Ehun euskal sortzaile Eskoziako jaialdi nagusietan izango dira

Herrialde horretan euskara eta euskal kultura ezagutaraztea du xede Etxepare institutuaren programak. Glasgowko Celtic Connections musika jaialdia izango dute lehen geltokia

Eskozian joko duten musikarietako batzuk eta instituzioetako ordezkariak, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ehun bat euskal artistak Eskozia bisitatuko dute aurten. Herrialde horretako hiri nagusietan 2019an izango diren hogeitik gora kultur ekitalditan hartuko dute parte, datorren astean hasi eta urrira bitarte, Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako ScotlandGoesBasque programaren barruan. Musikariak izango dira lehenak Eskozian beren sorkuntzak erakusten,Glasgown gaur hasiko den Celtic Connections jaialdian lau euskal musika talde ariko baitira. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien laguntzarekin osatu du proiektua Etxeparek, eta nondik norako nagusien berri atzo eman zuen Irene Larraza institutuko zuzendariak, Eskoziara joango diren musika taldeetako kideak eta Bingen Zupiria Kultura sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatua eta Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua alboan zituela, Donostiako Tabakalera zentroan.

Musika zelta munduko beste herri musikekin uztartzen du Celtic Connections jaialdiak, eta arlo horretan erreferentziazko ekitalditzat jotzen da. Gaurtik otsailaren 3ra, mundu osoko 2.000 musikari batuko dira Glasgown, eta kontzertuak, hitzaldiak eta erakusketak izango dira hiri osoan. Tartean, lau euskal talderen emanaldiak. Oholtzara igotzen lehenak Korrontzi eta Kalakan izango dira, hilaren 24an —hurrenez hurren, Old Fruitmarketen eta Glasgow Royal Concert Hallen ariko dira, iluntzean—. Hurrengo egunean, Huntzaren kontzertua hartuko du Queen Margaret Union espazioak, eta hilaren 26an, berriz, Oreka Tx ariko da, Glasgow Royal Concert Hallen.

Horiez gain, Tosta Bandak ere kontzertua emango du jaialdian; hilaren 25ean izango da emanaldia, Glasgow Royal Concert Hallen. Donostia 2016 kultur hiriburutzaren testuinguruan sortu zen taldea, eta Irlanda, Eskozia, Gales, Kornualles, Frisia, Galizia eta Euskal Herriko musikariak biltzen ditu. Igor Otxoa da proiektuaren zuzendarietako bat, eta Eskozian aritzeko aukeraren garrantzia nabarmendu zuen, bertan ariko diren gainerako taldeen izenean. «Hemengo hainbat taldek esperientzia handia dugu kanpora ateratzen, eta, nahiz eta lortzen dugun, modu isolatuan izan ohi da, bakarka, eta esfortzu handia egin ondoren». Atzerrira halako proiektu baten barruan eta euskal musikaren «markaren aterkipean» joateak taldeei bidea erraztuko diela uste du musikariak, eta ikusgarritasun handiagoa emango diela.

Jaialdiaren barruan egingo diren topaketei ere garrantzi berezia eman zien Otxoak. Izan ere, hilaren 24 eta 25ean, Euskal Herriko musikaren sektoreko hainbat ordezkariren eta Eskoziako hainbat kultur eragile zein programatzaileren arteko topaketa bat izango da Glasgown. Etxepare institutuak «munduko musiken generoaren barruan kokatu daitezkeen» euskal artisten katalogo bat osatu du, eta atzerriko profesionalei banatuko zaie topaketetan. Kantu bilduma bat jasotzen duen disko bat ere prestatu dute, herri musikaren arloan erreferente den Songlines aldizkariarekin batera banatuko dena.

Jomuga «estrategikoa»

Ez dira musikariak izango aurten Eskoziarako bidea hartuko duten euskal sortzaile bakarrak. Musikak ez ezik, literaturak, zinemak eta arte eszenikoek ere badute lekua programan. Eta oraindik zehaztasunik eman ez badute ere, herrialdean egingo dituzten beste hainbat jaialditan ere euskal ordezkaririk ez dela faltako ziurtatu zuten arduradunek. Besteak beste, Edinburgh International Film Festival (ekainean), Edinburgh Festival Fringe (abuztuan), Edinburgh International Book Festival (abuztuan) eta Cinema Attic (irailean) jaialdiak aipatu zituzten.

Lehen aldia da Etxepare institutuak urte oso batez herrialde jakin bat hartuko duen programa bat antolatu duena. Eskozia aukeratzeko arrazoien artean, bertako kultur jaialdiak nazioarteko garrantzitsuenen artean daudela azaldu zuen Larrazak. «Gure sortzaileak gure kulturaren enbaxadoreak direla sinesten dugu, eta gure nahia zen leiho batzuk sortzea non ikusgai izango diren». Haiek jaialdietako programazioetan egoteaz gain, sareak ehuntzeko ere aukera interesgarria izan daitekeela iritzi zion. Euskal Herriak eta Eskoziak kultur arloan hainbat antzekotasun partekatzen dituztela ere esan zuen, eta «kultur diplomaziari» dagokionez jomuga «estrategikoa» dela.

Kulturen arteko zubigintza hori jaialdien bidez ez ezik, beste alor batzuetan ere gauzatuko da, Larrazak azaldu zuenez. Esaterako, Donostia 2016ren Europa Transit proiektuaren harira, euskara eta euskal kulturari lotutako edukiak landuko dituzte Edinburgo, Glasgow eta Skyeko unibertsitateetan. Hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruko mintegi bat ere egingo dute udazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.