Museoaren bildumako zuloak osatzen

Bilboko Arte Ederren Museoak aurten erositako eta azken bi urteetan dohaintzan jasotako piezak aurkeztu ditu. Diru sail berezi bat sortu dute emakumezko artisten lanak erosteko

Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bi hutsune historiko daramatza Bilboko Arte Ederren Museoak aspaldi arrastan. Batetik, lau urte eman ditu bildumarako artelanak erosteko diru sailik gabe, eta, bestetik, nabarmena da emakumezko artisten lanekiko izan duen arreta falta ere. Bi zulo horiek betez joateko borondatea azaldu nahi izan du, orain, Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Besteak beste, Adolfo Guiarden, Paul Gauguinen eta Nikolas Lekuonaren hainbat artelan erosteko baliatu dute Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 2019rako bideratutako 300.000 euroko poltsa, eta, horrekin batera, hiru milioi euroan baloratutako lan sorta garrantzitsu bat ere jaso dute dohaintzan azken bi urteetan. Baina, aldi berean, emakumezko artisten lanak erosteko ildo berezi bat ere jarri dute abian, eta, besteak beste, Isabel Bakedano, Elena Mendizabal eta Miren Arenzanaren obrak erosi dituzte hari esker. Lan horietako 19 ikusgai daude ABC erakusketan.

Datuak badaude. Adibidez, museoak 72 bakarkako erakusketa antolatu ditu 1997tik gaur arte, eta haietako bi bakarrik izan dira emakumezko artistei eskainitakoak. Eta antzera bilduman ere, gutxiengo nabarmena baitira andrazkoek sortutako lanak erakundearen funtsetan. Kexa bat baino gehiago izan da sektorean arrazoi horregatik urteotan, eta zuzendari kargua hartu zuenetik azaldu zuen Zugazak egoera konpontzeko neurriak hartzeko asmoa. Horretarako sortu zuten Emak programa, eta horregatik sartu zuten museoaren plan estrategikoan. Aurkeztu berri dituzten emakumezko artisten obren erosketa izan da proiektu horren lehen ekintza publiko eta egiaztagarria. Zugazak azaldu du: «Genero ikuspegia bilduman eta museoan txertatzeko betebeharra jarri diogu geure buruari. Hori da Emak programa, eta plan estrategikoan dator». Eta Nadia Barkate, Idoia Monton, eta Gema Intxaustiren lanak ere erosi dituzte, Bakedano, Mendizabal eta Arenzanaren lanez gain.

Inpresionismoa arte ote den

Guiardek 1888an margotutako Bakioko baserritarra koadroa da bildumarako erosi duten lanik esanguratsuenetariko bat. Pieza hori «oso garrantzitsua» da XIX. mendeko artearen historian, Javier Novo Bilduma sailaren buruaren hitzetan. Artista Parisen egon berri zen koadroa margotu aurretik, eta, handik bueltan, Bakioko nekazaritza giroan topatu zuen inpresionistei ikasitako teknikak baliatzeko aitzakia: nekazari edadetu bat, zuhaitz baten gerizpean, argi-itzaletan.

«Artelanak polemika piztu zuen», azaldu du Novok. Inpresionismoa artetzat zeukatenen eta ez zeukatenen artean sortu zen eztabaida lana Bilbon erakutsi zutenean, eta Guiard bera nabarmendu zen aldekoenen artean. 170.000 euro ordaindu ditu museoak lan horren truke, baina hainbat txandatan pagatzeko tratua egin dute saltzailearekin, eta horrela lortu dute museoaren erosketetarako sailaren erdia pieza bakar batean ez joatea.

Paul Gauguin artistaren grabatu txiki bat da beste erosketa garrantzitsuetako bat. Stephane Mallarme poetari egindako erretratu bat da, 1891koa; 18 zentimetro luze, 14 zentimetro zabal eta, halere, «harribitxitxo bat», Miriam Alzuri Erakusketa saileko teknikariaren hitzetan. Izan ere, gutxi dira Gauguinek egindako grabatuak. Hain gutxi, ezen, kasu honetan ere, Leon Fauche margolari eta grabatzaileak utzi behar izan baitzizkion akuafortea egiteko beharrezko materialak, eta Eugene Carriererengandik jaso baitzituen artelana osatzeko aholku teknikoak.

Sasoi oparoagoen zain

Museoak Jose Ramon Anda artistari erosi dion lanak eman dezake erakundeak urteotan izan dituen aurrekontu gorabeheren berri. 2012an, bakarkako erakusketa bat antolatu zioten sortzaileari, eta haren lan bat erosteko borondatea ere agertu zuten hasieratik. Erakusketa bukatu zenean, ordea, diru nahikorik ez zegoenez, artistak museoan utzi zuen Sartu ahal baduzu eskultura, sasoi oparoagoak helduko zain. Orain arte. Aurten pasatu baita pieza museoaren bildumaren parte izatera.

Aurrez ere bazituzten Nikolas Lekuonaren lanak bilduman, baina margolanak ziren denak. Horregatik, artistaren bi fotomuntatze erosi dituzte orain, eta dohaintzan jaso dituzte sortzaileak arrebari egindako erretratua eta haren objektu pertsonalen sorta bat ere.

Eta antzera gertatu da beste erosketa askorekin ere. «Egin ditugun erosketak beste lan batzuk dohaintzan utziz osatzen laguntzeko eskatu diegu artistei», azaldu du Zugazak. Eta luzea da proposamena onartu duten sortzaileen zerrenda. Besteak beste, Richard Serra, Pablo Gargallo, Eduardo Arroyo, Miren Arenzana, Pablo Milikua, Gema Intxausti, Remigio Mendiburu eta beste hamaika sortzaileren piezak jaso ditu erakundeak bi urteotan, eta museoko zuzendariak esker ona azaldu du horregatik. 176 lan izan dira guztira. «Azkenaldian jaso dugun babes filantropikorik garrantzitsuena da».

Hemendik aurrera bilduma handitzen jarraitzea da zuzendariaren asmoa, eta aurrekontu «egonkor» bat edukiko dutela espero du. «Konfiantza dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.