Argi zuriaren legatua

Sanne De Wilde, Hellen van Meene eta Carla van de Puttelaar argazkilarien lanak jarri dituzte ikusgai 'A Whiter Shade of Pale' erakusketan, Donostiako Artegunean
Ezker-eskuin, Sanne De Wilde, Hellen van Meene eta Carla van de Puttelaar argazkilariak, atzo, Kutxa Kultur Artegunean, Donostian.
Ezker-eskuin, Sanne De Wilde, Hellen van Meene eta Carla van de Puttelaar argazkilariak, atzo, Kutxa Kultur Artegunean, Donostian. JON URBE / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko martxoak 8
Lola Garridoren argazki klasikoetatik, praktika garaikideetara egin du Kutxa Kultur Arteguneak, Donostian. Herbehereetako hiru argazkilari garaikideren lanak bildu ditu: Carla van de Puttelaar, Hellen van Meene eta Sanne De Wilde. Herbehereetakoak dira hirurak, hango arte tradizio barrokoaren oinordekoak. Hala, erakusketaren ildo narratibotzat baliatu du flandriar kulturaren tradizio hori Ramon Esparza komisarioak. Kantu bati hartu dio erakusketaren izena; kantuak gordetzen duen istorioari: Procol Harum taldeko Keith Reidek, festa batean, gizon bat entzun zuenekoa neska bati esaten: «Zure zurbiltasuna zuritik harago doa».

Iparraldeko argi zuria da hiru argazkilarien lanak lotzen dituen ezaugarririk nabarmenena. «Argia da erakusketaren gidaria», adierazi du Esparzak, eta nabarmendu zuritasun hori dela herrialdeko arte tradizio barrokoa gogora ekartzen duena. «Artean ia beti gertatzen den bezala, erakusketaren ideia elkarrizketa soil batetik atera zen», onartu du. Ezusteko elkarrizketa hartatik eta, batez ere, aspalditik buruan zerabilen gai bati heltzeko gogotik: 1990eko urteetan, Herbehereetan, erretratua berrikusten hasi zen argazkilarien belaunaldia, batez ere, emakumeez osatu zena.

Erretratua ulertzeko eta «postmodernitatearen urteetako argazkigintza berrikusteko» hiru modu erakusten dituzte Van Meenek, Van de Puttelaarrek eta De Wildek, bakoitzak berea. Baina postmodernitatea ezaugarritzen duten ardatzak nolabait hiruren obretan daude, Esparzaren esanetan: «Identitatea eraikia eta zatikatua den ideia gisa; erretratua elementu indibidualizatzaile modura; historia ez gertakari segida baten gisa, saski-naski gisa baizik, zeinetatik elementuak ausaz hartuz joan daitekeen gizakia; eta, gero, argazkigintzaren praktika bera». Atzo inauguratu zen erakusketa, eta han izan ziren hiru artistak, komisarioarekin eta Ane Abalde aretoko zuzendariarekin batera. Ekainaren 2ra bitarte egongo da zabalik.

Argi bat, hiru begirentzat

Carla van de Puttelaarren (Zaandam, 1967) lanak hartzen du erakusketa sarrerako espazioa. Ikonografia barrokoarekin ageriko lotura erakusten dute haren argazkiek, baina, era berean, gaurko garaira ekartzeko elementuak gehitzen ditu. «Emakumezko gorputzak» jarri ditu bere obraren erdigunean hasieratik, eta argi naturalarekin egin du lan beti. Dioenez, soilik hark agertzen ditu «misterioak». Gorputzeko zainenak, esaterako: «Hainbeste gauza ari dira gertatzen gure barruan, horren esentzia dira zainak: osotasuna, zaurgarritasuna, dotorezia». Komisarioaren arabera, Rubensen eta Rembrandten koadroekin alderatu daitezkeen argazkiak dira Van de Puttelaarenak. Onartu du haien eragina argazkilariak ere. Gorputz atal biluziak, adats luzeak, loreak... hondo beltz baten kontra jartzen ditu, argi-itzalak bilatzeko. «Itzalean ere argia dago, eta itzal hori nola argitzen den, hor sortzen den zirrara transmititu nahi dut».

Argazkiez gain, bideoak ere egiten ditu Van de Puttelaarek, «mugimenduaren sentiberatasuna» erakusteko. Zainen pultsazioena, kasurako. Soinuak ere bilatu ditu erakusketarako, «irudiak indartzeko».

Haren lanen ondoan daude Hellen van Meeneren (Alkmaar, 1972) argazkiak. Hogei urteko ibilbidearen lagin bat hautatu dute erakusketarako; hasieran egin zituen nerabeen erretratuetatik, azken urteetan lantzen ari den maskoten zein pose hutsa bilatzen duten irudietara. «Urak bere bidea topatzen duen moduan topatu du nire lanak berea; elkarrengandik oso diferenteak izan arren, beti da oso Hellen, beti bilatzen du zentzua», adierazi zuen argazkilariak berak.

Arteguneko goiko solairuan, Sanne De Wilderen (Anberes, 1987) lanak hartu du espazio osoa; hiru argazkilarien artean gazteena eta estilorik ezberdinena duena da. Belgikan ikasten ari zela, haur itsuen eskola batera joan, eta han ezagutu zuen aurrenekoz pertsona albino bat. «Halako edertasunik eta zaurgarritasunik ez nuen aurretik inoiz ikusi». Argazki bat egin zion, eta albinoekin lanean segitu du ordutik. Snow White seriean bildu ditu, eta horko argazkiak dira erakusketan jarri dituenak. Marko gabe, izenik gabe. «Ez dira erretratuak, ez ditut pertsona moduan erakutsi nahi. Esperientzia sentibera transmititu nahi dut. Bizi duten zaurgarritasuna ikaragarria da, baina zaurgarritasun horren indarra azaleratzen saiatzen naiz». Irudiak argitara aterata errebelatzen ditu, «irudiak ia disolbatzen diren arte».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: