Kaosaren printza askotarikoak

Aitor Etxeberria margolariaren 'Morphosis' erakusketa berriak hemezortzi koadro biltzen ditu; orain arteko lanik «biribilena» dela uste du. Donostiako Kur galerian dago ikusgai

Aitor Etxeberria margolaria, Morphosis erakusketa berria ikusgai dagoen Kur galerian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Morphosis. Horrela du izena Aitor Etxeberria margolariaren (Mendaro, Gipuzkoa, 1958) erakusketa berriak. Haren koadroetan erabili ohi dituen formei egiten die keinu izenburuak; baita forma horien bilakaerari ere. Donostiako Kur galerian dago, eta apirilaren 17 arte egongo da ikusgai. Pintorearen arabera, Grabitazioak deituriko erakusketaren segida bat da lan berria, baina badu aurrerapauso bat: «Kolore aldetik paleta zeharo murriztu dut; ia zuri-beltzean eginiko lan bat da, eta erabiltzen ditut beste koloreren bat edo bi ere».

Guztira, hemezortzi koadro bildu ditu erakusketan, baina, izatez, pieza gehiagorekin osatutako bilduma bat da: «Gutxi gorabehera, 35 lan dira guztira. Espaziora egokitu behar izan dugu; pieza bakoitzari behar duen oreka eman diogu». Pintura akrilikoarekin egin ditu koadroak, eta azkenengo hogei urteetan erabili duen teknika da. Formekin jolastuz osatzen ditu margolanak, baina, Grabitazioak erakusketaren aldean, kasu honetan forma gehiago agertzen direla adierazi du Etxeberriak: «Aurreko seriean bezala, formari garrantzia eman diot, baina orain ez da forma bakar bat agertzen; forma asko agertzen dira».

Hain justu, «formaren barrura sartu» nahi izan du pintoreak, hondoa bigarren maila batean utzita: «Azken urteotan ez diot hainbesteko garrantzia ematen hondoari; formaren barnealdera sartzen naiz, eta, horrela, hondoa edo agertoki beltz hori desagertu egiten da». Etxeberriak azaldu duenez, forma hori espazioan zentratzen da, eta espazio hori hondo beltza da: «Hor mugitzen da dena, agertoki horretan».

Hiru urte behar izan ditu proiektua osatzeko, eta, esan duenez, antzematen da zein egin duen lehenbizi eta zein ondoren. Orain arte eginiko erakusketarik «biribilena eta pertsonalena» dela ere aitortu du margolariak, eta baduela besteetatik bereizten duen «alde malenkoniatsu» bat. «Ez da izan apropos bilatu dudan zerbait, baina giro edo atmosfera hori sortu da». Gustura azaldu daemaitzarekin.

Kaosa, prozesuaren ardatz

Etxeberriak bereziki gustuko du koadroa pintatu bitarteko prozesua; baita ibilbide horretan zehar suertatzen diren ezustekoak ere: «Askotan, espero ez ditudan gauzak gertatzen dira lanketa prozesuan, eta, horiek gertatzen direnean, aprobetxatu egiten ditut. Egoera berriak dira niretzat, eta horrek bide berriak zabaltzen ditu, aukera berriak». Margolan bat sortzeko orduan ez du ideia zehatzik izaten: «Ez dut mugarik ipintzen; margotzeko garaian istripuak izatea ere gauza polita da».

Margolariak esplikatu duenez, bere marrazteko modua «kaotikoa» da: «Zer egingo dudan jakin gabe hasten naiz margotzen, era kaotiko batean, baina gutxieneko ideia edo estetika bat izaten dut buruan». Gero, margolanaren sortze prozesuan zentratzen da: «Ideiak ordenatzen hasten naiz, baina margotzen ari naizen bitartean. Amaituta dagoenean, badirudi oso pentsatuta eginiko koadro bat dela; eta horrela da, pentsatua dago, baina prozesuan zehar hartzen du forma, amaiera partean».

Keinuen bitartez sortzen ditu koadroak: «Oihalaren mugetan kabitzen diren keinuekin margotzen dut; asko gustatzen zait harreman hori». Horrela, mihise handietan askatasunez margotzen du; txikietan, aldiz, «mugatuago dago mugimendu hori». Etxeberriarentzat oihala zikintzea da margolan bat egiteko lehenengo pausoa: «Zuritasun hori hasieratik kentzen dut. Gero, margotzen hasten naiz; askotan botatzen dut pintura hori ondoren nola antolatu jakin gabe; margotu ahala joaten da forma hartzen». Pintoreak esan duenez, zaila da lana amaituta ikustea: «Momentuan bertan ez dut margolana amaituta ikusten; behar duen denbora uzten diot. Denbora tarte bat igaro ondoren, batzuetan garbi ikusten dut lanaez dagoela amaituta; beste batzuetan, berriz, ukitu berezi bat ikusten diot egindako lanari, eta horrela uzten dut».

Espresionismoaren barruan kokatuko luke bere jarduna, eta «esperimentazioa» ezinbesteko duen zerbait da pintorearentzat: «Erakusketa bakoitzean gai berri bat eta pintatzeko era berri bat biltzea gustatzen zait, baina, zer aldatu jakiteko, esperimentatu beharra dago». Izan ere, horrela lortzen du gauza berriak sortzea: «Aspergarria izango litzateke ondo ateratzen dena esplotatzea; nahiago dut esperimentatu». Disfrutatzeko margotzen du, eta margotzen disfrutatu egiten du. Hala ere, aitortu du estutasun momentuak ere edukitzen dituela: «Batzuetan izaten dira antsietate uneak, baina askotan pentsatu izan dut horiek ere interesgarriak direla». Hala, ihes egiteko tresna gisa ere erabili izan du pintura: «Ez diot inoiz margotzeari utzi; niretzat irtenbide bat izan da beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.