Errealitateak ulertzeko zinema

Donostia saria jasoko du Costa-Gavras zinemagileak Donostiako 67. Zinemaldian. Ibilbidea aitortzeaz gain, haren azken filma emango dute jaialdian: 'Adults in the Room'
Costa-Gavras Donostiako Zinemaldian lehiatu zen, 2012an, <em>Le capital</em> filmarekin.
Costa-Gavras Donostiako Zinemaldian lehiatu zen, 2012an, Le capital filmarekin. GARI GARAIALDE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2019ko abuztuak 20

«Era guztietako errealitateekin harremana duen norbait da zinemagile bat. Pelikula oro da politikoa, eta inoiz ez dut izan zinema politikoa bakarrik egiteko gogoa; nahi izan ditudan eta nire interesa piztu duten filmak egin ditut. Politika ez da hauteskundeetan boza ematea; besteekin egunero dugun harremana da politika». Costa-Gavras greziar jatorriko zinemagile frantsesak ez dio inoiz utzi errealitate ugari horiei begiratzeari, eta, hain zuzen ere, hark egindako «zinema konprometituari» aitortza egingo dio Donostiako Zinemaldiak hurrengo ekitaldian. Donostia saria jasoko du Z, Missing eta Le capital filmen egileak, irailaren 21ean, Viktoria Eugenia antzokian egingo den gala batean. Bertan egingo dute haren azken film luzearen emanaldi berezia: Adults in the Room du izena, eta Giannis Varufakis Greziako Finantza ministro ohiaren oroitzapenen egokitzapena da.

Adults in the Room: My Battle With Europe's Deep Establishment liburuan oinarritutako film horrek Veneziako Zinemaldian izango du munduko estreinaldia. Varufakisek bere agintaldi laburraren ostean atera zuen liburua argitara; izan ere, 2015eko lehenengo sei hilabeteetan egon zen karguan, Greziako finantza krisi betean. Sinopsiak aditzera ematen duenez, filma tragedia bat da, hitzaren adiera klasikoan, eta «botere-sare gizagabe batean harrapatutako» pertsona batzuk irudikatzen ditu, «Greziari austeritatearen diktadura ezarri nahi dion eurotaldearen bilera gurpil bortitzean». Christos Loulis (Varufakis) Alexandros Bourdoumis (Alexis Tsipras), Ulrich Tukur (Wolfgang Schaeuble), Josiane Pinson (Christine Lagarde) eta Valeria Golino (Danae Stratou) ditu protagonista filmak.

Costa-Gavrasek berak adierazitakoaren arabera, «jaioterria ez da inoiz ahazten; batez ere, Grezia moduko herrialde bat bada». Grezian jaio zen arren, gaztetan egin zuen Frantziara alde gerora zinemagile izango zenak: «Nire gizarte mailako gazteei demokrazia teokratiko baten mende egotea besterik eskaintzen ez zitzaielako egin nuen alde handik. Etorkin gisa, nire amets eroenak gainditzeko aukera eman zidan Frantziak. Greziar sentimenduak berriz hartu ninduen koronelak botereaz jabetu zirenean. Z nire erresistentzia pertsonalaren adierazpena izan zen». Greziak azkeneko urteetan bizi izan duen egoerak berriro eraman du zuzendaria jaioterrira:«Duela hamar urte, krisiak berriz hondoratu zuen herrialdea, ihes egitera bultzatu ninduen egoera berean utzi arte. Eta, horregatik, noski, berriz azaldu nahi izan nuen nire amorrua Adults in the Room filma eginez». Veneziako Zinemaldian emango dute aurrenekoz filma, eta, gainera, Jaeger-LeCoultre Glory to the Filmmaker saria jasoko du Costa-Gavrasek bertan.

Salaketa soziala

Azken mende erdiko zinema politikoaren eta salaketa sozialaren adierazle handienetako bat da Costa-Gavras. Zuzendu dituen hogei bat filmetatik askok balio izan dute zauriak ukitzeko; besteak beste, diktadurak, garbiketa politikoak, arrazismoa eta finantza munduak eragin dituen hondamendiak jorratu ditu. Baina, batez ere, botere politiko erabateko eta suntsitzaile baten makineriari aurre egin behar dion banakoa da zuzendariaren filmografiaren gai nagusia.

Konstantinos Gavrasek (Loutra-Iraias, Grezia, 1933) 22 urte zituenean utzi zuen sorlekua, Parisen kokatu eta Sorbonan Literatura ikasteko. Zinematografiako Goi mailako Ikasketen Institutuan gradua atera ondoren, zuzendari nabarmenen esanetara aritu zen laguntzaile; besteak beste, Rene Clair, Rene Clement, Henri Verneuil, Jacques Demy, Marcel Ophuls, Jean Giono eta Jean Becker zinemagileekin.

Compartiment tueurs (1965) polizia istorioarekin egin zuen debuta Costa-Gavrasek. Zuzendariaren hasierako filmetako ohiko bi antzezle izan ziren protagonistak: Yves Montand eta Simone Signoret. Ondoren Un homme de trop (1967) eta segidan iritsi zen Jorge Semprunekin elkarlanean idatzitako hainbat filmetatik lehena, Z (1969), diputatu ezkertiar baten hilketari buruzko drama politiko saritua. Epaimahaiaren Sari Berezia eta Jean-Louis Trintignantentzat aktore onenaren saria irabazi zituen Cannesko jaialdian, eta atzerriko film onenaren eta muntaketa onenaren Oscar sariak eraman zituen.

Jarraian etorri ziren L'aveu (1971), 50eko hamarkadan Txekoslovakian izandako purga estalinistei buruzkoa; État de siège (1973), gerrilla uruguaitar batek bahitutako eta hildako CIAko agente baten gainean; Section Spéciale (1975), naziek okupatutako Frantzian egindako sasi-epaiketa baten kontakizuna, Costa-Gavrasi Cannesen zuzendari onenaren saria ekarri ziona, eta Clair de femme (1979), Romy Schneider eta Yves Montand protagonista dituen amodio istorioa.

Missing (1981) ingelesez filmatu zuen lehenengo filma izan zen. Txileko estatu kolpearen ondorengo uneetan girotutako thriller politiko horrek Urrezko Palma irabazi zuen Cannesen —Jack Lemmonen interpretazioa ere saritu zuten— eta egokitutako gidoi onenaren Oscar saria eraman zuen. Frantzian beste bi ekoizpen egin ondoren —Hanna K (1983) eta Conseil de famille (1985)—, Hollywoodera itzuli zen Joe Eszterhasek idatzitako bi thriller zuzentzera: Betrayed-en AEBetako arrazismoari kritika egin zion, eta Music Box-ek (1989) Urrezko Hartza lortu zuen Berlinen, Jessica Lange bere aita nazi kriminala dela jakingo duen abokatu baten rolean zuela.

La petite apocalypse-rekin (1993) komedian sartu-irten ezohiko bat egin zuen zuzendariak, eta ondoren John Travolta eta Dustin Hoffman zuzendu zituen Mad City (1997) filmean, zeinetan langileak murrizteko kaleratutako segurtasun zaindari batek zenbait lagun bahituko dituen. Amen (2001) filmaren bidez, Vatikanoa nazismoaren aurrean isilik egon izana gaitzetsi zuen, eta Le couperet-en (2004) kaleratzen dutenean zirt edo zarteko plan bat egingo duen exekutibo bati buruz hitz egin zuen. Eden à l'Ouest-ek (2008) immigrazioa jorratzen du, eta Le capital, Gad Elmaleh eta Gabriel Byrne aktoreekin, finantza munduaren neurrigabekeriei buruzko satira da. Azken hori Donostian lehiatu zen 2012an.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Ikasgela huts bat, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe, FOKU

Beste hamabost ikasgela itxi ditu Jaurlaritzak

Uxue Rey Gorraiz

Eusko Jaurlaritzak esan du 280 ikasgela daudela bakartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman, pandemiarengatik.

PCR probak, Urdulizko ospitalean. ©Aritz Loiola, FOKU

Positibo gutxiago atzeman dira

Uxue Rey Gorraiz

Beste 383 detektatu dituzte Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Nabarmen apaldu da ospitaleratuen kopurua: 28 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean.

Herritar batzuk kalean maskara jantzita, Frantzian. ©CAROLINE BLUMBERG / EFE

Birusaren bigarren oldarraldia

Jone Bastida Alzuru

Kasuek ugaritzen jarraitzen dute munduan, eta hainbat herrialdek neurriak zorrozteko erabakia hartu dute. Israelek joan den ostiralean indarrean sartutako itxialdia gogortu du

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna