Nafarroako Bertsolari Txapelketa, urriaren 2tik azaroaren 28ra

Izaban hasiko da, eta, beste zazpi herritatik igarota, Iruñeko Anaitasunan bukatuko da. 24 bertsolarik parte hartuko dute. Plaza biziberritzea» izango da helburu nagusietako bat

Iruñean parte hartzaileekin eginiko saio baten ondotik eman zuten, atzo, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren nondik norakoen berri. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Bultzada eta aldarri»; hori izan nahi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak: plazak berriz indartzeko bultzada, eta bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren aldeko aldarria. Asmo horiekin ekingo diote 45. txapelketari. Urtarrilean hastekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zuten, udazkenera. Eta oraingoan bai, egingo dute: urriaren 2an abiatuko da, Izaban (zineman), eta azaroaren 28an bukatuko da, Iruñeko finalean. Bitartean, «Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak» zeharkatuko ditu, «euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroan». 29 bertsolarik eman zuten izena txapelketan, eta, kanporaketa aurrekoak igarota, 24 sailkatu dira Izaban abiatuko den bidean parte hartzeko.

Bertsolariak zortzi saiotan arituko dira, beste hainbeste herritan; Izaban ez ezik, Tafallan (urriaren 9an, kultur etxean), Zangozan (urriaren 10ean, Karmengo entzunaretoan), Donezteben (urriaren 16an, zineman), Altsasun (azaroaren 1ean, Iortia kulturgunean), Berriozarren (azaroaren 6an, entzunaretoan) eta Leitzan ere (azaroaren 14an, herriko aretoan) izango dira saioak. Egitasmoa lurralde osora zabaltzeko apustuari jarraituz, bi herrik lehen aldiz hartuko dute txapelketaren saio bat: Izabak eta Zangozak.

Saio horietan sailkatutako zortzi bertsolariak, berriz, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian elkartuko dira, azaroaren 28an. Horien artetik izendatuko dute aurtengo Nafarroako txapelduna, eta, harekin batera, Bertsolari Txapelketa Nagusian arituko diren Nafarroako beste lau ordezkariak ere hautatuko dituzte.

Parte hartzaileen artean «aniztasuna» egongo dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, parte hartzaile berriak izango dira —Aitor Irastortza, Idoia Granizo, Ekhiñe Zapiain, Urko Gartzia eta Ekain Alegre—; baina baita eskarmentua dutenak ere, eta horien artean txapelketetan parte hartu izan duten baina hura utzia zuten hiru bertsolari izango dira: Xabier Silveira, Erika Lagoma eta Oier Lakuntza. Egungo txapeldunak ere parte hartuko du, Julio Sotok.

Zaletasuna sustatzea

Txapelketaren ohiko helburuei aurten erantsi zaio osasun krisiak egindako egoerari erantzutekoa. Izan ere, jakina da izurriak moteldu egin duela bertso plaza, eta agerian utzi kulturgintzaren hauskortasuna. Hori dela eta, Nafarroako Bertsozale Elkarteak are garrantzitsuagoa ikusten du aurten egitasmoa. Plaza biziberritzeko bere alea jartzea ere izango du xede txapelketak, eta, horrekin batera, gainerako antolatzaileak gauza bera egitera bultzatzea.

Horrez gain, urtero bezala, txapelketak bertsolaritza sustatu nahi du zaletasuna dagoen tokietan, eta zaletasuna handia ez den tokietan, berriz, bertsolaritza eta Nafarroako bertsolariak ezagutarazi. Aldi berean, bertsolariei goi mailako plazak eskaini nahi dizkie, haiei protagonismoa emanez; izan ere, elkartekoek nabarmendu duten moduan, herrialdean antolatzen dituzten saio askotan ez da nafar bertsolaririk egoten. Topagunea izateko asmoa ere izango du: bertsolaritzaren alde lanean ari diren guztiak elkartzeko gunea; «nafar bertsolaritzaren ekosistema elikatu eta saretzekoa».

Txapelketa osasun neurrietara egokituta egongo da: aretoetan jende kopuru mugatua sartuko da, ikus-entzuleek maskara jantzita izango dute eta distantziak mantenduko dira. Elkarteak nabarmendu du Nafarroako Bertsolari Txapelketa ekitaldi garrantzitsua bilakatu dela Nafarroako euskal kulturarentzat; emaitza hori, baina, ez da bat-batean lortutakoa: «Urte osoan egindako lan isilaren fruitua da, eta bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.