Durangoko 53. Azoka. Irudienea

Autobusa zen, zinema aretoa da

Irudienea ikus-entzunezkoen plaza da azokaren barruan. Indartuz doa apurka, eta, aurrestreinaldiak, urteak emandako lanak eta bestelako jarduerak hartuko ditu aurten.

Zugaza zinema da azkeneko urteetan Irudienearen gunea. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Autobus batean hasi zen dena. Irudienearen lehen urtean, Landako gunearen ondoan autobus bat aparkatu, barruan pantaila bat egokitu, eta, listo, horra zinema areto bat. «Bazuen bere erromantizismoa», dio Johana Olabarriak, Irudieneko arduradunak. Erromantizismoak erromantizismo, baina, aurrera egin du guneak, eta lortu du programatutako filmak baldintza hobeagoetan erakustea. Ikus-entzunezkoen plaza da Durangoko azokaren barruan, eta, urterik urte, bere tokia irabazi du. Hala, Durangoko 53. Azokak sustatu nahi izan dituen guneetako bat da.

Indartuta dator, beraz, aurten Irudienea. Denera, 31 ikus-entzunezko erakutsiko ditu. Orain arte ikusi gabeko filmak dira batzuk: Telmo Esnalen Dantza-n oinarritutako dokumental sailaren lehen atala eta Koldo Almandozen Oreina ardatz duten hiru film labur, kasurako. Aurrestreinaldiak ere badira: Fernando Bernuesen Soinujolearen semea, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Oier Aranzabalen Margolaria, zeinak gonbidapen bidez ikusi ahalko diren. Beste guztiak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, aretoa bete arte. Eta kasurik gehien-gehienetan, zuzendaria edo lantaldeko beste kideren bat bertan izango da filma aurkeztu eta ikusleekin hitz egiteko; hori da hasieratik Irudienearen bereizgarrietako bat.

Autobus barruan hasi zenak Durangoko Zugaza zineman du segida egun. Bertako areto batean erakusten dituzte filmak, 104 butaka dituen aretoan. Baina aurten, estreinakoz, handiago batera ere egingo dute jauzi hiru lanek: Gure oroitzapenak, Errementari eta Soinujolearen semea-k. Euskal Herrian «gero eta produkzio handiagoak» egiten diren seinale da, Olabarriarentzat.

Proiekzioez gainera, zinemagintzarekin lotutako jarduerek osatzen dute Irudienea; 37 ekintza izango dira aurten mahai inguru eta tailerren artean. Atzo, esaterako, Soinu efektuak zinemagintzan tailerra egin zuten Ikasle Egunean. «Askotan, irudiarekin bakarrik geratzen gara, eta produkzioan dauden beste urratsak erakustea da asmoa».

Bada beste berrikuntza bat ere aurten: euskarazko ikus-entzunezko rallyen arteko lehiaketa. Demas.a deitu dute, «sortzaile amateurren arteko dema», eta igandean izango da, azken egunean. «Film laburren rallyetan, jende asko ari da modu amateurrean ikus-entzunezkoetako ezagutzak bereganatzen, eta hori ere erakutsi nahi dugu».

Irudienearen lekua egonkortuz doa azokan, baina ez da bakarra.Landakotik kanpoko guneak gero eta pisu handiagoa hartuz doazela igartzen du Olabarriak, Gerediagak horretan jarri dituelako indarrak azken urteetan. «Landakotik 300 metrora zabaltzen da azoka osoa, eta, gaur egun, jendeak ardura hartzen du Landakon ez ezik beste guneetan ere zer dagoen begiratzeko».

Pantaila handian

Zinemagile askorentzat euren lanak pantaila handian erakusteko aukera bakanetakoa da Irudienekoa, eta hori ere nabarmendu nahi izan du Olabarriak: «Denek ez dituzte baliabide berak, ekoiztetxe eta banatzaile sendoak; eta hemen soinu eta irudi aldetik baldintza oso onetan emateko aukera dute».

Arrate Fernandezen kasua da, besteak beste. 2015ean Maddi eta Patxi aurkeztu zuen Irudienean, eta aurten Begi ninien koreografia laburrarekin itzuliko da, ostiralean; zehazki, 17:30ean. Maitasun istorio bat da, Edorta Jimenezen Lepoaren geografia olerkia duena ardatz. Abuztuan bukatu zuten filma; orain lehiaketetara bidaltzen ari dira, baina erakutsi, aurrenekoz erakutsiko du jendaurrean Durangon. «Ikusgarritasuna emateko aukera handia da guretzat», aipatu du. Lan bat aretoen zirkuituan sartzeko «kontaktuak» behar direla uste du, eta horretarako ere aukera ematen diela Irudienean egoteak. «Zabalkunderako harremanak behar dira, eta Irudieneak sektorearekin elkartzeko bideak irekitzen ditu». Sortzaileak, finean, bere lana herritarrengana iristea nahi duela dio Fernandezek, eta horretarako «bitartekoak» erraztu behar direla.

Antzera mintzatu zen Ruben Rosas ere atzo, Atsolorra bere lana erakutsi aurretik; eskertuta agertu zen lanari eskainitako «erakusleihoagatik». Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten Benito Ansola lehiaketa irabazi zuen iaz Rosasek Atsolorra-rekin; baserri giroko emakumeek haurra izatean egiten zuten auzo ospakizuna zen atsolorra, eta 2012tik hainbat herri nola ari diren berreskuratzen kontatzen du dokumental laburrak. Ez zen solasaldirik sortu amaitutakoan, baina andre bat hurbildu zitzaion zuzendariari gero: «Asko gustatu zait, zorionak». Eta irribarre zabala hark.

Sarkor-Garena gara eta Gu, Laboa lanak erakutsi zituzten ondotik. Eta harrerarekin, oro har, pozik Olabarria. Gomendio bat ere eman du: azokako programa gordetzea. «Hemen bost egunetan eskaintzen dena urte osoan goza daiteke gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.