Ikusezina denari forma ematea

'Daniel Canogar. Oroitzapen likidoak' erakusketa irekiko du gaur Donostiako Kubo-Kutxa aretoak. Datu masiboak artelan bihurtu ditu artistak, memoriari buruz gogoeta eragiteko

Youtubeko milioika bideorekin eta algoritmo baten laguntzaz sortu du Daniel Canogarrek Cannula obra, Donostian ikusgai dagoenetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Artistok, normalean, ikusezinari forma ematea dugu gogoko. Eta gaur egun, ez dago big data-ren mundua baino ikusezinagoa den ezer. Datu horiez inguratuta gaude areto honetan bertan, eta ez ditugu ikusten. Eta, niretzat, erronka oso interesgarria da horri aurpegia jartzea; ez badugu ikusten, oso zaila da errealitate berri honek zer esan nahi duen ulertzen hastea». Gogoeta horrekin laburbildu du Daniel Canogar artistak (Madril, 1964) bere erakusketaren funtsa. Gaur egun, gizartea «etengabeko eta gehiegizko informazio bonbardatze baten pean» bizi dela, ez dela gai hori prozesatzeko, eta horrek «amnesia kolektiboa» dakarrela uste du. Eta horri buruz gogoeta eginarazi nahi duten hainbat lan sortu ditu horregatik, Daniel Canogar. Oroitzapen likidoak erakusketan bildu dituenak. Gaurtik 2020ko urtarrilaren 6ra bitarte egongo da ikusgai, Donostiako Kubo-Kutxa aretoan.

Hiru urtez jardun du Canogarrek, ikusezina izan arren, herritarren egunerokoari eragiten dion errealitate horri forma ematen. Big data, transformazio digitala, teknologiarekiko menpekotasuna eta beste ditu ardatz erakusketak. Eta teknologiak nahiz informazio jario etengabeak planetan eta gizakiengan duten eraginaz gogoeta eginarazteko, datu masiboak bildu, eta, algoritmo bat baliatuta, publikoari itzultzen dizkio artistak, «animazio abstraktuen forman, oso poetikoak eta iradokitzaileak direnak», Lola Duran komisarioak azaldu duenez. «Erronka bat proposatzen digu Canogarrek: informazio jasa horretatik bakartu gaitezela, ez dezagun ahatz nor garen eta non gauden, eta inguratzen gaituenaz kontzientzia har dezagun».

Sarean dagoen datu zaparrada artelan bihurtuta ikusiko du bisitariak erakusketan zehar, aretoan sakabanatuta dauden pantailetan. Horiek sortzeko algoritmoak bere estudioan garatu ditu artistak, programatzaile baten eta ingeniari baten laguntzaz. Internetera konektatuta daude lan gehienak, eta eguneratuz doan informazioa denbora errealean jasotzen dute. Hala, pantailetan ikus daitezkeen kolore eta formen nahasketak etengabe aldatuz doaz, likidotasunaren forma hartuz.

Oroitzapen likidoak izenburuarekin, Zygmunt Bauman pentsalariak sortutako modernitate likidoaren kontzeptuari egin dio erreferentzia Canogarrek, zeinaren arabera, gero eta behin-behinekoagoa den mundu batean ezinezkoa gertatzen den errealitate sendo eta iraunkorrak eraikitzea. Ideia hori memoriaren galerarekin lotu du artistak. Haren hitzetan, XVIII.-XIX. mendeetako gizartearen industrializazioa «oso fisikoa, oso agerikoa» da. «Aldiz, modernotasun likidoa softwarearena da; ez dugu ikusten, ezkutatuta dago geure sare eta teknologietan. Errealitate ukiezin bat da, etengabe aldatzen doana». Baumanen testuetan topatu zituen artistak ordurako sumatzen zuen likidotasun hori azaltzeko hitzak. «Ezerk ez du irauten, dena aldatuz doa, eta horrek herritarrengan ezinegon eta ezegonkortasun handia sortzen du».

Pantaila 'likidoak'

Youtube plataformako milioika bideorekin eta algoritmo baten laguntzaz sortu du artistak Cannula obra —substantziak zuzenean zainera sartzeko ospitaleetan baliatzen diren hodiei egiten die erreferentzia izenburuak—. Etengabe aldatuz doan animazio abstraktua ageri da lau pantailatan. Amalgama obra sortzeko, berriz, artearen historiako sortzaile handienak zein ziren galdetu zion Canogarrek Googleri. Eta jasotako erantzunaren araberako margolanak baliatuta osatu du artelana —zazpi artistari eskainitako irudi izoztuak ditu aldameneko hormetan, beren lanekin osatuak—.

Draft serieko hiru lanetan, berriz, hitzak izan ditu osagai: Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalekoak, Magna Cartakoak eta AEBetako Konstituzioarenak. Pantailetan ez dira hitzak ia sumatzen, haizeak eramango balitu bezala ageri baitira. Izan ere, testuok idatzi ziren hirietan denbora errealean dabilen haizeak astintzen ditu pantailetan, sarera konektatuta egonik, horri buruzko datuak etengabe jasotzen baitituzte lanek. Gauza bera gertatzen da Xylem obran ere, baina beste datu jario bat jasota: mundu osoko finantza indizeenak, hamar segundoz behin eguneratuz doazenak. Hala, beherantz edo gorantz doazen koloretako marren bidez irudikatuta ageri dira ekonomia globalaren gorabeherak.

Korporazio handiak dira Ooze laneko protagonistak, Nasdaq indizean kotizatzen duten 110 enpresaren logotipoekin osatu baitu artistak. Ripple izenekoa, aldiz, CNN kateak eguneko 24 orduz emititzen dituen albistegietako bideoak nahastuz sortutakoa da.

Goiko solairuan, Echo serieko lau lan jarri ditu artistak. Pantaila malguetan sortuak, planetaren iraupenaz ohartarazten dute. Argiaren kolorea aldatuz doa horietan, euriaren, kutsaduraren, sumendien eta suteen informazio eguneratuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.