Donostiako 66. Zinemaldia

Borrokatzera kondenatuak

Enrique Urbizuk eta Jorge Doradok 'Gigantes' aurkeztu dute, narkotrafikoaren munduan girotutako telesaila. Sail Ofizialean eman dute, lehiaketatik kanpo

Gigantes telesaileko lantaldea, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak iaz sartu zuen lehenengo aldiz telesail bat Sail Ofizialean: La peste. Alberto Rodriguezek zuzendutako lanaren bi atal eman zituzten —lehiaz kanpo—, eta, esperientziarekin gustura geratu zirenez, Jose Luis Rebordinosek zuzentzen duen taldeak aurten ere errepikatzea erabaki du, nahiz eta telesailek Sail Ofizialean lekua izan behar duten eztabaidagai den oraindik ere jaialdiaren ingurumarietan.

Aurten, Movistar + kateak ekoitzi eta Enrique Urbizuk (Bilbo, 1962) eta Jorge Doradok (Madril, 1976) zuzendutako Gigantes telesaila eman dute Zinemaldian. Atzo goizean, lehen bi atalak ikusi ahal izan ziren Kursaalean, baina, gaur, telesailaren lehen denboraldia osatzen duten sei atalak ere ikusi ahalko dira, Principe aretoetan (16:30).

«Apurtzen ari den gizonezkoen mundu bat eta bere espazioa hartzen ari den emakumezkoena». Horrela definitu zuen atzo Urbizuk berak Gigantes-en mikrokosmosa. Istorioa Guerrero familian dago zentratua. Urteak daramatzate droga trafikoa maneiatzen, Abraham aita (Jose Coronado) klanaren buru dela. Daniel (Isak Ferriz), Tomas (Daniel Grao) eta Clemente (Carlos Librado) semeek, baina, negozioari eta bizitza berari buruzko ikuspegi ezberdinak dituzte. Danielek urte batzuk igaro beharko ditu espetxean, eta handik irtetean ohartuko da Tomasek hartu duela negozioaren gidaritza eta, gainera, legezkotasun itxura eman diola arte galeria baten bidez. «Diru beltza garbitu egin behar da», Urbizuk dioenez, eta «are gehiago ingurune errespetagarri bat eraiki nahi baduzu. Diru beltzaren eta artearen negozioaren arteko harremanaz egunero irakurtzen dugu prentsan; ez dugu ezer asmatu».

«Misteriorik gabeko istorioa» da Gigantes, «hiltzailea zein den» asmatu behar ez den heinean, eta pertsonaiei jarraitzen die denbora guztian, mugimendua «etengabea» delako. Urbizu: «Nik uste dut telesailen egitura duela. Ezinezkoaren inguruan mugitzen gara, baina beti sinesgarritasuna bermatuz. Azken batean, telesailean agertzen diren pertsonak hor daude, nahiz eta gu ez oinarritu jende jakin batean».

«Txakur gosetiak»

Abraham eta hiru semeen arteko harreman bortitz eta mirarik gabeak ardazten du telesailaren lehen atala. Coronadok berak esan zuen bere pertsonaia «basatia» dela: «Moraltasunik eza islatzen du. Guztiari egiten dio eraso, eta semeak ere umiliatu egiten ditu. Deabrua bera da».

Antzera mintzatu zen Ferriz: «Bere semeak irensten dituen Saturno bat da. Eta pozten da bere oinordekoak esnatu eta borrokatzeko prest dauden txakur goseti bilakatzen direnean». Inguruan, baina, hainbat emakume izango dira, gizonezkoek maneiatzen duten mundu horretan espazioa lortu nahian. Urbizu: «Gizonezkoak, oro har, beldurgarriak dira, baina hausten ari da mundu hori, eta emakumezkoak indarra hartzen ari dira».

Telesailaren lehen denboraldia estreinatu ez duten arren, dagoeneko filmatua dute bigarrena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.