Surflarien arteak bat eginda

'Korronteak eta erresakak' erakusketa osatu du D'enak Ohana egitasmoak. 23 surflariren lanak biltzen ditu. Urriaren 17ra arte ikusi ahalko da, Okendo kultur etxean, Donostian

Iñigo Gaiton eta Sancho Rodriguez, erakusketaren antolatzaileak. JON URBE / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Olatuek batzen dituzte, baina ez edonongoek, Zurriola hondartzako olatuek baizik; bakoitzak bere bizitza eta bere bizimodua badu ere, itsasoa da guztien topagune. Orain, beste topaleku bat izango dute surflariek, itsasoaren uhinetatik harago ere elkartzeko, elkar ezagutu eta elkarrengandik ikasi ahal izateko. Hain justu, helburu hori betetzeko asmoz antolatu dute Iñigo Gaiton (1987, Orio, Gipuzkoa) eta Sancho Rodriguez(1974, Irun, Gipuzkoa) surflariekKorronteak eta erresakak, surfari buruzko erakusketa bat baino gehiago, surflari artisten lanez osaturiko erakusketa. Hilaren 17ra arte egongo da ikusgai, Donostiako Okendo kultur etxean. Julen Egiguren, Iñigo Agote, Alex Hontoria, Daniela Garreton, Aitor Molina, Ander Perez Arenaza, Borja Azurmendi, Carles Medina, Gorka Gurdi, Joseba Bernardo, Marcos Azpiroz, Mingo Line, Oscar Valencia, Javi Muñoz Pacotwo, Xabier Zirikiain, Mikel Casal, Iker Garcia, Marcos Navarro, Zako, Panthalassa, Argu, Unai Fernandez eta Asier Elkoroiriberen lanak biltzen ditu erakusketak.

«Aurrez antolatu genuen beste erakusketa bat, Okendo ireki zenean. Arrakasta izan zuen, 20.000 lagunek ikusi zuten, eta surfa erakutsi genuen, baina argazkietan surflariak egon gabe: beste begirada bat. Gauza gehiago egin ditugu gerora, baina surfaren inguruan beste zerbait antolatu nahi zen, zertxobait sakonagoa», azaldu du Rodriguezek. Horrela, kultur etxean liburutegi txiki bat jartzea bururatu zitzaien, surfari eskainitako apalategi bat. Ez da, baina, horretan bakarrik gelditu: askotariko ekintzak antolatzen dabiltza, eta erakustaldi hau da ekintza horietako bat.

Erakusketaren atzean dauden xedeak surflarien arteko komunitate bat sortzea eta belaunaldien arteko ezagutza transmisio bat bermatzea dira. Hala azaldu du Gaitonek: «Ezagutza transmisio bat dago erakusketa honen eta proiektuaren atzean. Uretatik bistaz ezagutzen den jendea baina lehorrean harremanik ez duen jendearen arteko topagune bat sortu nahi da; azkenean, guztiak artistak dira». Artista bakoitzak, hala, bere ikuspegia azaleratu du lanen bidez: surfaren munduari loturiko begiradak asko; baina ez guztiak. «Ikusleak talentuarekin eta begirada fresko batekin egingo du topo: ez da surf erakusketa bat: badira taulak egiten dituzten sortzaileak, taulak margotzen dituztenak, surfa irudikatzen duten argazkilariak, baina harago doa», nabarmendu du Rodriguezek.

Begirada artistikoak

Surflarien beste bizitza, alderdi artistikoa, erakusten du erakusketak, Gaitonen arabera: «Aniztasuna topatuko du hona etortzen denak, bai estilo aldetik eta bai diziplina aldetik. Modu horretan, surflariekin lotu ohi den estereotipoarekin hautsi nahi dute, surfa munduari begiratzeko eta leiho berriak irekitzeko modu gisa ere irudikatuta. Gaiton: «Surfa motor bat da, beste toki batzuetara iristeko motor bat, beste emozio batzuetara iristeko edo sormena bideratzeko motor bat».

Irailaren 18an ireki zuten, eta harrera ona izan du orain arte. «450 pertsona inguru bildu ziren lehen egunean; belaunaldi desberdinetako bisitariak izan ziren, Zurriolako hondartzatik igaro diren surflari gazteak eta helduak», esan du Rodriguezek. Bat dator Gaiton surflaria ere: «Donostiako surf eszenako guztiak bildu genituen. Azkenean kostatzen da jendea kultur etxeetara, liburuetara eta erakusketetara biltzea, baina aspaldi ikusi gabeko jendea bildu zen, besarkatu egin ziren...».

Halaber, hausnarketa bat ere plazaratu nahi dela nabarmendu dute, kontsumo eredua gero eta azkarragoa eta digitalagoa den garaietan, arte geldoago baten balioa azpimarratzeko. Bide horri eutsiz, aniztasuna eta askatasuna izan dituzte irizpide nagusi, eta gazteen presentzia bermatu nahi izan dute; Gaitonek esan duenez: «Erakusketa honen helburua da talentu gazteei aukera bat ematea eta zaharrei aitortzea egin duten lana. Oso baliabide ekonomiko gutxirekin egin dugu, eta mesede gisa eskatu diegu artistei parte hartzeko. Askatasun guztia eman diegu, eta ikusten da badagoela oraindik jendea artean sinesten duena. Gure lana izan da horiek biltzea eta ezagutzera eramatea». Salgai jarriko dituzte artelan guztiak, erakusketa bukatzean.

Hain justu, freskotasun eta aniztasun hori azaleratu nahi izan dituzte izenburuan: Korronteak eta erresakak, hain zuzen. «Izenirekia da. Korrontea izan daiteke zeure buruan dabilena, artean ere korronte desberdinak daude... eta hondartzari ere egiten dio erreferentzia. Groseko ezaugarria da korrontea; beti esaten digute kontuz ibiltzeko korronteekin, arriskutsuak direla, baina surflari batentzat teleaulkiak ere badira; izan ere, bainularia ito daitekeen tokia, hain zuzen, da surflariak aprobetxatzen duena itsasotik atera eta olatuak hartzeko», esan du Gaitonek. Erakusketa askotariko korronte pertsonal eta artistikoren bilgune izatea espero dute antolatzaileek. Komunitate bat, surflarien arteak bat eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.