Zineginen zazpigarrena, abian

Gaur hasiko da euskal zinemaren Zinegin jaialdia; Hazparnen iragateaz gain, Urruñara, Bardozera eta Donapaleura zabalduko dute, lehen aldiz. Igandera arte, hamar bat film proiektatuko dituzte.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bere erritmoan, estreinaldi kontuetatik doi bat urrun, euskal filmak Lapurdin ikusteko aukera emanen dute aurten ere Zinegin jaialdikoek, zazpigarrenez, gaur hasi eta igande arte. Aldiz, orain arte Hazparneko zinema gelan zen iragaten jaialdia, baina, aurten, Urruñako, Bardozeko eta Donapaleuko zinema geletara ere zabalduko da, Hazparneko zinema gela obretan izanik, ezin baitute lekua erabili. Hazparne ez dute utziko, halere, eta trinketean izanen dira zenbait emanaldi. Beste berezitasuna da Euskaraldiarekin bat eginen duela jaialdiak. Garai berberetan eta helburu berekin izanik, elkarren berri emateko aukera ikusi dute Zineginekoek.

Gero, jaialdia estreinaldietatik kanpo dela erratea ere ez da arras egia, Jainkoak ez dit barkatzen bertan estreinatuko baitute, larunbatean, eta baita Margolaria ere (Oier Aranzabal), igandean, Donapaleun. Kontua da funtsa ez duela hori Zineginek. Euskal filmak eskuragaitz ez daitezen segi. Horri aurre egiteko dute sortua festibala duela zazpi urte. Geroztik, saiakera batzuk garatuz joan dira, dela Gabarra banatzailearena, dela, berrikiago, Gastibeltza ekoizle eta banatzailearen proiektua. Baina oraindik bada zer egin. Horra, hortaz, aurtengo zerrenda. Fikzioei dagokienez, Gure oroitzapenak (askoren artean), Oreina (Koldo Almandoz), Basque Selfie (Joaquin Calderon), Handia (Jon Garaño, Aitor Arregi) filmak dituzte ekarriko. Haurrentzat, Barriola San Adriango azeria (Juanba Berasategi) emango dute, Bardozen, larunbatean.

Dokumentaletan, Jainkoak ez dit barkatzen eta Margolaria-z gain, Neskatoak (Jon Abril), Mai da Bai (eta ezetzik ez dago) (Imanol Eppherre, Eider Ballina Mondragon, Ann Baskaran). Laburrek ere beren tartea izanen dute.

Gaualdi bereziak ere prestatuak dituzte aurten. Paxkal Irigoienek Eliraleren Artha ikusgarriarentzat egin soinu banda entzutera emanen dute Urruñan, bihar gauean. Eta etzi bertso-margo gaualdia dute pentsatua Adur Larrea marrazkilariarekin eta Alaia Martin eta Maddalen Arzallus bertsolariekin, Hazparnen.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: zinegin-festibala.eu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.