Albistea entzun

Jon Maiaren sorkuntza lana, testu bihurtuta

Nafarroako Unibertsitateko Museoak liburu batean jaso du Kukai Dantzak museo horretan egindako 'A puerta cerrada' proiektuaren sormen prozesua. Lanaren gakoak eta testuingurua ematen ditu
IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2022ko urtarrilak 2 - Iruñea

Pandemiaren lehen asteetan, itxialdi zurrunenaren hasieran, Jon Maia dantzari eta koreografoak gogoeta prozesu bat partekatu zuen Jose Manuel Garrido Nafarroako Unibertsitateko Museoko arte eszenikoen zuzendariarekin. Hartu-eman horrek egoitza artistiko bat ekarri zuen: Maiak eta hark zuzentzen duen Kukai Dantza konpainiako kideek astebete igaro zuten museoan, eta esperientzia horretatik sortu zen A puerta cerrada (Ateak itxita) proiektua. Trilogia egiturako hiru pieza artistikok osatzen dute: Bihar, etzi, atzo da; Egoerak; eta Gauekoak. Lehenengo biak ikus-entzunezko formatuan egin behar izan zituzten, egoerara egokituta, eta hirugarrena oholtza gainean erakutsi ahal izan zuten.

Orain, proiektu hori sortzeko prozesua jaso dute museoaren Cuaderno de creación (Sorkuntza koadernoa) bildumaren zenbaki berrian, Ibis Albizu filosofoak editatuta. Maiaren eta Kukai konpainiaren oharrak eta materialak bildu eta ordenatu ditu, eta, koreografoarekin izandako elkarrizketa luzeekin batera, haren sormen unibertsoaren gakoak erakusten saiatu da. Berriki aurkeztu dute lana, museoan bertan, Jon Maiak, Jose Manuel Garridok eta Ibis Albizuk.

Maiarentzat garrantzitsua izan da liburuak A puerta cerrada proiektua sortu zeneko testuingurua jasotzea, egoera oso zehatz eta berezian jaio baitzen: konfinamendu garaian. Gogorarazi du, orain 2020ko martxoa eta apirila urrun ikusi arren, bere garaian «garai bizia eta zaila» izan zela.

«Nik oso argi nuen, gertatzen zena gertatzen zela, saiatu behar genuela, ezin ginela geldirik geratu», adierazi du. Horregatik erabaki zuten zerbait egitea, ateak itxita bazen ere. Urte eta erdi igaro ondoren, balio handikoa iruditzen zaio sorkuntza prozesuaren ezaugarri berezi horiek jaso izana. «Lanaren jatorrira eta funtsera iristeko lagungarriak diren gakoak ematen ditu».

Bestalde, kaieraren proiektuak balio izan dio bere lanak beste pertsona baten begietatik begiratzeko, eta modu naturalean egiten dituen ekintza batzuen kontzientzia handiagoa eman dio. Hori oso aberasgarria iruditzen zaio. «Normalean ez dut sorkuntza koadernorik, edo, edukiz gero, erabateko anabasa dira; baina orain hasi naiz halakoak egiten», gaineratu du.

Albizuren irudiko, liburuak erakusten du kulturgileak ezagutzeko garrantzitsua dela jakitea nola egiten duten lan, horrek haiei buruzko esanahia zabaltzen baitu. «Sormen prozesuak, berez, garrantzitsuak dira: erakusten dute begien bistara ezkutuan gelditzen dena, baina funtsezkoa dena oholtzan ikusten duguna ulertzeko: artistaren lan egiteko modua, ideiak eta gustuak, obsesioak... Horietan sakontzeko eta haien zentzua zabaltzeko modu bat da, eta aukera ematen du emaitzatik haragokoa ikusteko». Harentzat lan hau «leiho bat» da, Maiaren unibertso sortzaile osora gerturatzeko.

Ikertzaileak azpimarratu du ez dela adituentzako liburua, edonork irakurri ahal izateko moduan osatua baitago: «Irakurleari eskaini nahi dio obran ikusiko ez duen informazioa, eta ordenaturik dago edonork ulertu ahal izateko». Horrekin batera, funtzio estetikoa izan dezala ere bilatu du: «Liburua bera ederra izan dadila, Jon Maiaren estiloari jarraituz».

Bai Maiarentzat, bai Albizurentzat, liburua egiteko izandako elkarrizketak oso aberasgarriak izan dira; ikusi dute ezen, koreografoaren eta ikertzailearen lana printzipioz esparru desberdinetan egon arren, bereizten dituena txikia dela, Albizuk adierazi duenez: «Jon ere ikertzailea da, sortzeko orduan esperimentatzen duelako, bilatzen duelako; eta, aldi berean, ikerketak ere sorkuntza eskatzen du, ikertu nahi dugunaren inguruko galderak eta erlazioak pentsatu behar ditugulako. Horregatik, ez dut sentitu gorputzarekin dantzatzen denaren eta pentsatzen denaren artean muga bat dagoenik». Azken batean, dantzak eta idazketak gauza bera modu desberdinetan adieraz dezaketela uste du. «Dantza ere irakur daitekeela».

Maia bat dator baieztapen horiekin, eta gaineratu du koreografo gisa besteen gorputzekin lan egiten duela berearekin baino gehiago: «Alde horretatik, askotan nire lana mentala da gorputzekoa baino gehiago». Gainera, azaldu duenez, ikertzailearen galderei erantzuteko esperientziak pentsatzeko eta hausnartzeko balio izan dio, «kasik terapia moduan», eta baita bere lanean berresteko ere. Albizuk egindako lana txalotu du, harentzat zaila baita ideien mundua «papera bezalako gauza konkretu batean» islatzea.

Cuaderno de creación bildumako laugarren pieza da Maiarena; aurretik Javier Martin, Itsaso A. Cano eta Dani Pannulloren inguruko lanak argitaratu dituzte. Jose Manuel Garridoren arabera, haien jatorria «sorkuntzaren tripak» ezagutzeko interesa da. Maiaren lanari dagokionez, tradizioan bilatzeko, hura eraldatzeko eta sorkuntza garaikidera eramateko gaitasuna nabarmendu du: «Sustraian bilatu gabe ezin delako zerbait modernoa sortu».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Ikasleak, goizean, sartzeko zain. / ©Iñigo Astiz

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Paulo Ostolaza

Ireki ditu ateak Landako guneak. Ikasleak izango dira goizeko protagonistak, eta 14:30ean hasiko dira Ahotseneako ekitaldiak.

Langileak Durangoko Landako guneko salamahaietako bat prestatzen, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eztanda baten esperantzan

Iñigo Astiz

Gaur hasiko da Durangoko 57. Azoka, eta, azken bi urteetako gorabeheren ondoren, pandemia aurreko itxura berreskuratzeko erronka izango du aurrez aurre igandera bitarte. Musikaren euskarri fisikoen krisiak eta prezioen igoerak eragindako ziurgabetasunari ere erantzun beharko dio.

 ©Aritz Loiola, FOKU
San Agustin kulturgunea, Szenatokiaren egoitza. / ©Aritz Loiola, FOKU

Durangon dena ez da Landako

Maria Ortega Zubiate - Jone Bastida Alzuru

Zazpi espaziok osatzen dute Durangoko 56. Azoka: Ahotsenea, Irudienea, Talaia, Kabi@, Saguganbara, Azoka TB eta Szenatokia. Ahotsenean egiten diren aurkezpenak zuzenean emango ditu Azoka TBk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...