Albistea entzun

Ahalduntzeko genealogia bat

Garazi Albizuaren eta Olga Carmonaren 'Iruleak' komikian, hiru izaki mitologiko Mar-en bizitzan eragitera jolasten dira, eta ahanzturatik erreskatatutako hiru emakumezkoren mamuak baliatzen dituzte horretarako
Kloto, Atropos eta Lakesis irule mitologikoak dira Garazi Albizuak eta Olga Carmonak sortutako <em>Iruleak</em> komikiko protagonistetako batzuk.
Kloto, Atropos eta Lakesis irule mitologikoak dira Garazi Albizuak eta Olga Carmonak sortutako Iruleak komikiko protagonistetako batzuk. TXALAPARTA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko urriak 11

Kloto, Atropos eta Lakesis patuaren iruleak aspertuta daude beren planetan. Amets eta bizitza ororen jabe dira, baina aspertuta daude, eta horregatik proposatu du jolasa hiruretako batek: «Eragin dezagun berriro gizakiren baten bizitzan». Lur planetako Mar izeneko gizakia hautatu dute jostailu izateko, eta berehala erabaki dute haren egunerokoa nola inarrosi: iraganean bizitza esanguratsuak izan baina gero, hil ostean, ahanzturak ia erabat irentsitako hiru emakumeren mamuak bidaliko dizkiote. Bakoitzak bat. Margaret Fuller AEBetako intelektuala agertuko zaio lehenik, Nafarroako Margarita erregina ondoren, eta Ines Joyes y Blake idazle eta itzultzailea azkenik. Marren bizitzan hiruretako zeinek gehien eragingo da erronka. Ordea, guztiek utziko dute beren aletxoa, eta, mamu bakoitzaren bisitarekin, eguneroko zapalkuntza txikiei aurre egiteko indarrak bilduz joango da. Eta ahalduntze prozesu hori kontatu dute Garazi Albizua gidoigileak eta Olga Carmona marrazkilariak Iruleak komikian (Txalaparta).

Albizuak dioenez, hamaika dira munduan harigintza eta emakumezkoak lotzen dituzten kontakizun mitologikoak, eta, nahiz eta azkenean Grezia klasikoko moiren izenak hautatu dituen pertsonaientzat, mito horien guztien arteko moldaketa propio bat sortu du komikirako. «Iruditu zitzaidan iruleak zirela pertsonaiarik ezagunenak, eta gainerakoen elementu komunak ere biltzen zituzten».

Plano mitologiko horrekin batera, ordea, komikiak Mar pertsonaiaren egunerokoa ere kontatzen du, eta, Albizuak dioenez, «autofikzio» puntu bat ere badago hor. «Ni ere, Mar bezala, Iruñean bizi izan nintzen denbora batez, eta nik ere birramamaren etxera joateko utzi nuen hiria».

Iruñeari egindako omenaldi bat ere bada komikia, eta orriz orri tantaka doaz agertuz hiriko kultur guneak: Walden liburu denda, Katakrak, Nebula aretoa, Toki Leza taberna, Chundarata liburu denda... Albizuak onartu duenez, hirian eman zuen denboraren lekuko dira aipamen horiek guztiak.

Zazpi urte eman ditu Albizuak komikiari bueltaka. Gidoigilea ez ezik, marrazkilaria ere bada, gainera, eta badu hasi eta buka berak marraztutako haur eta gazteentzako komiki bat ere: Kemena (Denonartean). Baina, oraingoan, hasieratik izan zuen argi marrazkiak beste norbaitek egin behar zituela, eta hala heldu zitzaion proiektua Olga Carmona ilustratzaile eta komikilariari, duela pare bat urte. «Lady enigma izeneko lana nuen kaleratuta Cosmica argitaletxearekin, eta haien bidez heldu zitzaidan proposamena, itxialdi betean geundenean», gogoratu du. «Oso interesgarria iruditu zitzaidan».

Hildakoen bizkar zabalak

Kontakizunean bezala, irudietan ere plano mitologikoa eta plano errealista uztartzea izan du erronka nagusia. «Plano erreala irudikatzeko kolore hotzak, bineta koadrikulatuagoak eta narrazio klasikoagoa hautatu ditut, eta, aldiz, fantasiaren planoa sartzen denean apurtu egiten dut koadrikula horrekin, eta kolore beroagoak erabiltzen ditut».

Uxue Alberdik idatzi du komikiaren hitzaurrea, eta Maria Luisa Erdozio Etxeberri lapurtarraren historia berreskuratu du bertan.

1846an sortu zen, Azkainen, eta 1925ean hil, Donibane Lohizunen. Hamahiru ume izan zituen, bertsolari izan zen plazetan, eta sari bat baino gehiago ere jaso zuen bertso jarriengatik, baina, Alberdik dioenez, azkaindar batzuen lanak eta Beñat Soule bertsozaleak haren izena liburu batean aipatu izanak salbatu zuen ahanzturaren atzaparretatik. Eta Ursula K. Le Guinen aipu bat dakar Alberdik iraganarekiko lotura hori nabarmentzeko gero: «Idazle guztiok igotzen gara elkarren sorbalda gainera». Eta ez idazleak bakarrik, hitzaurreak dioenez. «Andre guztiok igotzen gara bata bestearen sorbalda gainera. Eskerrak hildakoen bizkar zabalei».

Gazteleraz ere argitaratu du liburua Cosmica argitaletxeak, La apuesta de Cloto izenburupean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Norbere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian
Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Erredakzioa

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz
Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.