Ur-ur, entzuten da Arga ibaian. Haurrak plisti-plasta dabiltza presan irristaka. Ondoan, Iruñeko Caparrosoko errotaren beheko aldean, bi begirale daude. Kayakak, arraunak eta salbamendurako jakak prestatzen ari dira. Talde baten zain daude errotatik Burlatara (Nafarroa) kayakean joateko. «Zortea daukagu, urte osoan daukagulako ura. Udan, isuri naturala oso apala da; oinen altueran doa ura. Zorionez, presari esker, bi edo hiru metroko sakonera daukagu», azaldu du Alex Izuriaga Baronek, Iruñeko Piraguismoko begiraleen arduradunak. Udaberritik udazkenera antolatzen dituzte irteerak.
Haurrak eta nerabeak iritsi, eta zuzenean igo dira aldageletara. Behin baino gehiagotan egon direnez, ongi ezagutzen dute bidea. Korrika jaitsi, eta arraunak eta salbamendurako jakak hartu dituzte. «Txalekoa bustita dago», esan du batek. «Horrela fresko egongo zara», esan dio begiraleetako batek. Dena hartu, eta gainerako lagunekin joan da.
Bi pertsonarentzako kayakak dira, baina banaka joateko ere badituzte. «Mesedez, utzi bakarrik joaten, askotan ibili naiz piraguan», esan du batek. Begiraleak ezetz esan dio, baina hainbeste tematu ostean, utzi egin dio. Pozik, kaira joan da. «Alexek utzi dizu bakarrik joaten?», galdetu dio beste begirale batek. «Utzi diot, baina esan dit ez dela presatik behera botako», esan du Izuriagak.
Begiraleak kaiaren ertzean jarri du kayaka, eta kontrapisua egin du atzean jarrita. Gazteak kayakera igo, eta uretara bota ditu. Banan-banan, uretara jaitsi dira denak. Palakaden erritmoa markatzeko, ahots gora esaten hasi dira: «Bat, bi; bat, bi». Beste batzuek, berriz: «Ezker, eskuin; ezker, eskuin». Bat-batean, norabidea galtzen hasi den bikote bat oihuka hasi da: «Ezker, ezker, ezker, ezker; ertzaren kontra joko dugu!». Segituan lortu dute norabidea berreskuratzea, eta errekan gora jarraitu dute.
500 metro inguru egin dituzte zuhaitz artean, eta, eguzkiak gogor jotzen duen leku batean bi zuhaitzek bidea oztopatzen dutenez, gelditu dira. Adarren artean sartu da begiralea, baina ez du pasatzeko modurik aurkitu. Sanferminetan zuhaitz bat erori zen, eta aurreko egunean, beste bat. «Bakarra zegoenean, ondotik pasatzen ginen, baina gaur ezinezkoa da; adarrak moztu beharko ditugu», esan du Izuriagak. Aspaldi eskatu zuten sanferminetan erori zen zuhaitza kentzeko, baina oraindik ez dute kendu.
«Sentitzen dut, baina ezin gara pasatu», kontatu die gazteei. Normalean, bi kilometro inguru egiten dituzte kayakean, Caparrosoko errotatik Burlataraino. Beste aukerarik ez dutenez, jolas batzuk egitea proposatu diete: «Zutik jarri, eta lekuz aldatu behar zarete, uretara erori gabe; aurrean dagoena atzean jarri behar da, eta alderantziz. Ez baduzue nahi, lasai, ez zaudete behartuta».
Batzuek uretara jo dute zuzenean, plisti-plasta jolastera. Beste batzuek, aldiz, erronkari ekin diote. Zutitzen hasi, eta kayaka kulunkatzen hasi dira: plaust, erori dira lehenak. Kayakak buelta eman du, eta buruz behera geratu da. Arraunak ur gainean geratu dira, eta kayakari buelta ematen saiatu dira. Hasieran, bakoitzak alde batetik tira eginez, gero biak alde beretik, eta, azkenean, begiraleak albo batetik hartu eta buelta eman dio. «Lagunduko didazu igotzen?», galdetu dio lagun batek besteari. Elkarri lagundu, eta berriz saiatu dira.
Sabotatzaileak
Ondoko kayakean beste bi gazte daude, bata besteari begira egotea lortu dute, eta elkar besarkatzen ari dira, lekuz aldatzeko. «Kasu, besteen gainean eroriko gara», esan dio batak besteari. «Lasai, lortuko dugu», erantzun dio. Bitartean, behin eta berriz saiatu diren batzuek, amore eman, eta besteak izorratzen hasi dira kayakak mugituz. Oreka galdu, eta, plast, uretara erori dira. «Ez dugu lortu, bota gaituzuelako», esan dute. Berriz igo dira. Azkenean,oihu egin dute: «Lortu dugu!».
Gazteen ondoan, kastoreek karraskatu dituzten enbor zatiak daude. «Duela hamar urte, legez kanpo ekarri zituzten Nafarroara», azaldu du Izuriagak. Kastoreez gain, lertsunak, martin arrantzaleak eta bisoi europarrak egoten dira. «Izugarria izan da, aurten bisoi bat ikusi dugulako; galzorian daude», esan du gogotsu.
Zeharkaldiak egiten dituztenean, inguruan ikusten dituzten gauzak eta animaliak nolakoak diren azaltzen dute. Horrez gain, ingurumena zaintzea garrantzitsua dela azpimarratzen dute: «Gure arazorik handiena, hiritik datozen plastikoak dira; horregatik saiatzen gara haurrei azaltzen kalean botatzen ditugun plastikoak, euriarekin, estoldatik errekara doazela».
Ostean, gazteak biltzen hasi da Izuriaga: «Bost minutu, eta errotara itzuliko gara, eta handik presara joko dugu». Kayakera igo, eta palakaden erritmoa markatzen hasi dira: «Bat, bi; bat, bi». «Non dago zure bikotekidea?», galdetu dio begiraleak kayakean bakarrik doan bati. «Gurekin dago», erantzun dute beste bik. Kayakaren erdian eserita daramate. «Zure bila noa», esan du kideak.
Hortik gertu, beste kayak batean, atzekoak bakarrik egiten du arraun. Bestea, begiak itxita eta etzanda dago: eguzkia hartzen ari da. «Gustura?», galdetu dio batek. «Bai, oso», erantzun dio besteak. Atzekoak gogor jarraitu du bien partez arraun egiten.
Batzuei kayakera berriz igotzea gehiago kostatu zaienez, atzerago gelditu dira. Horietako bi ibaiertzean gelditu dira, ez aurrera eta ez atzera. «Saiatu ertzaren kontra indarra egiten», esan diete atzean doazen bi lagunek. Azkenean, kostata, lortu dute, eta errotara iritsi dira. Presatik jaitsi nahi dutenak, albo batean jarri dira. «Txirrista bat bezalakoa da», esan du begiraleak.
Begiraleetako batek presatik jatsi nahi ez dutenak lagundu ditu, eta bestea presaren ertzean geratu da: «Oroitu: gogor arraun egin, arrauna altxatu eta gorputza aurrera eraman». Lehenengoak jauzi egin du, eta atzetik joan dira besteak; batzuk, trangatuta geratu dira. «Astindu kayaka», esan die. Ibaiertzera iritsi, gauzak utzi, eta aldageletara joan dira.
Errekan gora ezin denean
Kayak irteerak egin daitezke, Iruñeko parajeak ezagutzeko: Caparrosoko errotatik, Burlatara. Inguru horretan, lertsunak, martin arrantzaleak eta bisoiak ibiltzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu