Harremanak, errealitatearen ifrentzu

Goiatz Labandibar idazleak hamasei narrazioz osaturiko liburu bat plazaratu du. Istorioak harremanei buruz mintzo dira, «dramarik gabe». Hiru urteko lanaren fruitua da liburua

Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Goiatz Labandibar idazleak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) kalean du hirugarren liburua, Hori zen dena izenpean. Hamasei istorio labur bildu ditu bertan, eta, horien bidez, hamaika pertsonaia eta bizipen. Liburu bakar bat osatzen duten, baina narrazio independenteak dira, gai beraren ingurumarian idatziak. Harremanak izan ditu inspirazio eta hizpide, narrazio bakoitza errealitatearen ifrentzu eta ispilu izanik. Hala adierazi du sortzaileak: «Ez dira kasualitatez topatzen diren pertsonen arteko harremanak, afektibitate bat edo hurbiltasun bat duten pertsonen arteko harremanak baizik». Era horretan, harreman asko jorratu ditu: amodiozkoak, familiakoak eta lagunen artekoak.

Harremanen mundu zabal hori korapilatsua izan daitekeen arren, «dramarik gabe» idatzi ditu istorioak: xalotasunez. Hain justu, hori esan du Jorge Gimenez Alberdania argitaletxeko kideak: «Erraztasuna du idazterakoan, errazkeriarik gabeko erraztasuna, idazkera xaloa eta oso landua, eta xalotasun hori ez dator ofiziorik ezetik edo jakintzarik ezetik: lanketa serio batetik dator».

Hala, harremanek gizartean izan dezaketen izaera malkartsu eta mardul hori alde batera utzi, eta oinarrian jarri du begirada, dramatismotik ihesi. «Harreman horiek ez dira errazak, ezta guztiz politak ere. Izan ere, ez da dena arrosa gure egunerokotasunean; baina, askotan, ez dira izaten guk uste bezain konplikatuak», esan du idazleak. Harremanekiko duen begirada apala azpimarratu du Gimenezek: «Idazterakoan darabiltzan kezkak, harridurak, gogoeta gaiak, guztiok eguneroko bizimoduan ateratzen ditugunak eta etortzen zaizkigunak dira; ez dira fabrikazio bitxiak». Hala, idazlearen naturaltasuna goratu du, istorio horiek guztiak «ahotsa behartu gabe» idazten dituelako.

Begirada hurbila

Izaera natural eta xaloari jarrai, idazleak adierazi du istorioen amaierak ez direla agian irakurle erromantikoen gustuko izango, gizartean gailendu den amaiera zoriontsu horren sinesmena, errealitatea baino gehiago, fikziotik gertu egon daitekeen iruditegia baita harentzat: «Narrazioak ez dira amaituko erromantikoek nahiko luketen bezala... Ez nuke esango amaiera tristeak direnik; errealitatearen ispilu dira harremanak».

Izenburua ere esanguratsua da: Hori zen dena. Labandibarren esanetan, amaiera baten antza har dezake esamolde horrek: agur bat. Idazleak, baina, beste adiera bati egin dio keinu: «Hori zen dena; hau da, begira zein errazak diren gauzak, edo zein errazak izan daitezkeen, eta guk zenbat konplikatzen ditugun».

Hamasei narrazioetan pisu handia dute emakumeek; izan ere, emakumeak dira pertsonaia gehienak. Labandibarrek esan duenez, idazle bakoitza istorio bat idazten hasten denean abiatzen den posizioarekin lotuta egon liteke emakumeen presentzia nabarmen hori:«Idazle bakoitza mundua ikusteko posizio batetik abiatzen da, eta emakumezko protagonisten presentzia posizio horri lotua egon liteke».

Deskribapenari dagokionez ere, soila da liburua, idazleari ez baitzaio inportantea iruditzen azaltzea logela bat nola dagoen apainduta, edo pertsonaia bat altua edo baxua den azaltzea, betiere narraziorako ezinbesteko gakoa ez denean: «Ezaugarri horiek azaltzen baditut izango da garrantzitsuak izango direlako narrazioan aurrera egin ahala».

Hirugarren lana izanik, agerian gelditu da aurreko liburuekiko erregistro aldaketa: «Azken hiru urteetako prozesu baten ondorioa da liburua, baina aldaketa bat dago aurreko lanen aldean: garaikideagoa da». Alde batetik, denbora eta tempusa aipatu ditu; gaur egunean kokatu ditu narrazio guztiak, eta, kokaleku geografikoari dagokionez, Euskal Herrian gertatzen dira guztiak. Modu horretan irakurlea erraz identifikatuko dela uste du.

Denbora eta geografia ez ezik, beste ezaugarri batzuk ere aipatu ditu Labandibarrek: laburtasuna eta narrazioen egitura, kasurako. Mamia laburrago idazteko joera garatu duela aitortu du, eta alde batera utzi dituela apaindura guztiak. Bat dator Gimenez ere: «Istorio guztiak oso pintzelkada zehatzez marraztu ditu; ez du denborarik galtzen horniduran edo apainketan; behar den hori esaten digu, eta behar ez dena ez du ezkutatzen; besterik gabe, hor gelditzen da, adierazi gabe».

Egiturari dagokionez, egitura klasikoak baztertu eta bestelako bideak hartu ditu, idazlearen hitzetan: «Oso ohituta gaude narrazio batek beti izan behar duela modu bateko hasiera bat, korapilo bat eta amaiera jakin bat. Horri ere buelta bat eman ahal zaio, eta ni hori egiten saiatu naiz, beste egitura batzuk erabiltzen». Hala, joera betikotuak hautsiz eta bestelakoak sortuz, hirugarren lana argitaratu du idazleak: labur eta xalo. Hiru urteko lan prozesu baten fruitua izan da liburua, eta, idazlearen esanetan, «arrastoa» utzi nahi du: «Espero dut irakurle bakoitzak liburua hartzean bere prozesua egin eta arrastoa uztea. Arrasto hori mila modutakoa izan liteke: irribarre bat, zer pentsatua ematea...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.