Kiwi hegalari bat galaxian

Diabolo Kiwi taldeak bigarren diskoa karrikaratu berri du: 'Uhin galduak'. Lan «serioagoa» eta «potoloagoa» egin du laukoteak, baina umorerik batere galdu gabe

Diabolo Kiwi taldea, iragan astean, Biriatun (Lapurdi), kontzertu aitzineko soinu probak egiten. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bigarren diskoa argitaratu berri du Diabolo Kiwi taldeak: Uhin galduak. Lehena bortz kantuko lan laburra izan zen, etxean grabatua, Kokinkeriak fini. Berri hau, aldiz, bederatzi abestik dute osatzen. Laukotearen izpiritu umoretsuarekin bat egiten du lan berriak ere, hitz «absurdoak» lotu baitizkiote funk-pop-rock estiliko musika «seriosago» eta «landuagoari».

Leire Iribarne taldekideak aitortu du lehen aldikoz lan «potoloagoa» egin dutela musikalki,«gehiago» landu dutela, hots. Finean, taldeak kalitatea indartu du, obra berria lekuko: «Bihurgunea hartu dugu disko honekin, eta sonoritatea bera eta kantuak ilunagoak dira».

Bi pertsonaien «bidaia inter-galaktikoak» josten du diskoaren hari gorri umoretsua. Haiek gidatzen dute entzulea, haien «abenturen» bidez obrak osotasun bat atxikitzen du: «Kantuak ez badira baitezpada lotuak ere, pertsonaien izenak edo detaile batzuk atzemanen ditugu denetan», xehatu du Iribarnek.

Deigarria da musikaren estetika zaindu eta serioak hitzen graziarekin egiten duen talka: «Horrelako momentuetan da ageri nola sentitzen ginen gure baitan, euforia faseak genituen, badira kantu zozoak. Maite dugu umorea atxikitzea. Nahi genuen lan potoloagoa, serioagoa egin, baina atxikiz begi kliska batzuk kantu batzuetan, kantu zozoak idatziz, absurdoak arrunt».

Musikak alaitasunetik ez du eskas, lehen diskoari jarraikiz, hau ere arrunt dantzagarria baita.

Beltzak badu umoretik

Umorea umore, kantu batzuen oinarrian kezkak eta salaketak ere ageri dira, laukoteak ez baitu bistatik galtzen errealitatearen larria: «Umorea galdu gabe errealitatean ditugun arazo eta erronka guziak hor ditugu presente aspalditik. Garrantzitsua da horren kontra joatea, euskaraz sortuz, musika eginez, kontzertuak antolatuz, gure artean antolatuz borroka guzi horien kontra joateko», borobildu du Iribarnek.

Beroketa funklimatikoa kantuko hitz jokoek, adibidez, klimaren beroketaz dihardute: «Beroketa funklimatikoa/ Itzulipurdika lortuko duguna/ Merexi duzuena». Bankarrot! abestiko hitz hauek ere irri pizle izan daitezke; Monopoly jokoaren partida baten kronikaren bidez sistema kapitalistaz trufatzeko: «Marten ezingo du hotelik eraiki/ Etsaiak Tharsis ebatsi dako/ Zaldi trafikorik ez martzianoen herrian [...] Zer ote? 20.000ko zerga/ Hipoteka/ bi kakahueta azken biera eta etxera...». Letraren nondik norakoa xehatu du kantariak: «Argiki salatu nahi izan dugu kapitalismoa; dena saltzen eta erosten dela, nork duen sos gehien... Monopoly partida baten bidez istorio ttipi bat sortu dugu, ez dira gai frontalak aipatzen».

Teknologiak baldintzatzen dituen giza harremanen bilakaeraz, berriz, hoztasuna transmiti lezake Diabolo Kiwiren Ameslariak kantuak: «Zortearen algoritmo perfektuak/ Elkartu ohi ditu ardi galduak/ Simulakro batean bizi ginela uste zutenek/ Enpatia eta maitasuna nahasi dituzte/ Batak androida andregai/ Bestea gertatuko denaren zain».

«Hori zaigu irrigarria: lana landuagoa eta serioagoa egitea, baina hitzetan pitokeria batzuk erratea. Hala ere, badira beste kantu batzuk serioagoak, istorio bat kontatzen dutenak. Badugu kontrastearen zaletasuna, hitz eta musikaren artekoa», gehitu du Iribarnek.

BZK kantuak ere filosofia bera garraiatzen du: Bixkotx Zaleen Kluba muntatu baitute, euskal pastiza bat igorri baitzuten espaziorat, eta egitatea hain «absurdo» iruditu zaien non «drogaren eromenaz» idatzi baitute.

Musikatik hitzetara

Nola gerta, ahotsetik, hitzetatik, melodiatik edo soinu batetik abiatu izan dituzte kantuak, bakoitzak badu bere ibilbidea. Iribarne oroitu da goiz batez Amaiur Epher taldekidea hiru testurekin jin zitzaiela, baina kasuaren arabera, «baxu linea» batetik edo klabierreko akorde edo sonoritate berezi batetik abiatu izan dituzte kantuak. Inprobisaziotik franko badu haien lanak, errepiketan jalgitzen direnak grabatzen dituzte, laket ukanez gero atxiki ahal izateko. Alta, Iribarnek berak hautatzekotan: «Nik nahiago dut musika idatzi lehenik, eta gero hitzak eta melodia. Melodian inspiratua izateko, badakit nahi dudala gibelean harmonia guziak finkatuak izan daitezen, gero boza pausatzeko gainetik. Errazago zait».

Diskoaren kantu izarra ere hautatu dute argiki: Zitokinen ortzantza. Lau minutu pasa irauten duen animazio filmak gidatzen du irudimenaren iruditeria: unibertso ubel arrosan doa espaziontzia, lanjerrak bukaera urosari gaina hartzen dion arte. Bidaia intergalaktiko horrekin haurtzarotik helduarorako jauzia islatu nahi izan du Diabolo Kiwik: «Pertsonaia baten haurtzarotik beste fase batera pasatze horren ekaitza nolakoa den gure baitan. Diskoaren kantu adierazgarriena da hau, bere estetika ongi ezaugarritzen baitu; sortu dugun mundu berria erakutsi nahi izan dugu kantu eta klip honekin».

Nahi baino denbora gehiago behar izan dute Nafarroa Behereko lau musikariek Uhin galduak diskoaren grabatzeko, izan ere, pandemia betean egin behar izan baitute, Mungiako (Bizkaia) Magic Box estudioan: «Denbora eman du anitz, baina lortu dugu poliki-poliki. Biziki zaila zen denok bertaratzea; dena bitxia zen. Moralki ere sentitu dugu».

Masterizazioa, berriz, Londresen egin dute.

DATOZEN KONTZERTUAK
Galdakaon (Bizkaia). Gaur, Kurtzeko parkean, 22:00etan.
Mutrikun (Gipuzkoa). Abenduaren 4an, gaztetxean, 22:30ean.
Durangon (Bizkaia). Abenduaren5ean, Ahotsenean, 11:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.