Gure Artea sariak, Arenzana, Jauregi eta Arakistainentzat

Miren Arenzanari emango diote ibilbide artistikoaren saria, eta Sahatsa Jauregik jasoko du sorkuntza eremukoa. Egindako agente lana aitortu diote Xabier Arakistain komisarioari
Atzo jakinarazi zituzten 2019ko Gure Artea sarien irabazleak, Bilboko Arte Ederren Museoan. Sariak emateko ekitaldia irailean egingo dute, Gasteizen.
Atzo jakinarazi zituzten 2019ko Gure Artea sarien irabazleak, Bilboko Arte Ederren Museoan. Sariak emateko ekitaldia irailean egingo dute, Gasteizen. A. LOIOLA / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko ekainak 18
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sortzaileak eta haien lana lehen planora ekartzea da Gure Artea sarien xede nagusia. «Aitortza bat», zehaztu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. «Hiru sari dira, eta hiruak dira maila berekoak: bakoitzak eremu bati egiten dio aitortza». Ibilbide artistikoa saritzen duen modalitatean, Miren Arenzana Letamendik (Bilbo, 1965) jasoko du Gure Artea saria. Sorkuntza lana aitortzeko saria Sahatsa Jauregi Azkaraterentzat (Itaparica, Brasil, 1984) izango da, eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria, berriz, Xabier Arakistain Ezenarro Arakis-entzat (Madril, 1966). Haietariko bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu sari gisa. Ezaugarri propioak dituzte denek, baina bada guztien oinarrian dagoen ezaugarri bat: genero ikuspegia lantzeko hirurek egin duten ibilera azpimarratu dute epaimahaikideek. Atzo egin zuten sariak aurkezteko agerraldia, Bilboko Arte Ederren Museoan, eta saria emateko ekitaldi ofiziala irailaren 17an egingo dute, Gasteizko Artium museoan.

Zupiriaren esanetan, sariak baliagarriak dira euskal artisten lana «ikusgarri» egiteko, eta bi helburu dituztela azaldu du. «Arte plastikoen eta ikusizko arteen eremuan Euskadin egiten den lan bikaina goratzea da lehen xedea. Sortzaile onak ditugu hemen. Gehienek komunitate artistikoaren aitortza dute jada, eta baita nazioartekoa ere». Baina, iradoki duenez, gizartearen aitortza falta dute sortzaileek. «Uste dut Gure Artea sariek lortzen duten gauzarik garrantzitsuena euskal gizartearen errekonozimendu hori ematea dela». Bigarren helburu bat ere aipatu du sailburuak. «Sariek aukera ematen dute artistei buruz eta haien lanari buruz hitz egin dezagun».

Fernando Golvanok, Beatriz Herraezek, Gema Intxaustik, Iñaki Grazeneak eta Maite Martinez de Arenazak osatu dute aurtengo epaimahaia. «Artistek artistei emandako sariak dira. Ez da gobernuak erabakitako zerbait, talde independente batek erabaki du». Zupiriak balioa eman dio horri.

Erreferente berriak

Golvanok banaka aletu ditu epaimahaiak sariak banatzeko orduan aintzat hartu dituenak. Arenzanak hiru hamarkadatan egindako lana aipatu du lehenik. «Eskulturaren mugak gainditzen ditu, eta gogoeta espazio irekiagoetan sartzen da». Eskultorea da Arenzana, baina diseinua eta arkitektura zeharkatzen ditu bere lanak. Arte ikasketak egin zituen, EHUn; Londresko Royal School of Art-en diseinua ikasi eta Ingalaterran eta Frantzian urte sorta egin ostean, Bizkaiko hiriburuan bizi da orain. «Ondorengo belaunaldientzat erreferentea» dela azpimarratu du Golvanok. 1980ko hamarkadaz geroztik, industria eta eskulangintza materialekin egin du lan Arenzanak: plastikoa, goma, metakrilatoa eta bordatuak, kasurako. Material horien erabilerak ekarritako aldaketa azpimarratu dute, besteak beste, epaimahaiko kideek. «Eskultura moderno eta garaikidearen herentziatik jasotako itzalaren galera ekarri du, nolabait». Bilboko Andrew oihal dendan egin zuen bere lehen erakusketa, 1989an, eta bi urte geroago egin zuen Joseph & Josephine, bere ibilbideko erakusketarik garrantzitsuenetako bat, Gasteizko Trayecto galerian.

Azken urteetan artistak urratu duen bidea ere goraipatu du Golvanok. «Azken urteetan, artistaren jarduera gero eta soilagoa bihurtu da. Bere azken proposamenetan, arkitekturarekin jolasten du, argia eta kolorea modu askotan nahastuz».

Genero ikuspegia

Jauregiri sorkuntza lana aitortu diote: «Eskulturari eta artxiboari loturiko» lana, zehazki. EHUn egin zituen arte ikasketak, eta hainbat sari jasotakoa da: Gipuzkoako Artista Berrien saria jaso zuen 2013an, eta Bizkaiko Ertibil saria eman zioten bost urte geroago. «Bere lana oso lotuta dago testuinguru sozial, kultural eta politikoarekin», azaldu du Golvanok. Okela sormen laborategiko kidea da Jauregi, eta hainbat lan gidatu ditu azken urteetan: Ulrike Ottingerri buruzko zinema zikloaz arduratu zen 2015ean, eta hainbat erakusketa ondu ditu; tartean, Donostiako Tabakaleran aurten jarritako Kearen artxibogileak. «Bere belaunaldiko artisten artean, azpimarragarrienetako bat da. Haren lan guztien oinarrian dago testuinguru sozial kritikoa, eta inguratzen gaituenari buruzko ezohiko begirada du». Esker onez hartu du Jauregik saria. «Gogotsu nago, eta oso garai onean harrapatu nau sari honek. Beraz, lan eginez itzuliko dut sari honetan jasotako aitortza».

Arakisen bide profesionala komisariotzari lotuta dago, eta eremu horretan izan duen eragina aitortu diote. Genero ikuspegian egin du indar Golvanok. «Emakume eta gizon artistak berdintasunez tratatzea eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berriz aztertzea bultzatu du». Bilbo Arte eta Gasteizko Montehermoso kulturguneko programatzailea izandakoa da, eta kudeaketa ereduan feminismoa txertatu izana azpimarratu dute, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna