Euskal artearen 40 poetika

BBVAk bere bildumaren parte diren 30 euskal artistaren obrak jarri ditu ikusgai Bilboko San Nikolas jauregian. Herrero, Akerreta eta Luzuriagaren obrak daude tartean

Ezkerrean, Bonifacio Alonsoren Triangelu urdina; eskuinean, Juan Jose Akerretaren Atleta burua. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Orain dela 50 urte margotu nuenaz ez naiz gogoratzen». Bilboko itsasadarra (1973) koadroaren aurrean jarri da Juan Ramon Luzuriaga artista, hura pintatu eta ia mende erdira. Gris, malba eta berde tonalitateak nabarmentzen dira horretan. Baretasuna sentiarazten duela uste dute adituek; Luzuriagaren iritziz, zaila da koadroen inguruan hitz egitea. «Artearen poetikak kezkatzen nau ni».

Euskal artean garrantzitsuak izan diren 30 artistaren 40 artelan hautatu ditu BBVA erakundeak bere 5.000 artelan inguruko bilduma osotik, eta Bilbon jarri ditu ikusgai. Analogiak. Euskal artea BBVA bilduman deitu dute erakusketa, eta Luzuriagaren koadroa da hartan ikus daitekeenetako bat. Eta, harenekin batera ikus daitezke, besteak beste, Mari Puri Herreroren, Eduardo Txillidaren, Jorge Oteizaren eta Juan Jose Akerretaren lanak ere. Erakusketa irailaren 18ra arte egongo da ikusgai, eta sarrera librea izango da.

Zazpi ataletan antolatu dute ibilbidea, eta kronologiari jarraituz multzokatu dituzte artisten lanak. Jose Etxenagusiaren Bilboko portuaren gaueko ikuspegia koadroak ematen dio hasiera erakusketari. Bizkaiko Labe Garaiak irudikatzen ditu lanak, eta sortu zen garaian Biilbo Ezkerraldean industriak zuen garrantziaren erakusgarri da. Etxenagusia Erroman bizi izan zen, eta Mariano Fortuny izan zen haren pintatzeko eran eraginik handiena izan zuen artista.

Etxenagusiaren koadroa ez da adibide bakarra. Maria Luisa Barrio BBVAko Ondare Historikoaren arduradunak esan duenez, erakusketa osoak hurbiltzen du bisitaria Euskal Herriko «sustraietara».

Itsasoaren tradizioa, emakume ikazdunen irudiak eta Bilboko paisaiak behin eta berriz agertzen dira erakusketan. Hasieranmodu tradizionalago batean irudikatzen baldin badira ere, bidean aurrera egin ahala abstrakzioa bihurtzen da protagonista nagusia. «Txillida da erregea abangoardien teknikei dagokienez. Txillida da metalaren maisua: urtintaz eta akuafortez egindako grabatuan, metala bera uki dezakezula dirudi», adierazi du Barriok.

Mari Puri Herrerok ere abstrakziotik eta abangoardietatik edan du. Haren pintura batek ematen dio, hain zuzen, amaiera erakusketari: Caputt mortuum-ek. «Kolore bat da caputt mortuum, metalaren oxidoarena», azaldu du Herrerok. Bitxiki, Etxenagusiaren antzera, Labe Garaiek inspiratu zuten Herrero ere. «Labe Garaietatik kolore horretako hautsa irteten zen, oso tenperatura beroan lantzen baitzuten metala. Hautsak paisaia estaltzen zuen. Oso likatsua zen. Nik testura hori irudikatu nahi nuen».

Baita irudikatu ere. Zutik, koadroaren aurrean, isiltasunak inguratuta, beroaren eta pisutasunaren irudipena sorrarazten du obrak. Airea geldo-geldo balihoa bezala. Herrerok berak aitortu du: «Paisaia ikusteko beste modu bat da».

Eskulturak eta kafea

Erakusketan ikus daitezkeen lan gehienak koadroak izanik ere, eskultura bat edo beste aurki dezake bisitariak. Hala nola Jorge Oteizaren Fraide frantziskotarra, eta Juan Jose Akerretaren Atleta-burua. Herrerok berak ere bereziki gogoko du Akerretaren egitura klasikoko erretratu hori. «Oso ona zen, eta sarritan etortzen zen etxera», gogoratu du. Gazte ziren garai hartan, hamaika kafe hartu omen zituzten elkarrekin. «Kafea egin behar nion gurera etortzen zen bakoitzean; bestela, ezin zuen lorik egin», kontatu du artistak.

Eskultura horrek badu beste bertsio bat, ordea. Herrerok dio Akerretak hainbatetan berregin zuela erretratu hori. «Nik ere badaukat bat, askoz txikiagoa», esan du, eta eskuekin hamar zentimetro baino gutxiagoko tartea irudikatu du airean, eskuekin. Bonifacio Alonsoren Triangelu urdina atzealdean du Herrerok, eta nabaritzen zaio arteaz gozatzera joan dela erakusketara. Baliteke hori izatea, hain zuzen, artearen benetako poetika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.