modu likidoan egiten dutela lan; soinuarekin eta gorputzarekin aritu daitezke aldi berean, adibidez. Horretan datza, agian, honen aberastasuna, digitaletik eta beste leku guztietatik trantsitatzean».

Horregatik, hirurak bat etorri ziren auzitan jarri behar dela «sortzaile digitalaren» ideia. Jauregi: «Badirudi bereizi egin daitezkeela sorkuntza digitala eta sorkuntza digitala ez dena, baina oso ohikoa da prozesuan saltoka aritzea batetik bestera». Eta erantsi zuen inguruko artistengan «konpromiso handiagoa» sumatzen duela definizioaren «sorkuntzaren» partearekin «digitalaren» partearekin baino.

Hor gako bat topatu izanaren tonuz Mur ere: «Horixe pentsatzen egon naiz ni ere solasaldirako. Zeintzuk dira mugak sorkuntza digitalaz aritzean? Benetan genero bezala hartu dezakegu? Guk kultura kritikoa ekoizten dugula esatean, horrek forma asko har ditzake: elkarrizketa bat, podcast bat, liburu bat...». Bhaskarren liburua eskuetan, haren ideietara itzuli zen: «Batzuetan abizen gehiegi jartzen dizkiegu kulturari eta sormen prozesuei: euskal, digital, feminista... Kontatzen dena da garrantzitsuena».

Ukatu baina aldarrikatu

Francok digitalki sortzen duten artisten adibide zehatzez galdetzean, nekez aritu ziren izenen bila hiru hizlariak, eta esanguratsutzat ulertu zuten hori bera. Jauregi: «Badago korronte bat modu digitalak ukatzen dituena sorkuntzarako tresna bezala; 16 mm-tan grabatzera edo soinua analogikoan lantzera itzuli dena. Eta, aldi berean, Instagrameko irudiak izan daitezkeenak erakusketetara heldu dira». Baina berehala korronte hitzari ñabardura: «Aurretik, XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran, modu kolektiboan problematizatu izan dira teknologiak; egun, artista batzuek modu indibidualean egiten dute hori».

Ugarteren iritziz, azken urteetan egin da bide aipagarri bat teknologia berriak erabiltzen dituzten artisten eskutik, eta lan «interesgarriagoak» antzeman ditu orain: «Duela hamar-hamabost bat urte, esperimentaziora mugatzen ziren lan gehiago, eta, orain, lan xumeagoak baina sendoagoak ikusten ditut, irudi ikusgarri batetik harago doazenak».

Hasieran heltzen zaila zirudien gaia gero eta gehiago mamituz joan ziren hizlariak amaierara heldu orduko, eta aurrez aurreko kulturaren eta digitalaren aldeak aletu, eta teknologiaren alorrean ere dibertsitatea defendatzearen alde egin zuten. Mur: «Digitalak aukera berriak ekarri dizkigu, eta niretzat ez da bata edo bestea; bakoitzaren alde onena eta politikoena hartzea da interesgarriena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manuel Asin Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa, Baluarteko atarian, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ikertzeko balio duten distantziak

Olaia L. Garaialde

Iruñeko XVI. Ikuspuntu jaialdia martxoaren 14tik 19ra izanen da. Sail Ofizialean hamazazpi herrialdetako 21 film izango dira lehian. Lan eta Desbordamientos sail berriak ere badira

 ©BERRIA

Lukiek, eskemak nondik eta noraino apurtu

Itziar Ugarte Irizar

 

Hamar kantuko disko berria plazaratu du taldeak: '#2'. Kontraste ugariko lana ondu dute, egitura ezohikoak eta pasarte poperoagoak uztartuta. Arrasaten joko dute gaur; bihar, Tolosan

Juan Mari Aburto eta Fernando Perez, atzo, Azkuna zentroan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bost erakusketa egongo dira ikusgai aurten Bilboko Azkuna zentroan

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta arte bisualak indartzea izango du ardatzetako bat zentroak

Carla Simonen 'Alcarràs' filma. ©Berlinale

Claire Denis, Hong Sang-soo, Isaki Lacuesta eta Carla Simon, Urrezko Hartza eskuratzeko lehian

Andoni Imaz

Berlinalen, besteak beste, Mitra Farahani, Lucrecia Martel, Ulrich Seidl eta Peter Strickland zinemagileen lan berriak erakutsiko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.