Egunerokotasuna filosofiaren galbahetik pasatzeko saioa

Agustin Arrieta Urtizbereak 'Gogoeta-bide irekiak' saiakera filosofikoa argitaratu du, EHUrekin. Fikzioari, egiari, natura-kultura dikotomiari eta hezkuntzari buruz ari da bertan

Agustin Arrieta Urtizberea idazleak joan den ostiralean aurkeztu zuen bere saiakera berria. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Agustin Arrieta Urtizberea (Errenteria, Gipuzkoa, 1962) Filosofia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta irakasle izaera horrek eman dio azken gogoeta liburua taxutzeko bidea. Gogoeta-bide irekiak. Fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat, izan ere, «modu berezian» sortu da, berak nabarmendu duenez: auzi batzuk detektatu zituen, «gehienak ikasleen ahotik», eta ikasgelan ez ezik, gizartean bertan ere bolo-bolo zebiltzanak. «Eta nire intuizioa zen auzi interesgarri eta mamitsu horien inguruan gutxitan entzuten dela filosofiaren ahotsa. Eta filosofiak badu zeresana».

Auzioi aurre egitea erabaki zuen, bada, Arrietak. Bazuen esperientzia lehendik: Sinesmenak eta usteak (Alberdania, 2010), Arimak eta balioak (Jakin Irakurgaiak, 2013), Filosofiarako sarrera bat (EHU, 2016) eta Zientziaren argi-itzalak (UEU, 2017) argitaratuak zituen, besteak beste.

Oraingoan, saiakera lau zatitan egituratu eta lehenengo zatiko protagonista nagusi bihurtu ditu artea, fikzioa, umorea, adierazpen askatasuna... Zer-nolako ezagutza ematen du arteak? Artea izan daiteke immorala? Eta immorala baldin bada, zer egin behar da artearekin? Halako galderak izan ditu egileak buruan atal hori ontzerakoan.

Gogoeta-bide irekiak liburuko bigarren zatian, egia, neutraltasuna eta objektibotasuna bezalako kontzeptuen inguruko kezka bat ageri du egileak. «Egungo gizartean kontzeptuok gutxietsi egiten direla iruditzen zait, eta kezkatuta nago horrekin». Atal horretan aipatzen du Arrietak egia-osteko aroa. «Egia-ostekoari buruzko ikuspuntuen artean, filosofiarena gutxitan aurkitzen dut, eta harrigarria zait. Kontuan daukat egia filosofian betidanik jorratu den gaia dela, eta, itxura guztien arabera, etorkizunean ere hala izango dela».

Hirugarren zatian, natura-kultura dikotomiaren inguruan ari da pentsalaria. «Batzuen ustez, gizakia bereziki kulturala da; besterenean, nagusiki naturala da». Eztabaida horretan murgildu, eta muturreko jarrerek dakarten problematika azaltzen saiatu da:«Gizakia kulturala eta naturala da, xehetasunetan dago eztabaidaren interesa». Animalien eskubideen auzia ere atal horretan aztertu du, eta askatasunarena eta erantzukizunarena ere bai.

Liburuko laugarren partean, azkenik, hezkuntzari lotzen zaio idazlea. «Hezkuntza gai handi bat da, eta, horren barruan, galdera zehatz batzuk jarri ditut mahai gainean». Zer eman dezakeen erlijioak hezkuntza sistemaren barruan, esate baterako. Eta humanitateen eta filosofiaren funtzioa zein izan daitekeen hezkuntza sisteman. Eta zein den humanitateen, artearen, zientzien arteko harremana, eta harreman hori nola eraman behar den hezkuntza sistemara. «Kapitulu hori da, seguruenik, aldarrikatzaileena; laikotasunaren aldeko apustua dago. Foro askotan eztabaidatu dut gai horri buruz, eta eztabaida konplexua da, baina nik tesi irmoa defendatzen dut hemen. Besteetan ez naiz hain irmo ageri, baina atal horretan garbi dago nire posizionamendua».

Zorroztasunaz

Ikasleen ahotik jasotako auziei buruzko liburuaren aurkezpenean, joan den ostiralean, bi ikasle ohi izan zituen ondoan Arrietak: Beñat Sarasola eta Irati Zubia. Erdigunean auzi filosofikoak jartzeko eta «hitzak zorrozteko» gaitasuna goratu zion Sarasolak. «Liburu honetan gai asko daude, problematikoak ugari.Pasio asko gurutzatzen diren gaiak dira, baina egileak beti osomodu irekian lantzen ditu. Liburu antidogmatikoa iruditu zait. Eta praktikara eramaten du aldarrikatzen duen hori: behar duenean, zalantzak azaltzen ditu».

Gogoeta-bide irekiak «irekia» da, Arrietaren esanetan, gaietan eta gaiok garatzeko moduan. Denak jorratu eta zaku batean sartzea erabaki zuenean, «zubiak lantzen, konexioak ikusten» hasi omenzen: «Bukaera aldera, sumatu nuen hor bazela halako sare bat, kontzeptuen, tresnen, auzien sare bat». Eta sare horrek baditu, pentsalariaren aburuz, bukatu gabeko hariak: «Auzi hauek ez dute amaierarik, irekita geratu dira».

Liburu osoa «filosofia egiteko modu baten ariketa» dela nabarmendu zuen prentsaurrekoan Zubiak. «Behin baino gehiagotan irakurri diot Arrietari liburu honetan egunerokotasunari begirunez begiratu nahi diola, errespetua diola. Hala, hizpide dituen gaiek egunerokotasunean duten zentzua nabarmendu eta errespetatu nahi ditu. Hemen jorratzen diren gai eta kontzeptuak oso garrantzitsuak dira gure bizitzan. Hemen egiten den filosofiak hartzen du lan handia gaien, terminoen eta kontzeptuen esanahia argitzen».

Arrietak, bere aldetik, liburuaren sakontasuna eta zorroztasuna noraino iristen diren baloratzeko gauza ez dela sentitzen azaldu zuen. «Saiatu naiz ezkontzen zorroztasun puntu bat ulergarritasunarekin». Ulergarritasuna helburu, ordu asko pasatu ditu testua behin eta berriro orrazten, erantsi zuenez. «Azpimarratuko nuke ulergarritasunaren aldeko apustu bat badagoela lan honetan. Nik nahi dut lan hau nire gelatik edo fakultateko geletatik kanpora ateratzea; beste testuinguru batzuetan ere zentzuzkoa izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.