Begiratzeko erak eta aukerak

Gizarteak «gorputz arazotsuak» behatzeko duen modua jorratu du Jesper Justek 'Ikuskizun izengabe hau' obran. Urriaren 20ra arte izango da ikusgai, Bilboko Guggenheim museoan

Jesper Just, Guggenheim museoan aurkeztutako obrari begira. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Iluntasunak irensten du aretoko sarrera zeharkatzen duen ikuslea. Bisitariak tentuz eman behar ditu lehen pausoak. Alta, ez du izango ohitzeko adina astirik, segituan pantaila batek igorritako argia antzematen hasiko baita. Instalazioak arbola sorta baten kontrapikatuarekin ematen dio ongi etorria. Arbolen buruak hain dira mardulak, ezen elkarri itsatsita daudela baitirudi. Bisitariak travelling geldo batekin jarraitzen dio segida ia amaiezinari. Hondoan, edozein parketan aurki daitezkeen soinuak; leunak, lasaiak. Hitzek ez dute tokirik filmak erdietsitako atmosfera horretan.

Ikuskizun izengabe hau obraren erdia baino ez da, ordea, bisitariak lehen begi kolpean ikusi duena. Buelta ematen badu, aurrez aurre egingo du topo bigarren pantaila panoramiko batekin; ikusleak toki berean jarraituko du —Parisko Buttes-Chaumont parkean eta inguruetan, zehazki—, baina perspektiba ezberdinetik ariko zaio istorioari so. Oraingoan, emakume bat agertzen da, gurpil aulkian. Hala, aretoan sartzean entzun duen hartxintxar soinua justifikatu egiten da.

Jesper Just artista danimarkarrak 2011n estreinatu zuen obra, eta urriaren 20ra bitartean egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim museoan. Erabat berritzailea izan zen bere karreran, lehenbizikoz erabili baitzuen kanal bikoitza. Baliabide berriari esker, audientziak xehetasun berriak harrapa ditzake; alegia, pantaila bakar batean eman ezin diren ertz horiek guztiak.

Aldea ez da hutsala: «Unibertsoa zabaldu dut», onartu du Justek. Ondorioz, filmak irauten duen 13 minutuetan etengabeko «hautua» egin beharra dago, artistak azpimarratu duenez.

Dena den, zinemagintza konbentzionalaren «aldebakartasunetik» ihes egitea izan du xede. Agerikoa da: obran ez dago hitzik, ezta musikarik ere; filmaren laburtasuna gorabehera, erritmoa mantsoa da... Pelikula museoan erakusteko erabakia ere ez da ohikoena ikus-entzunezko diziplinetan, baina agertoki hori egokitu zaie hobekien haren intentzioei: «Gauzak arin doaz, baina jendea kontenplatzera joaten da museoetara».

Akzioari muzin egin, eta eguneroko txikitasunetan jarri du arreta artistak. Hori lortzeko, William Carlos Williams idazle estatubatuarraren The Right Way poeman oinarritu da. Hango esaldi batek, preseski, begien aurrean gertatzen diren «ikuskizun izengabe» anitzen «edertasuna» aldarrikatzen du. Erakusketaren komisario Manuel Cirauquik ere Williamsen literatura goraipatu du, eta Justen obrarekin duen lotura berretsi, biek ala biek «izendatu ezin daitekeen errealitatea» agertzen dutelako.

Nabarmendu gabe gertatzen diren gertakari horietako bat izan liteke gizarteak egindako auzia, filmeko protagonistak pairatzen duena. Izan ere, Justen obrak, edertasunerako ez ezik, badu tokirik egunerokoak dituen xehetasun ez hain xarmantak ere islatzeko. Egileak «gorputz arazotsuak» begiratzeko modua izan du hizpide film laburrean, «ikusten denarekiko ardura» duela onartu baitu.

Protagonistak ordezkatzen ditu gorputz horiek guztiak obra honetan. Batetik, gurpil aulkian doalako; bestetik, hura interpretatzen duen aktore eta abeslari frantziarra, Marie-France Garcia, transgeneroa delako. Artistak berak azpimarratu zuen datua aurkezpenean.

Filmaren hasieran, gizartearen begirada iradokia da. Emakumea parketik doan bitartean, ikuslea bera bihurtzen da auziaren erantzule, hein batean; aldiz, filmaren bigarren erdian gizon batek hartzen du lekukoa. Emakumearen atzetik doa, hari segika, eta minutu batzuetan harengan iltzatzen du begirada. Kanal bikoitzari esker, ikusleak jazarpena jarraitzailearen zein jarraituaren begietatik ikusteko aukera du. Berriro ere, pantailen artean bat aukeratu behar da. Emakumea etxera heltzean, gizonaren begiradak dirau; oraingo horretan, aldameneko eraikin batetik behatzen dio andreari.

Bi ikuspuntuak ageri dira, baina ikuslea emakumearen larruan jartzen da ezinbestean. Kalean aurkitzen dituen oztopoetan ere berdin. Komisarioaren hitzei erreparatuta, Justek arrakastaz lortu du enpatia adieraztea: «Aulkiaren ikuspuntuarena isla leiala da, eta erakusten du horrek nola determinatzen duen». Egileak agerian uzten ditu hirian barrena doala gurpil aulkian dagoenak jasotzen dituen «bultzadak». Bestalde, plano motzei esker, argumentuaren ezustekoek protagonistarengan duten eraginari ere errepara dakioke.

Sinbiosia hiriarekin

Artistak «natura eta kultura» batu nahi izan ditu emanaldian, eta bien ertz ahalik eta gehien erakutsi. Parkeko landareekin eta protagonistaren erreakzioekin eman dio tokia naturari; kulturari, gorputz «problematikoei» gizarteak egindako begiradaz aparte, filmean askotarikoak diren elementu arkitektonikoekin. Hala ere, bien arteko mugak lausotzeaz arduratu da artista, «arkitekturaren eta gorputzaren arteko erlazioa» lortu baitu, Cirauquiren arabera: «Arkitekturako protesiak eta gizakiak horiek zeharkatzeko erabiltzen dituen elementuak» jarri ditu harremanetan, komisarioaren iritziz.

Artista danimarkarrak hainbatetan jorratu du arkitekturaren eta gizakien arteko eragina. Guggenheimekoaz gain, gaia hizpide duen erakusketa bisitatu daiteke Lisboako MAAT museoan. Servitudes-Circuits (Interpassivities)bildumak Justen aurreko bi lan batzen ditu; Bilbokoarekin lotura duela azaldu du artistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.