Finalak badu bere zortzikoa

Joanes Illarregi nagusitu da Nafarroako Txapelketako azken finalerdian. Harekin batera, Lazkoz, Soto, Alkaiza, Sanjurjo, Xabat Illarregi, Silveira eta Fernandez arituko dira finalean

Joanes Illarregi kantuan, Leitzan, Julen Zelaieta eta Iker Gorosterrazu begira dituela, joan den igandean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
Leitza
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Iruñeko finalak badu zortzikotea: Eneko Lazkoz Martinez, Julio Soto Ezkurdia, Joanes Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Alzuri, Xabat Illarregi Marzol, Xabier Silveira Etxeberria eta Eneko Fernandez Maritxalar arituko dira 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela janzteko lehian. Bazen ikusmina finalean nork kantatuko zuen jakiteko: entzule gehien bildu dituen finalaurrekoa izan zen azkenengoa. 550 bat lagunek bete zuten igandean Leitzako (Nafarroa) kiroldegia, eta giroa bero izan zen hasieratik. Joanes Illarregi koska bat gorago aritu zen emanaldi osoan, eta alde politarekin irabazi zuen saioa.

Illarregi hasieratik aritu zen ongi; zortziko handiko ariketa indartsua egin zuen, eta ofizioz ofizio eutsi zion mailari. Bikain moldatu zen puntu erantzunetan eta gaia emanda. Silveira ere nahiko ongi hasi zen, baina zortziko txikian erakutsi zuen bere dohaina, umorez erantzunez eta kolpe ederrak emanez. Hamarreko txikian behera egin arren, lan txukuna egin zuen kartzelakoan, eta, hamar urteren ondoren, finalean kantari izango da berriz ere.

Fernandez Silveirarengandik puntu erdira geratu zen, eta hark ere lortu zuen finalera pasatzea. Aurreneko hiruren atzetik sailkatu ziren Sarai Robles Vitas, Iker Gorosterrazu Elizagoien eta Julen Zelaieta Iriarte.

Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaiza lehenbizikoz arituko dira txapelketako finalean. Alkaiza izango da emakume bakarra; azken hiru finaletan, gizonezkoak izan dira bertsolari guztiak. 2011n kantatu zuen azkenengoz emakume batek: Estitxu Arozena Albizuk.

Leitzako finalerdian, Illarregirena eta Zelaietarena izan zen lanik aipagarriena zortziko handian. Intsumiso izateagatik elkarrekin espetxean izandako bi lagunen tokian jarri zituzten. Derrigorrezko soldadutza kendu eta hogei urtera, topo egin zuten aspaldiko partez. Kartzelan bi urte egin zituztela oroituz hasi zen Zelaieta: «Bi urte haiek han daude urrun orain bizi gara lasai/ gu biak aske bizi gara ta kontzientzia ere bai». «Ikusi preso ta Altsasukoak askatasunikan gabe/ injustizi bat desegin zen han baina beste mila daude», gogorarazi zion Illarregik. Hirugarrenean, bide beretik jo zuen: «Nahiz kendu ziren soldaduskara derrigor joan beharrak/ orain falta da kanporatzea gure herritik militarrak».

Roblesek eta Silveirak atera zuten txispa gehien zortziko txikiko ariketan. Hauxe izan zuten kanturako abiapuntu: ikasleak dira biak, eta azterketa bat egin berri dute. Silveira, bista luzatuz, Roblesen erantzunak kopiatzen aritu da; lehenengoak gainditu egin du, bigarrenak, aldiz, ez. «Ni zulora joan naiz ta pasa zaitu zu/ ze betaurreko mota erabili duzu?», hasi zen Robles. Silveiraren erantzuna, goitik beherakoa: «Betaurrekoak ere neuzkan zikin xamar/ agian horregatik nota ez zen hamar/ zu beti izan zara nahiko ikasle txar/ begiratzen nuen zer ez zen jarri behar». Bigarrenenean, Roblesek: «Baina sinesgaitza zait bai zure taktika/ nik boligrafoa dut eta zuk barita». Eta Silveirak, berriz notekin jolastuz: «Lehenbailehen ikasi bizilege da hau/ dakienak daki ta ez dakienak lau».

Fernandezek eta Gorosterrazuk ere saio txukuna egin zuten hamarreko txikian. Gai hau egokitu zitzaien: musika talde bateko kide dira biak, eta kontzertuetan aspaldiko kanta bat eskatzen diete beti. Fernandezek pozik jotzen du; Iker, aldiz, zeharo aspertua dago jada. «Ta nik pozik jotzen dut pozik ta seguru/ ez gara deus zer ginen ahazten badugu», hasi zen lehenengoa. Bigarrenak, erantzuna: «Oholtza gainean ezin dut eman onena/ beti ezin da izan lehenago ginena».

Sailkapenean lehenengo egin zuten biak elkarrekin aritu ziren hamarreko txikian. Bikote baten rolean aritu ziren Silveira eta Illarregi: aspaldiko partez haurrak aitatxi-amatxirekin utzita, parrandara atera dira gaur. Poteoan denbora gutxi daramatenean, Illarregik festa atzendu eta haurrengana joan nahi duela esan dio Silveirari. Erdi umorez hasi zen gazteena: «Guraso izateak hamaika arrisku/ ez da mobila gisan Xabier sinistu/ ezin da nahi denean itzali ta piztu». Silveiraren erantzuna: «Zoaz ta ohea berotu ni iristerako/ ni ere nahiko bero joango naizelako».

Kartzelakoak, ausartzeaz

«Ausart sartu zara. Jada ezin duzu atzera egin». Horixe zen kartzelako ariketako gaia. Maitemina aitortzeko pausoaz aritu zen Silveira. Laguna afaritara gonbidatu zuela kontatu zuen lehen bertsoan. Azkenengoan, hauxe kantatu zuen: «Goizero zure whatsapp bat jaso ta jaten dut trena/ gauez whatsapp-ik ez bada trena da irensten nauena/ zure zain infinitua liteke ordu laurdena/ punttu-punttuan egon naiz errateko hori dena/ baina ez diot ja erran ordaintzea da onena/ ez al da laguntasuna maitasunik handiena».

Fernandez, berriz, homosexuala dela iragarri duen futbolari baten ahotik aritu zen. «Gelara sartu ta aitortu diet homosexuala naizela/ futbol munduan beste aunitzek aitortu ez duen bezela». Homofobiari «gol bat» sartu ziola kantatuz biribildu zuen lana.

Illarregik 13/13 sumarioko auzipetuen rola hautatu zuen; Espainiako Auzitegi Nazionalera nola sartu zen azaldu zuen. Honela amaitu zuen azken bertsoa: «Nahiz epaiketa bukatu arte ezin den hartu atseden/ sakon egin dut hasperen/ merezi gabe akusatuen aulkitxoan nago hemen/ baina herriak ederki daki arrazoia zeinek duen».

Gurasoei neskak gustatzen zaizkiola kontatzera jo zuen Roblesek. Bigarren bertsoa biribila izan zen: «Amari esango diot urtea nuela aurten/ aitari aurreiritziak guztiak ja ditzala ken/ buelta erdia emango nuke nik aitaren baten/ baina etxeko atean naiz giltzari buelta ematen/ ausarta izan beharra haiek onartu nazaten/ ispilu aurrean egon naiz 'posible duzu' esaten/ baina ispilutik kanpo ez da erreza izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.