Belarri gazteenentzako musika

Euskadiko Orkestrak Musika Gelaren denboraldi berria abiatu du. Musika eta antzerkia batzen dituzten hiru ekoizpenez osatuta dago zikloa. Entsegu ireki bat ere egingo dute

Euskadiko Orkestra Cirkus emanaldiko protagonistak. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Antzerkiaren, zirkuaren etamusikaren arteko hormak eraistea». Xede horixe du Euskadiko Orkestraren MusiÞka Gela hezkuntza zikloak 2022ko denboraldiari begira. Musika Gela duela zenbait urte jarri zen martxan: musika eta hezkuntza uztartzen ditu, musika «ez-komertzialaren arloa» gaztetxoei hurbiltzeko.

Atzo, zikloaren antolatzaileek datorren denboraldiaren xehetasun guztiak aurkeztu zituzten Euskadiko Orkestraren Donostiako egoitzan. 2022rako prestaturiko saio guztiak plazaratu zituzten Musika Gela babesten duten erakunde guztietako ordezkariek. Bertan izan ziren Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Roch, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena, Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañada eta Kursaal Eszenako musika klasikoko arduradun Patrick Alfaya.

Aurtengo edizioa hiru ekoizpenez osatuta dago: Euskadiko Orkestra Cirkus, Living Room Music eta Botadun katua. Hiru ekoizpenok, gainera, bi formatutan emango dituzte, ikus-entzuleen beharretara moldatze aldera: batetik, Eskola Kontzertuak izeneko egitasmoa prestatu dute, hezkuntza zentroetako ikasleei zuzenduta; bestetik, Musika Familian izenekoa atondudute, familian ikusteko egokitutakoa.

Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 100 ikastetxe inguruko 9.000 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute aurten Eskola Kontzertuetan. Musika Familian sailari dagokionez, Euskadiko Orkestrako zuzendari Oriol Roch «harro eta pozik» agertu da, atal horrek «25 urteko ibilbide luze eta finkatua» bete duelako orkestraren egitarauaren parte izanez.

Proiektuaren oinarria den kontzertu eskaintza hori egiteaz gainera, Musika Gelak berriz helduko die entsegu irekiei. Egitasmo horiek, antolatzaileen hitzetan, «espreski» zuzenduak daude kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei; izan ere, aukera ematen dute orkestrako musikari profesionalek, emanaldi bat hasi orduko, lantzen duten guztia hurbiletik ezagutzeko. Aurtengo entsegu irekia martxoaren 10ean izango da, Donostiako Kursaaleko auditoriumean; ekitaldi horretarako aukeratu duten pieza Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa da, eta Pinchas Steinbergen batutapean joko dute.

Hiru ardatz nagusi

Proiektuaren antolatzaileek azaldutakoaren arabera, Musika Gelaren oinarria osatzen duten hiru ekoizpenak adin desberdinetako umeei zuzenduta daude: «Musikariek adin bakoitzari egokitutako obra bat sortu dute, bere gain hartu baitituzte moldaketa eta prestaketa prozesu guztiak».

Euskadiko Orkestra Cirkus 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat planteatu dute. «Umeei jazza, herri musika, aretoetakoa eta musika kultua transmititu nahi dizkiegu, , alaitasunezko eta fantasiazko ingurumari batekin egindako fusioaren bidez», argitu du Rochek.

Horretarako, 40 minutuko pieza «labur baina dinamikoa» jorratu dute: «Pituxa pailazoak, zirkuko atrezzo koloretsuak, ekilibristek, magia jokoek eta exotismo melodiko zein tinbrikoek lagunduko diete musikariei», azaldu dute. Azaroan eta urtarrilean aurkeztuko dute Euskadiko Orkestra Cirkus. Batetik, Eskola Kontzertuak egitasmoaren barruan eskainiko dute; hurrengo astean izango da, astelehenetik ostegunera artean, Euskadiko Orkestraren egoitzan. Musika Familian sailean ere emango dute: urtarrilaren 29an, Kursaaleko Ganbera aretoan, eta 30ean, Gasteizko Garcia Lorca antzokian.

Egitasmoaren bigarren geltokia Living Room Music izenekoa da. Orkestrako kideek 50 minutuko lana ondu dute, 6 eta 10 urte arteko umeei zuzenduta. «Gidoi gaurkotua duen emankizun bat» dela adierazi dute; izan ere, berrogeialdia egin beharraren ondorioz, atzerriko hiri batean harrapatuta geratzen diren lau musikariren istorioa kontatzen du Living Room Music-ek, alegia, «bizi garen garai hauetara egokitutako gai bat du», Cañadaren aburuz.

Emanaldi hori ere Eskola Kontzertuak eta Musika Familian sailetan sartu dute, bakoitzari dagokion kontzertu zerrenda osatuta. Ikasleek bihar izango dute Living Room Music-ez gozatzeko parada; hurrengo astean ere, asteazkenetik larunbatera artean emango dute, hori ere orkestraren egoitzan bertan. Familiek, berriz, egun bakarra izango dute: urtarrilaren 22a.

Botadun katua da ziklo musikala osatzen duen lana. Charles Perrault idazle frantziarraren liburua literatura unibertsalaren klasikoetako bat da, Per Poc txotxongilo taldeak orain «molde berri batez» interpretatuko duena, Cañadaren hitzetan.

6 eta 10 urte arteko umeei zuzenduta dago, eta, 55 minutuz, Luis XVI.aren gortean murgiltzen du ikus-entzulea. Obrari «kutsu poetikoa, viktoriarra eta bisuala» emateko, Euskadiko Orkestrako talde instrumental barroko batek esku hartuko du, «formatu handiko kontzertu batean», antolatzaileen arabera. Helburua, izan ere, haur eta gazteak aldi historiko jakin batera hurbilaraztea da, «garai hartako kulturaren eta, bereziki, musikaren aberastasuna ezagutu dezaten», dio Rochek.

Botadun katua ikusteko, hiru egun izango dira 2022an: martxoaren 30ean eta 31n, ikasleek ikusi ahalko dute, Kursaalean; apirilaren 10ean, berriz, familian ikusteko kontzertua emango dute, Gasteizko Principal antzokian.

Saio berezia Durangon

Aipatutako hiru ekoizpenez eta entsegu irekiaz gain, Euskadiko Orkestrak parte hartuko duhurrengo larunbatean Durangoko Musika Hamabostaldian (Bizkaia). Kontzertu horretarako, gainera, Musika Gelaren azken edizioko ekoizpen «berezi eta arrakastatsuenetako bat» berreskuratuko du, Rochek esan duenez: Mozart, Nannerl eta lagunak.

Ikus-entzunezko emankizun bat da, Wolfgang Amadeus Mozart konpositorearen eta haren arreba Maria Anna Mozart Nannerl-en nondik norakoak kontatzen dituena, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendua. Saioa 19:00etan hasiko da, Durangoko Agustin antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.