Kubako etxeetan gordetakoa, azalera

Euskal Herritik Kubara joandako emakumeak izango ditu protagonista Tana Garridoren proiektuak. Azkuna zentroari eta Kubako Carlos Garaikoa estudioari esker garatuko du obra berria

Tana Garrido artista Azkuna zentroan ari da egonaldi artistikoaren bigarren fasea egiten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
«Kubari buruzko irudi exotikoa izan dut txikia nintzenetik». Tana Garrido auzitan jartzen ari daaspaldi errotutako irudi hori, Bilboko Azkuna zentroak eta Kubako Carlos Garaikoa estudioak elkarlanean eskainitako egonaldi artistikoari esker. Familian bizi izandako egoera batetik abiatu da Tarragonan (Herrialde Katalanak) jaio baina arbaso euskaldunak dituen artista hori (1989). Amonak lotura estua zuen 1920an uhartera joandako senide batekin, eta haren Kubako familiaren argazki bilduma zuen etxean gordea. Garridok album horretatik osatu zuen herrialdearen inguruko irudia eta, horrek akuilatuta, bere familian izandako antzeko esperientziak bilatzea erabaki zuen.

Garridoren amonaren senidea gizonezkoa zen, baina artistaren proiektuak emakume migratzaileak ditu jomuga: «Ikertzen hasita, konturatu nintzen gizon pila baten datuak daudela erregistroetan, baina emakumeenik ia ez dagoela». Egonaldia Kuban hasi du: han egon da ekainean eta uztailean; bigarren zatia Euskal Herrian egiten ari da, han topatutakoa hemengoarekin lotzen eta obrari batasuna ematen.

Elkarlan proiektu bat egiteko ideiarekin heldu zen uhartera; alegia, helburua zen migratzaileen ondorengo belaunaldiko kideei kamera eman, eta ikuspuntua haiek ezar zezatela. Baina memoriaren transmisioan «etena» zegoela antzeman zuen Garridok. «Bi belaunalditan, memoria galdu egin da». Beraz, metodologia aldatu behar izan zuen, begiradaren ardura bere gain hartuz: «Behaketa eta analisi lana izaten hasi zen».

Hortik aurrera, «entzule aktibo» gisa aritu da Garrido; emakumeek «beharrezkoa» zuten hori, artistak antzeman duenez: «Ez dago hainbeste jende entzun nahi duena emakume horiek euren bizitzaren edo iraganaren inguruan kontatzeko dutena». Emakume izateak zaildu egiten du prozesua, haienak «subjektibotasun erreprimituak» diren heinean. Hala ere, «garrantzirik gabeko» gisa identifikatzen diren bizipenetan jarri du arreta Garridok, esparru «mikroak» maila «makroari» buruz hitz egiteko modua ematen baitio.

Txikitik handira egiten ari den estrapolazio saiakeran, etxebizitza ezarri du artistak ardatzean. Haietan «historiaren estratuak» ikus daitezkeela azaldu du Garridok; hots, «harrian edo lurrean egindako ebaketa batean bezala», urteetan atzera egin daiteke estratuek ematen duten informazioarekin. 1990eko hamarraldiko garai berezia-n «blokeoa» egon zenez, etxeak orduko egoera berean geratu dira: «Garai horretako altzariak dituzte oraindik, eskasia dagoelako, eta gauza batzuk ezin dira konpondu». Gainera, Euskal Herritik eramandako objektu batzuk ere aurkitu ditu Garridok emakumeen etxeetan egindako behaketetan.

Iraultza, erdigunean

Tana Garridok hiru fasetan antolatu zuen Kubako lana: lehenik eta behin, emakumeak ezagutu zituen; ondoren, haiekin konfiantza hartuta, etxeak grabatzen hasi zen; azkenik, emakume andana batekin hitz egin ondoren, lau hautatu zituen, haien bizitza eta bizipenetan zentratzeko asmoz. Dionisia, Marta, Margarita eta Maria Teresa dira, hortaz, proiektuaren protagonistak. «Generoaren, memoriaren eta lurraldearen inguruan hitz egiteko bidea ematen dit, baina ikuspuntu ezberdinetatik».

Halaber, ikuspegi ezberdinetatik ere begiratuko dio obrak lau migratzaileen bizitzan aztarna utzi duen iraultzari. Atxikipena zein arbuioa aurkitu ditu Garridok emakumeen hitzetan. «Interesgarria iruditzen zait horren inguruan hartzen duten jarrera». Kontrako iritziek «lurraldea» dute oinarri. Garridok azaldu duenez, iraultzaren ondoren naziotasuna erabakitzera derrigortu zituzten, eta, Kuban lanean jarraitu ahal izateko, euren jatorriko naziotasunari «uko egitea» beste erremediorik ez zuten izan. Gainera, atzerritarrekin harremanik ez edukitzea «exijitu» zieten; alegia, familiarekin loturak haustea. Azken finean, askok horren ondorioz hartu zuten kontrako jarrera. «Baina eurak ez dira konturatzen hartu zuten erabaki hori politikoa izan zela».

Alabaina, protagonisten artean badaude iraultzaren aldekoak ere. Kubara heltzean, «garapen teknologiko handiagoa zuen herrialde batekin» egin zuten topo lau emakumeek. Haietako bat 25 urterekin heldu zen uhartera, eta bizi baldintzak goitik behera aldatu zitzaizkion: familia pobre batekoa zen, eta, Euskal Herrian, soroan lan eta lan ibiltzen zen; izeba-osabek seme-alabarik ez zutenez, berriz, hura eta ahizpa gonbidatu zituzten beraiekin bizitzera. Maria Teresa ailegatu zenean, ordea, jatorrian bezain txiroa zen han ere. Azukre landa batean egiten zuen lan, eta, iraultza jazo zenean, Habanara lekualdatu zen, eta idazten eta irakurtzen irakatsi zioten. «Iraultzarekinbizi kalitatea hobetu zitzaion». Emakume horiek hezkuntza jaso zuten arren, etxeko lanetatik «ez ziren libratu». «Etxera zokoratzen dituen sistema heteropatriarkalaren sostengua dira».

Formatuaren garrantzia

Kontatuko denaz eta testigantzak hartutako lekuaz aparte, Garridok formatua ere baliatuko du etxeak nabarmentzeko. Etxe barruko kontaketa gailentzen den arren, kaletik ere begiratu dio artistak eraikinek gordetzen dutenari. Emakumeak bisitatzeko eta elkarrizketatzeko prozesua «neketsua» izan zenez, beste ikuspegi hori garatzea ere erabaki zuen. «Atzekoz aurrera» lan egiten hasi zen: eskuko kamera txiki batekin, etxeak kanpotik grabatu zituen, zooma erabiliz leihoetatik ikusten zena harrapatzeko. «Irudiaren kalitate oso eskasa eta zikina erabili dut, nahita. Etxe barrutik grabatutakoaren garbitasunarekin kontrastea egiten duela iruditzen zait». Euskal emakume migratzailea eta andre kubatarra «aurrez aurre» jartzeko asmoz, leihoetara irtendako emakumeen irudi asko hartu ditu, edo euren etxeetan hitz egiten ari zirenenak, «sakonki ezagutu» dituen beste emakume horien irudiekin kontrastatzeko, eta «bizitza bikoitz hori» aditzera emateko.

Proiektuaren aurkezpena 2020. urteko urtarrilerako dago aurreikusita, eta Garridok oraindik hilabete batzuk ditu obrabiribiltzeko, baina onartu du «instalazio formatuan» lantzea gustatuko litzaiokeela. Bideo pantailak, irudi finkoak, objektuak eta abar konbinatuz, «irakurketa zatikatua» eskainiko lioke ikusleari. «Kontaketak sortuz joatea da helburua, nik egin nuen bezala. Nik ere ez nuen dena ordenatuta aurkitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.