Hirurak baturik, 'Hiru zitxun'

Ainhize-Monjoloseko plazan emanen dute, bihar, antzerki ikusgarria. Han aritu izanen dira Gamarte, Lakarra eta Ainhizeko 130 parte hartzaile, kantuz, dantzan eta antzerkian

Hiru zitxun ikusgarriaren prestaketarekin ekainaren 21ean hasi ziren. GUILLAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Aspaldiko leloa entzun da berriz Lakarra, Gamarte eta Ainhize- Monjoloseko herrietan (Nafarroa Beherea): Hiruak Bat. Aspaldikoa, antzerkigintzak iragana baitu hiru herri horietan: Hiruak Bat bat, Hiruak Bat bi, eta orain, berriz, elkartea berpiztu eta Hiru zitxun ikusgarria prestatu dute. Bihar izanen du estreinaldia, Ainhize-Monjoloseko plazan.

Joan den abenduaren 20an plazaratua, antzerkigintzak herri horietan ukan duen ibilbidearen lekukotasuna ematen du sortzez ainhiztarra den Gillom Irigoienen Garazin antzerki 1 izeneko liburuak. Zazpi antzerki eta tobera bat bildu ditu liburu horretan, denak berak idatziak, eta horietarik sei antzerki dira Hiruak Bat bi antzerki taldearen garaian idatziak, 1984tik eta 1990 arte emanak. Zortzi ehun ahari izan zen talde horrekin eman zuten lehen antzerkia. Euskal antzerkiak euskal kontzientzia «berpitz» zezakeela pentsatzen zutela idatzi du Irigoienek, garaiko giroak ere antzerki idaztera bultzatu zuela azalduz.

Irigoienek antzerki horiek idatzi aitzin, Hiruak Bat bat taldea muntatua zuten jadanik, Lakarrako, Gamarteko eta Ainhize- Monjoloseko herritarren artean. Jan Pierra Peyroutet apezak zituen gazteak bildu eta antzerki talde baten muntatzera bultzatu. Telebista bat erosi zuen Peyroutek, eta haren etxean biltzen ziren gazteak, telebistari so egiteko eta elkarretaratzeko. Horrela sortu zuten hiru herrien arteko klika, mutikoz osatua, baita Hiruak Bat bat antzerki taldea ere. 1969an eman zuten lehen antzerkia, eta etxeetako sabaietan eta garajeetan ibili ziren, Piarres Lartzabalen, Telesforo Monzonen, eta baita hasi berri zen Daniel Landarten obrak ere ematen. Gero, 1977an, Irri Bestak eta Irri gauak hasi zituzten. Horrela hasi ziren istorioak kontatzen, ainhiztarrek eta gamartearrek elkarren «kitzikatzeko» bertsoak kantatzen, eta jokaldi laburrak egiten.

Iturri zaharretik ur lausoa

Hiruak Bat elkartea «lo» zegoen azken urteetan, baina 2017an, «kulturatik hurbil» dauden hamar bat pertsona bildu eta elkartea berpiztu dute. «Elkartu ginen ikusteko ea ez zenetz momentua, menturaz, zerbaiten muntatzeko, oharturik galtzen ari zela gure arteko harreman hori», azaldu du Jean Mixel Bikain gamartearrak.

Honela, «halako giro» eta «enbeia» bat zeukatela ikusirik, hiru herrietako biztanle guztiak gonbidatu, eta proiektu baten sortzeko xedea aurkeztu zieten. 55 herritar bildu ziren lehen bilkura horretara, eta «ikaragarria» izan zitzaiela erran du Bikainek. «Zerbaiten egiteko enbeia bazela ikusi genuen».

Izan ere, Hiru zitxun ikusgarriaren sortzea ez da berehala erabaki. Lehenik, «emeki-emeki, giro bat sortu» nahi izan dute antolatzaileek, «kabalkada bati buruz joan ordez». Hortaz, bi urtez ari izan dira kantua, dantza eta antzerkia lantzen. Denbora pasatu, eta berriz elkartu dira, duela urte bat, Hiru zitxun ikusgarria gauzatzeko xedearekin, 2018ko ekainean.

Hastean, antolatzaileek pentsatua zuten berek idatziko zutela antzerkia, baina horrek dakartzan nekeziak saihesteko, «kanpoko» norbaiten etorraraztea pentsatu dute. Kabalkadak idaztera «usatua», Jean-Mixel Nobliari dei egin zioten, beraz, berak idatz zezan antzerkia eta taula zuzendaritza bere gain har zezan. «Neutroa zen norbait nahi genuen», azpimarratu du Bikainek.

Hiru dantza, hiru kantu eta antzerki librea uztartzen ditu ikusgarriak. Nobliak azaldu du «komedia» bat dela, hiru herrietako bi istorio puntu lotzen dituena; batetik, 1970eko hamarkadan hiru herriak batzen entseatu zirela, eta, bestetik, Gamarte eta Lakarra artean den iturri batek sortutako kalapitak. Kattalin eta Xemartin pertsonaien arteko amodioa ere erakutsiko dute. Taula zuzendariak ohartarazi du ikusgarri «goxoa» izanen dela biharkoa.

Lehengo istorio horiek harrotuz eta asmakuntzatik sortutakoak landuz, 130 herritarrek parte hartuko dute ikusgarriaren moldaketan. Hogei bat antzerkilari biltzen dira aste guztiez Nobliarekin, beste 50 bat herritar ari dira kantuan, eta besteak, berriz, dantzan, Patrizia Larralde eta Intza Irungarai irakasleekin.

«Helburua ez da, bortxaz, ikusgarria, baizik eta elkarrekin biltzea eta harremanen berpiztea herritarren artean», azaldu du antzerkian parte hartzaile den Bixente Oillarburuk. Herri ttipietan bizi nahi bada, «horrelako ikusgarri eta bilguneak beharrezkoak» direla gehitu du Oillarburuk. Nobliak, bere aldetik, gaineratu du ikusgarri horren «indarra» herritar guztien parte hartzean datzala.

Hiruak Bat elkartea berpiztu da, beraz; izen bera, hiru herri berak, berriz ere, elkarretaratzeko gogoaren inguruan.«Suertea izan dugu ere, sortu baikara oraino osoki euskaraduna zen jendarte batean, mundua euskaraz interpretatzen zuena, hitza sekula predikatzen uzten ez zuena solasarekin, eta lehen, bigarren eta beste gradu guztiak arrailleriaren bahetik pasarazten zituenak», idatzi du Irigoienek. Kontatzen duen errealitate horrek gaurko egoeratik nahiko urrun dirudien arren, antolatzaileak orain arte egin lanaz «kontent» agertu dira.

Gaueko ikusgarria bi aldiz eskainiko dute; bihar 21:00tan Ainhize-Monjoloseko plazan, eta hilaren 30ean, ber tenorean eta ber lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.