Albistea entzun

Ama izateko edo ez izateko mila modu

Goiatz Labandibarrek 'Amez' liburua plazaratu du; 21 narrazioz osatuta dago. Idazlea «'ama onaren' kontzepzio monolitikotik» urruntzen saiatu da
Goiatz Labandibarrek <em>Amez</em> liburua aurkeztu zuen atzo, Donostian.
Goiatz Labandibarrek Amez liburua aurkeztu zuen atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2022ko otsailak 25 - Donostia

Amatasunaren inguruan arakatu, eta amei buruzko 21 narrazioko bilduma osatu du Goiatz Labandibar idazleak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985): Amez. Liburuan gizarteak onartzen duen ama onaren kontzepzio monolitikotik urruntzeko ariketa egin du, eta ama izateko edo ez izateko modu askotarikoez, «kontraesankorrez», aritu da, eta ama izateak edo ez izateak berekin dakarrenaz. Atzo aurkeztu zuten liburua, Donostian. Alberdania argitaletxeak kaleratu du.

Labandibarren esanetan, narrazio guztietan dago gutxienez ama bat. Baina figura horren atzean dagoenari erreparatzera deitu du: «Amei buruz baino gehiago, ama horien atzean dagoen pertsonari edo emakumeari buruzko narrazio batzuk direla esango nuke». Egoera edo hausnarketa jakin batetik abiatuta osatu ditu istorioak, eta argi izan du zer lortu nahi zuen: «Askotan, badirudi emakume bat ama denean ama besterik ez dela, hori dela haren izaera guztia. Horri buelta eman nahi izan diot».

Pertsona ardatz hartuta, ama batengandik «espero edo nahi ez direnak» azaleratzeko modu bat izan da idazketa. «Gizarteak ama onaren kontzepzio bakar bat onartzen du; dirudienez, ez gaude prest ama izateko beste modu batzuk aintzat hartzeko, edo kosta egiten zaigu, behintzat». Ipuin hauek idaztean, aldarrikapen bat egin du: ez direla «ama okerragoak» modu ezohiko bat aukeratzen dutenak amatasunari heltzeko, ama izateko. Aldendu egin da, beraz, ama onaren eredu bakarra goraipatzen duen jarrera horretatik.

Labandibarrek dio ama izateko eta amatasuna ulertzeko moduak aldatu egiten direla: sozialki, politikoki eta historikoki, baita bizitokiaren arabera ere. «Azken finean, eraikuntza sozial bat da hori ere. Zer den ama ona izatea, eta zer txarra izatea». Ama onaren eta txarraren arteko dikotomia hori hautsi nahi izan du. «Epaiketa hori kendu nahi izan dut».

Liburuaren hasieran, Bernardo Atxagak Obabakoak liburuan idatzitako esaldi bat ageri da, besteak beste: «Amak beti izan dira ama, beti begiratu izan dute beren umeen alde». Aipu horri tiraka, hala dio Labandibarrek: «Espero da amak beti zerbait ona egingo duela, edo jarriko dela bere haurren alde. Uste dut horrekin ere jolastu dudala. Protagonistak, justu, hori esatera datoz: haiek ere ama onak direla. Espero gabeko zerbait egin dezaketela, sozialki edo garai horretan oso egokitzat hartzen ez den zerbait, baina horrek ez dituela txar edo gaizto egiten». Argitu du liburuan ez direla jazoera larriak gertatzen.

Labandibarren aburuz, badaude sozialki onartzen diren zenbait gauza: esaterako, badago ideia orokortu bat ama on batek zer egin beharko lukeen. «Horrek frustrazio asko eragiten ditu». Irakurleak gogoetara bultzatzea ere badu xede liburuak. Idazlearen nahia da irakurlea emakume edo pertsonaia horien tokian jarri, eta dituen iritziak, pentsamenduak eta usteak kolokan jartzea.

Erregistro ezberdinak

Labandibarrek badu ibilbidea euskal literaturan. Amez azken lan honen aurretik, beste lau ipuin bilduma idatzi ditu: Geltokiak eta helduta entzuteko abestiak (2013), Hala bazan... klixk! (2014), Fotogramak (2016) eta Hori zen dena (2019). Poema liburu bat eta antzezlan bat ere egin ditu. Argitaratu dituen aurreko liburuekin alderatuta, beste modu batera ekin dio oraingoari, argi izanda zertaz idatzi nahi zuen: «Hasieratik garbi nuen ama zentroan egongo zen istorio batzuk sortu nahi nituela, edo hura izango zela narrazioei lotura emango ziena». Erabaki «kontziente bat» izan zela dio. Idazteko orduan, erdigunean jarri du pertsona edo emakume horiek bizitzen edo sentitzen dutena, eta hortik abiatuta sortu ditu istorioak.

Horretarako, hainbat literatur teknika eta erregistro erabili ditu Labandibarrek. «Saiakera bat» egin du askotariko ahotsak hartzeko, eta, aldi berean, askotariko moduak baliatu ditu gertaerak kontatzeko. Ahalegindu da pertsonaia edo protagonista bakoitzari «hobekien» egokituko zaizkion forma, ahotsa eta ikuspuntua ematen. Besteak beste, ironiaz josi ditu pieza batzuk, eta kronika kutsua eman die beste narrazio batzuei.

Aitortu du forma erabakitzeko orduan izan dituela buruhauste batzuk: «Nola kontatuko dudan erabakitzeko tarte horretan, buelta asko ematen dizkiot». Errepikakorregia suertatuko ote zen kezka ere izan zuen, eta, azaldu duenez, hori eragozteko estrategietako bat izan da formekin jolastea. «Formak erabaki du zer erritmo izango duen istorioak». Ipuinak, gainera, ez dira toki eta denbora jakin batean gertatzen.

Liburuaren amaieran, 11 idazleren 11 liburuk osatutako zerrenda bildu du Labandibarrek, AMAndreak izenburupean. Haren arabera, Amez narrazio bilduma idazteko garaian baliagarri suertatu zaizkion lanak dira, eta «keinu» bat egin nahi izan die horien egileei. «Idazle garenok irakurle ere bagara. Ni etengabeko irakurle bat naiz».

Zerrendatutako liburuen artean daude, hala nola Katixa Agirreren Amek ez dute, Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik, Simone de Beauvoirren Bigarren sexua eta Leire Bilbaoren Scanner. Idazteko iturri anitz daudela adierazi du: batzuetan, errealitatea izan liteke ideiaren sorburu; beste batzuetan, berriz, besteen sorkuntza lanak dira «iturri edo akuilu». «Aipatu ditudan lan horiek idazten ari nintzen prozesuan irakurritakoak dira. Ekarpen bat egin didate».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost punturen aldearekin.

Alaia Martin, gaurko saioa. ©Bertsozale Elkartea

Alaia Martinek irabazi du lehenengo final-laurdena

Miren Mujika Telleria

Nerea Elustondo sailkatu da bigarren Getxon (Bizkaia) jokatutako saioan

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...