Kolonialismoa bi artistaren begiradetatik

Uriel Orlow eta Jumana Manna sortzaileek erakusketa bana zabaldu dute Donostiako Tabakaleran. Bide ezberdinetatik bada ere, botere harremanak dituzte gogoetagai biek

Orlowk botanikaren bidez arakatu du Afrikan kolonialismoak ezarritako botere harremanen historian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Kolonialismoak forma ugari hartu izan ditu historian, baita gaur egun ere, eta artistek ere askotariko obren bidez aztertu eta plazaratu izan dituzte gai horri buruzko gogoetak. Horixe bera egin dute Uriel Orlow (Zurich, Suitza, 1973) eta Jumana Manna (Princeton, AEB, 1987) sortzaileek, Donostiako Tabakaleran jarri duten erakusketa bikoitzean. Nork bere ildoa eta adierazpideak hautatuta, kolonialismoaz, botere harremanez eta bi horiek ezagutzarekin dituzten loturez egin dute gogoeta beren proiektu berrietan, eta Tabakalerako erakusketa gela nagusiaren alde banatan jarri dituzte beren sormen lanak; aurrez aurre, baina elkarrekin, aldi berean. Guztiak urriaren 6ra bitarte izango dira ikusgai, jarduera programa zabal bat osagarri dutela.

Ez da lehen aldia bi artistek beren lanak Tabakaleran erakusten dituztena. Orlowk zentroaren irekierako erakusketan parte hartu zuen, 2015ean, eta L'Intrus talde erakusketan Mannak, iaz. Baina aurrenekoz jarri dute orain nork bere banakako erakusketa. Ezaguna dute elkarren obra, eta, ibilbide ezberdinak egin badituzte ere, bat datoz hainbat auzi hizpidera ekartzean. Erakusketan, Orlowk Afrikari begiratu dio, eta botanikaren bidez aztertu ditu kolonialismoaren ondorio diren botere harremanak, bere gogoetak hainbat argazki eta ikus-entzunezko lanetan jasotzeko. Mannak, berriz, ikus-entzunezkoak eta eskulturak baliatu ditu Ekialde Hurbileko gaur-gaurko gaiak jorratzeko, tartean boterea, kolonialismoa eta kultur trukea.

Orlowk ikerketa prozesuen inguruan egin ohi du lan, eta bere Theatrum Botanicum egitasmoak Hegoafrikan 2014an egin zuen egonaldian aurrera eramandakoa du oinarri. Boterearen eta ezagutzaren arteko harremanak aztertzeko, abiapuntu berezia hautatu zuen: botanika. Lorategi botaniko batera egindako bisitan, atentzioa eman zion bertako landareen izenak ingelesez eta latinez ikusteak, Hegoafrikan 11 hizkuntza ofizial baitaude, baita ofizialak ez diren beste hainbat ere. «Jatorrien, ezagutzaren eta kolonialismoaren inguruan pentsarazi zidan». Kolonietara eginiko espedizio zientifikoetan, menpeko lurraldeetako landareei —europarrentzat aurkikuntzak ziren horiei— izen berriak jarri ohi zizkieten, eta aurrekoak ezabatu. What Plants Were Called Before They Had a Name (Nola esaten zitzaien landareei izen bat izan aurretik, 2017) lanean jaso du gogoeta hori. «Bi ezagutza molde aurrez aurre ageri dira lorategian. Apartheida amaitu eta 25 urtera, proiektu koloniala bizirik dago, eta harreman hori erakutsi nahi nuen».

Antzeko gogoeta bat egiten du Geraniums Are Never Red (Geranioak ez dira inoiz gorriak, 2016)lanean. Europa osoan oso zabalduta dago landare hori, eta askok bertakotzat dute, baina kolonien garaian ekarri zuten Afrikatik. «Gure egunerokoaren parte dira, baina ez dugu ezagutzen beren historia». Nelson Mandela preso izan zuten kartzelako patioaren argazkia ere ageri da aretoan, non presoek lorategi txiki bat jartzea lortu zuten. Lorategia tresna politikoa da kasu horretan, artistaren hitzetan; esaterako, han ezkutatu zuten Mandelaren biografiaren idatzia.

Aretoan aurrera eginda, ikus-entzunezko bi piezak aztertzen dute zer eragin izan zuen kolonialismoak Hegoafrikako medikuntza tradizionalean, zeinak landareak dituen oinarri. Jazarria izan zen hasieran, baina gerora farmazia industriak iturri gisa hartu du printzipio aktiboak identifikatu eta botika sintetikoak sortzeko. Ezagutza indigenen onuradunez eta egile eskubideen babesaz gogoeta eginarazten dute lanok. Soil Affinities (Lurren parekotasunak, 2018) instalazioak ixten du erakusketa. Argazki bat dago horman, zeinetan hainbat pertsona ageri diren haziz betetako kutxak garraiatzen, Afrikatik Europara bidaltzeko. Lurrean, berriz, beste hainbat kutxa jarri ditu artistak, barruan pantailak dituztenak. Irudien bidez, historia (post)kolonialaren eta landareen zirkulazioaren arteko harremanak aztertzen ditu, XIX. mendean Aubervilliersen (Frantzia) zeuden baratzeak eta Parisko lorategi botanikora Afrikatik eramandako landareak lotuz.

Haziak eta gorputz atalak

Ikus-entzunezko bi piezak eta horien inguruan jarritako eskultura multzoak osatzen dute Jumana Mannaren erakusketa. Eta, Orlowren kasuan bezala, lanetako batean haziak dira protagonista, Wild Relatives (Senide basak, 2018) ikus-entzunezkoan. Siriako gerraren ondorioz, bertako espezieen haziak gordetzen zituen biltegia Libanora lekualdatu zuten, babestu, eta gero Svalbardeko (Norvegia) Munduko Hazien Gangan gordetzeko. Beste ikus-entzunezko lan bat dago aurrerago: A Magical Substance Flows Into Me (Substantzia magiko bat nigana lerratzen da, 2016). Robert Lachmann etnomusikologo judu-alemaniarraren ahotsa entzuten da hasieran; 30eko urteetan Palestinara emigratu eta, Unibertsitate Hebrearrean ekialdeko musikaren artxibo bat eta sail bat ezartzeko asmoz, irratsaio bat sortu zuen Palestinako Irratigintza Zerbitzurako. Tokian tokiko komunitateetako musikariak gonbidatzen zituen saiora, beren herrietako doinuak jo zitzaten. Mannak, Lachmannen pausoen atzetik, Palestinaren historiako hainbat komunitate bisitatu zituen, gero bere obran erakusteko —jatorriz palestinarra da artista—. «Biztanleen aniztasuna agertu nahi izan dut», azaldu du artistak, iritzita sinplifikazioa nagusitzen dela gehienetan eremu horretako gatazkaz hitz egitean.

Pantailaren aurrean, espazioan barreiatuta, artistak hainbat eskultura jarri ditu, zuriak guztiak. Gorputz zatiak irudikatzen dituzte hainbatek, eta beste hainbatek El-Badi izeneko jauregiaren historia eta egungo egoera, «paisaia artifizial baten ideia» oinarri.

Ane Rodriguez eta Jone Uriarte izan dira komisarioak Mannaren erakusketan; Orlowrenean, berriz, Ane Agirre izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.