Bide artean, ikasleen pastorala

'Bidartean' pastorala emanen dute larunbatean Jean Jakaxuri eskolako ikasleek. Iparraldeko Dantzarien Elkarteko Johañe Etxebesterekin ari dira prestatzen ikusgarria.

Jean Jakaxuri ikastetxeko ikasleak, larunbateko emanaldirako entseguetan. GUILLAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
Bidarte
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Ohiz kanpoko oihartzunak entzun daitezke azken asteotan Bidarteko (Lapurdi) Jean Jakaxuri eskola inguruan. Makilak eskuetan, hainbat kantu eta dantza ematen dituzte ikasleek, euskaraz.

Ikastetxeko irakasle euskaldunek bultzaturik, ikasturte hastapenetik muntatzen hasiak dira ekainaren 15ean, 17:00etan, Bidarteko plazan emanen duten Bidartean pastorala. Irakasle horietako bat da Patxi Thikoipe, eta Lehen Hezkuntzako ikasle nagusiak laguntzen ditu horretan. Orotara, 131 dira taula gainean elkarrekin ariko direnak, 6 eta 11 urte bitartekoak. Thikoipek azaldu duenez, eskoletan bada «hezkuntza kulturala eta artistikoa» lantzeko parada.

Hala, adin tarte horretako ikasleekin zerbaiten egiteko xedearekin eta IDB Iparraldeko Dantzarien BiltzarrekoJohañe Etxebesterekin aipaturik —Zuberoako dantza eskoletan formaturik 2015etik geroz, IDBren misio arduraduna da—, 2018ko udan adostu ziren ikusgarri baten muntatzeko Bidarteko eskola publikoko sail elebidunarekin. Sail horretan 131 ikasle izanik eta taula gainean denak integratzeko nahiarekin, pastorala hautatu zuten. Bidarteko herria gai nagusitzat hartu ere bai.

Dantza, bitartekari

Thikoipe izan da taula zuzendari —dantza irakasle eta txirularia izateaz aparte—. «Deskubritu eta ikasi dantzatuz» ildoari jarraikiz eraman dute proiektua, ikasleek pastorala egin ahal izateko. «Ikasleek ez zuten ezagutzen pastorala, ez dute ezagutzen kultura hori». Hortaz, Thikoiperen ustez, Bidarteanpastoralamuntatzea «euskararen kultura ezagutzeko manera» bat da, Bidarte herrian. Ikasleek ikusten dute eskolatik kanpo gauzak egin daitezkeela euskararekin, «eta pastoralak hori badu, kantuarena, dantzarena, antzerkiarena uztartzen baititu».

Ikasleek proiektua «barneratu» dute, irakaslearen ustez: «Aire hartzeetan, haurrak euskaraz kantuz ari dira, euskal dantzak ematen dituzte, eta frantses elebakarrak ere horretan ari dira entseatzen». Thikoipek aitortzen du pastorala «hitz handia» dela, horrek ez duela erran nahi «Zuberoan egiten dena» eginen dutela, baina Bidarte herriari buruzko zerbaiten egiteko xedea zutela.

Pastorala idatzi eta muntatu aitzin, herriari buruzko informazioa bildu zuten ikasleek ezagutzak sendotzeko helburuarekin. Horretarako, «Bidarte herriaz pasionatua» den Roberto Raspiengeasekin bildu, eta herria bisitatzera joan ziren elkarrekin.

Raspiengeasek lagundurik, ikasleek Bidarteren gaineko hainbat kontu ezagutu ahal izan zituzten: balea ehiza, Compostelako bideko beilariak, Espainiako 1936-1939ko gerlako gudariak eta ezkontza behartuak; halako gaiak landu dituzte, begi bistan zituzten elementuetatik abiatuz. Irakasleak nabarmendu du Compostelako bideak —Ingelesen bidea deitua— garrantzi handia izan zuela, eta, bide gurutze batean denez, horrela azaltzen dela herriaren izena: Bidarte, bide artean dena.

Bidarte, atzotik gaur arte

XI. mendetik hona gertatutakoak kontatuko dituzte, beraz, Konpostela, Bale ihizi eta Mariñelaren zain kantuekin, adibidez. Matelot dantza ere emanen dute, beti iraganean Bidarteko jendeak bizi izandakoaren oroigarri.

Ez dira, halere, lehengo gertakarietan bakarrik oinarritu. Ikasleek orain bizi izaten ari direnaren berri eman nahi izan dute «Bidarte gaur egun» landuz. Itsasoari, turismoari eta ingurumenari buruzko predikuak izanen dira, beraz, eta haurrek testuen idazketan parte hartu dute. Hari beretik, Bidarte herriaren bilakaerari buruz galdera bat ekarri nahi izan dutela oroitarazi du Thikoipek, luzarora begira «itsasoari eta ingurumenari kasu eman» beharko dela adieraziz eta turismo masiboak ekar ditzakeen ondorioei gogoetatuz.

«Mamia» duen proiektua da ikasleekin batera muntatu duten pastorala, irakaslearen iritziz. «Taularatzen direlarik, zerbait pasatzen da; egunero ikusten ditugu eta oraindik emozioa pizten digu. Horren ikusteak balio du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.