Kritika, doinu dantzagarriekin

Bastardix taldeak bigarren diskoa argitaratu du: 'Amestutako lurraldea'. Kutsu zeltako melodiak eta doinu gogorragoak uztartu dituzte, eta kritika sozial eta politikoa egin dute

Ruben Garcia Rubo eta Asier Garatea, Bastardix taldeko kideak, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Folk irlandarra eta zelta kutsuko musika dira haien oinarriak, baina hard-rocketik eta punketik edaten dute, eta kontzertuetan entzuten eta ikusten dituenak argi ikusiko du gozatzeko asmoa dutela. Hala defini daiteke Bastardix Nafarroako taldea, eta ideia horiek nabarmendu dituzte haiek ere, baina ezaugarri bat gehituta: dantzarako gogoak ez die espiritu kritikoa ezabatzen. «Erritmoak animatuak dira, baina gai sozialak hor daude, ironia eta sarkasmo handiarekin batera».

Taldeak 2015ean egin zituen lehen urratsak, eta lehen diskoa 2019an argitaratu zuten, Herederos de nadie (Gor). Bigarrena publikatu dute orain, Amestutako Lurraldean, Baga Bigarekin. Ander Nagore da taldeko abeslaria, eta hura izan zen proiektuaren bultzatzailea. Harekin batera beste zortzi musikari aritzen dira: David Erro (zeharkako txirula, whistle txirula eta ahotsa), Aron Argiñano (banjoa), Joanes Arrizabalaga (biolina), Esti Iribarren (akordeoia), As Zait (gitarra eta ahotsa), Gorka Lascort (baxua), Asier Garatea (bateria) eta Ruben Garcia Rubo (gitarra eta ahotsa). Azken bi horiek aurkeztu dute lana, Ritxi Aizpuru diskoetxeko kidearekin batera, Iruñean.

Bilakaera musikan

Aizpururen hitzetan, diskoaren ezaugarri nagusiak aurreko laneko berberak dira: «Taldeak indarra du, musikan eta hitzetan: doinuetan folka edo musika zelta da nagusi, doinu gogorragoekin batera, punkaren zertzeladekin, eta hitzetan bada ironia puntu handi bat; bada esperantza, baina sistema kritikatzen dute».

Baina, erantsi duenez, bilakaera bat ere izan dute denbora honetan, musikari dagokionez, bereziki: «Beste soinu bat dute, bizitasuna lortu dute; taldeak irabazi egin du». Ideia horrekin bat eginez, Garateak azaldu du lan berriak taldearen «ohiko soinua» duela, baina horri erregistro berriak erantsi dizkiotela, «bai doinu lasaiagoak eta baita gogorragoak ere», betiere «taldearen esentzia mantenduz».

Diskoak hamabi abesti ditu,euskarazkoak eta gaztelaniazkoak, eta Berriozarko (Nafarroa) Drum Groove Studio estudioan grabatu dute, Josu Erbitirekin. Haren lanarekin eskertuta azaldu dira.

Abestien artean baten bat aletzeko eskatuta, hiru aipatu dituzte taldekideek: Pirañak, La nueva revolución eta Bakardadean. Pirañak-ek taldearen hurbileko pertsona batek bere sexualitatearengatik bizi izandako esperientzia kontatzen du. «Homosexualitatea eta halako beste gai batzuk tabuak dira oraindik: badirudi oso aurrerakoiak garela, halakoak gertu ditugun arte», adierazi du Garateak. La nueva revolución-en ultraeskuinak erabiltzen duen diskurtsoa kritikatu dute, ultraeskuinak esaten dituen «astakeriak» erabilita, «ironiaz». Azkenik, Bakardadean abestian gizakien berekoikeriaz mintzatu dira. Kantu horretan, gainera, Modus Operandiko Iñaki Ortiz de Villalbak abestu du, eta bideoklipa aurkeztu berri dute. Ez da aldamenean izan duten lagun bakarra, Saioa Venturak Su legado abestiaren azken bertsoa idatzi baitu.

Bertsio edo moldaketa bat ere bada: Oskorriren Bolant Dantza-rena. Kantuari itxura aldatu diote, eta «The Clan eta The Rumjacks taldeengana hurbildu» dute. «Eta jatorriz instrumentala den folk abesti honi ahotsa sartu diogu ospakizun hau azaltzeko», erantsi dute.

Diskoaren izenburuak lotura du kantuetan nagusi den kritika sozial eta politikoarekin, Garateak azaldu duenez: «Amestutako lurraldea da salatzen dugun hori guztia sartzen ez den toki bat».

Bi urte igaro dituzte diskoa prestatzen, eta denbora horretan beren estiloa zehazten eta fintzen saiatu dira. Sortze prozesua «oso zaila» izan dela diote, tartean sartu baita COVID-19aren pandemia, eta, ondorioz, modu telematikoan lan egin behar izan dute askotan. Bederatzi musikari izanda, beren burua berrasmatu beste aukerarik ez dute izan, eta ziurtatu dute haientzat «ikasketa prozesu handia» izan dela. Zailtasunei aurre egiteko, ezinbestekotzat jotzen dituzte proiektuarekiko beren «konpromisoa eta diziplina».

Horiek horrela, diskoa argitara ateratzeko gogotsu ziren, eta, Ruboren arabera, aukeratu duten izenburuak ere badu horren eragina: «Horrenbeste kostatu zaigunez, diskoa ere bazen amestutako lurralde bat».

Aurkezpen kontzertua

Lan berriaz gain, halere, Bastardixentzat zuzenekoak ezinbestekoak dira: haien hitzetan, beren «indargunea» dira. Kontzertu biziak egiten dituzte, eta hor ematen diete zentzua kantuei, jendearekin partekatzean. Oraingoz bakarra dute programatuta: urtarrilaren 28an, Iruñeko Zentral aretoan.

Aizpuruk azaldu duenez, egungo testuingurua horren zalantzazkoa izanik, oraingoz ez dira ausartu gehiago antolatzera: «Pandemiarekin rock musikak indarra galdu du: oraingo baldintzekin gutxik programatzen dituzte rock kontzertuak. Bastardix herriko jaietako taldea da, eta maiatzetik aurrera aukera gehiago izango ditu; gustatuko litzaiguke aurretik diskoa aurkeztea, baina, egoera hau izanda, ez dugu arriskatu nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.