Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko dira Bonello eta Miike

Mati Diop, Denis Cote, Diao Yinan eta Justin Websterren filmak emango dituzte, besteak beste. Hemeretzi film bilduko ditu Donostiako Zinemaldiako «sailik irekienak»

Bertrand Bonelloren Zombi Child Cannesen aurkeztu ondoren iritsiko da Donostiara. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiko sail aberatsena izan ohi da Zabaltegi-Tabakalera. Formatu, iraupen eta genero ugaritako filmei lekua egiten diena, fikzioarekin eta ez-fikzioarekin jolasten duena. Aurten, hemeretzi film bilduko ditu, hamahiru film luze, iraupen ertaineko bat eta lau film labur, eta zinemagile ezagunak nahiz zuzendari berriak egongo dira ordezkatuak bertan. Hala, besteak beste, Bertrand Bonellok, Mati Diopek, Andres Di Tellak, Takashi Miikek, Damien Manivelek, Denis Cotek, Diao Yinanek eta Anthony Marcianok erakutsiko dituzte euren azken lanak Zabaltegi-Tabakaleran. Sail horretan izango dira, aurretik iragarri bezala, Maddi Barberrek zuzendutako Urpean lurra iraupen ertaineko filma, Itoizko urtegiaren gatazkari buruzkoa, eta Izibene Oñederraren Lursaguak animaziozko film laburra. Helene Cixousen gogoeta bat du abiapuntu Oñederrak lan horretan: sekula ezagutu gabeko espezie bateko milioika sator milaka urteko kultura baten azpiak jaten ari dira.

Nocturama filmarekin (2016) Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu eta Sarah Winchester, ópera fantôme (2016) Zabaltegira ekarri ondoren, Bertrand Bonello (Niza Frantzia, 1968) azken sail horretara itzuliko da Zombi Child-ekin. Filmaren abiapuntua 1962. urtea da, baina 55 urteren ondoren jarraituko du, Frantziako hiriburuan. Bestalde, Takashi Miikek (Yao, Japonia, 1960) Hatsukoi filmarekin parte hartuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean. Zuzendariak boxeolari bat, prostituta bat, polizia ustel bat eta yakuza bat elkartu ditu bere filmografian ezagunak diren beste pertsonaia batzuen artean. Bonellok bezala, Miikek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen film hori.

Angela Schanelecek (Aalen, Alemania, 1962) Ich war zuhause, aberaurkeztuko du, hamar egunez arrastorik utzi gabe desagertuko den seme baten amari buruzko istorioa. Zuzendaria ohiko parte hartzailea da Cannesko eta Berlingo zinema jaialdietan, eta, film horri esker, zuzendaritza onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen Berlingo azken zinemaldian. Hango Sail Ofizialean parte hartu zuen, era berean, Denis Cotek (New Bruswick, Kanada, 1973). Répertoire des villes disparues filmean, gertakari bitxi batzuk gertatzen diren Quebeceko herrixka batera hurbilduko da.

Jean-Gabriel Periotek (Bellac, Frantzia, 1974) Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuen Lumières d'été (2016) filmarekin, eta Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, Une jeunesse allemande (2015) eta Song for the Jungle (2018) lanekin. Azken horretan aurkeztuko du Nos défaites. Periotek Berlinale Forum sailean parte hartu zuen lan horrekin, Callisto McNulty (Paris, 1990) zuzendari hasiberriak Delphine et Carole, insoumuses filmarekin bezala. Lan horretan, 70eko hamarkadako feminismorako bidaia bat proposatzen du, Delphine Seyrig aktorea eta Carole Roussopoulos bideo artista aurrez aurre jarririk.

Atlantique Mati Diopen (Paris, 1982) lehen lana ere erakutsiko du Zinemaldiak. Dakarreko langile batzuk etorkizun hobe baten bila itsasoratzen direnean hasten da filma. Hari esker, Cannesko Sail Ofizialean Epaimahaiaren Sari Nagusia eraman zuen zuzendariak. Jaialdi hartan lehiatu zen Diao Yinan ere, Bai ri yan huo / Black Coal filmarekin Berlingo Urrezko Hartza irabazi ondoren. Bere azken lanean, erredentzio bila ari den gangster bat eta berriz aske izateko ahaleginetan ari den prostituta bat bildu ditu.

Andres di Tellaren Ficción privada, Anna Sofie Hartmannen Giraffe, Maya Kosa eta Sergio da Costaren L'île aux oiseaux, Damien Manivelen Les enfants d'Isadora eta Anthony Marcianoren Play film luzeak; Manuel Abramovichen Blue Boy, Ion de Sosa eta Chema Garcia Ibarraren Leyenda dorada eta Martin Rejtmanen Shakti laburrak; eta Justin Websterrek zuzendutako El fiscal, la presidenta y el espía telesaila ere emango dituzte Zabaltegi-Tabakalera sailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.