Beldurraren ispiluaren aurrean

'Hik ez dakik zer den beldurra' ipuin liburua plazaratu du Karlos Linazasorok. «Gaizkiari buruzko hausnarketa bat» egin du idazleak, hemezortzi narrazio laburren bidez

Karlos Linazasoro idazlea, ipuin liburu berria eskuetan duela, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Genero ugaritan aritu izan da Karlos Linazasoro bere ibilbidean: poesia, eleberria, narrazioa, aforismoa, saiakera eta antzerkia landu izan ditu orain artean, baita haurrentzako hainbat lan sortu ere. Bere obren zerrenda luzeari beste bat gehitu dio orain: Hik ez dakik zer den beldurra ipuin liburua. Erein argitaletxearekin plazaratu du lan berria.

Hemezortzi ipuin bildu ditu liburuan, «gidoi modukoak, labur-laburrak, biluziak, batere apaingarririk gabekoak», idazleak azaldu duenez. «Ez dago batere deskripziorik; susmoa izan dezakezu, baina batzuetan ez dakizu ipuina non garatzen den, zeintzuk diren pertsonaiak. Ez dago inolako erreferentziarik». Mezua baita inportantea ipuinetan, haren hitzetan: «Nire asmoa zen gaizkiari buruz hausnarketa bat egitea. Gaizkia zergatik egiten duen gizakiak, zerk bultzatzen duen momentu konkretu batean beste pertsona bati gaizkia egitera. Hori da liburuaren muina». Gaizkiaren aurrean sentitzen den beldurra ipuin guztietan ageri den sentsazioa dela erantsi du: «Jendeak egiten dituen edo sufritzen dituen gauzen aurrean beldurra sentitzen du».

Beldur mota asko egon daitezke, baina psikologikoa da nagusi liburuko ipuinetan. «Nik ez dakit badaukadan, baina esaten da jendeak munstro bat duela barruan. Eta edozein momentutan kaltea edo mina eragiteko kapaz da». Hala, horren inguruan gogoeta eragiteko asmoz, irakurlea «ispiluaren aurrean» jarri nahi izan du idazleak. «Liburu honek ispiluaren aurrean jartzen gaitu, edo saiatu naiz behintzat hori egiten; jendeak irakurri dezala ipuina, eta esan dezala: 'Zer egingo nuke nik pertsonaia dagoen muturreko egoera horretan? Berdin jokatuko nuke, edo ez?'».

Askotariko egoerak gertatzen dira ipuinetan. Batzuk idazleak asmatuak dira; beste batzuk, berriz, errealitatetik hartu eta moldatu dituenak. «Badago, adibidez, xenofobiari buruzko ipuin bat. Inor ez da hemen xenofoboa, baina jar zaitez pertsonaiaren lekuan, eta orduan esadazu benetan xenofoboa zaren edo ez zaren. Edo mozkor tirano bat daukazu, eta jar zaitez bere semearen lekuan eta esadazu semeak egin duena zuk egingo zenukeen edo ez zenukeen egingo». Irakurlea «egoera zail batean aurrean» jartzen dute denek, bere erantzuna zein izango litzatekeen pentsarazteko. Linazasororen esanetan, galdera ugari baitaude liburuan, baina erantzunik ez.

Ipuinetako istorioen adibide gehiago ere eman ditu. «Bakoitzak bere beldurrak dauzka. Badago komando bateko kide bat, eta horrek, egin duenaren ondoren, sentitzen du izugarrizko beldur bat». Atxilotuak torturatu dituen polizia bat du protagonista beste narrazio batek; «gero konturatzen da izugarrizko astakeriak egin dituela, eta, beldur horrekin, bere buruarekin ezin du bizi». Pertsonaien artean, badira beren ekintzengatik damua agertzen dutenak, eta badira berriro egingo luketela diotenak ere.

Ipuin solteak izan arren, mami horrek lotzen ditu liburuko narrazio guztiak. «Ipuin bakoitzean gauza ezberdin bat gertatzen da, baina uste dut batasun handiko ipuin liburua dela; azkenean, denetan dago beldur bat, denetan dago muturreko egoera bat, denetan dago tragedia bat».

Poemak josiz

Beraz, mezua da ipuinotan inportanteena, idazlearen iritziz. Baina idazkerari ere eman dio garrantzia. Azaldu duenez, sintaxia «bihurritu» du, eta apenas erabili duen punturik nahiz komarik. Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editorearen ustez, «poetikotasun handiko prosa batekin» idazten du Linazasorok, «eta gainera sotila, biluzia dena erabat».

Liburua sortzen «etxetik kanpo» bezala aritu dela azaldu du Linazasorok, bere ohiko bideetatik kanpo. «Liburu hau idazterakoan pixka bat nire etxetik kanpo ibili naiz, nire absurdo, umore, ironia horretatik kanpora, eta pixka bat galduta ere sentitu naiz; ez da nire betiko literatura».

Horregatik, «egiturarekin asmatzea» kezken artean izan duela aitortu du. Horren ohikoa ez den forma bat erabiltzeko hautua egin du oraingoan: poema bat edo poema zati bat txertatu du ipuin bakoitzean. «Ipuin guztietan, poemak ipuinari laguntzen dio, edo ipuina bideratzen du, hondoko musika bat izango balitz bezala, ipuinarekin batera doan erreka bat». Kasu batzuetan, ipuina sortu, eta ostean josi dio poema, edo poema zatia; beste batzuetan, berriz, poema batetik abiatuta sortu du ipuina. «Batzuetan, lehenik ipuinak sortu dira, eta gero poemak erantsi dizkiet; eta beste batzuetan alderantziz izan da: poema bat irakurri, edo bertso lerro bat... eta balio izan dit beste ipuin bat sortzeko».

Beste idazle batzuen poemak aukeratu ditu Linazasorok ariketa hori egiteko. Ipuinen barruan josita doazenez, haietan ez du zehazten nork idatziak diren, baina liburuaren lehen orrialdean, eskertzan ageri dira haien izenak. Tartean dira, besteak beste, Yosa Buson, Ezra Pound, Giovanni Quessep, Sophia de Mello, Eugenio de Andrade eta Wallace Stevensenak. Idazlearen esanetan, haiekin guztiekin «zorretan» dago bere liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.