Albistea entzun

Etxepare bere testuinguruan

Patri Urkizuk eta Iñaki Aldekoak 'Linguae Vasconum Primitiae' idatzi zen garaia xehatu dute. Errenazimenturako jauzian bizi izan zen arren, Etxeparek aurreko paradigmari jarraitu zion
Iñaki Aldekoa eta Patri Urkizu Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, herenegun iluntzeko hitzaldian.
Iñaki Aldekoa eta Patri Urkizu Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, herenegun iluntzeko hitzaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko martxoak 4

Erdi Aroaren eta Errenazimentuaren arteko jauzi betean bizi izan zen Bernart Etxepare, XV. mendearen bukaeraren eta XVI.aren arteko garai «istilutsuan», Patri Urkizu idazle eta ikertzailearen hitzetan. Ezin jakin Etxepare noiz eta non jaio zen zehazki, baina, halere, adituek argi dute zer testuingurutan garatu zen haren bizitza eta, ondorioz, nondik edan zuen euskarazko lehen liburu idatziak, Linguae Vasconum Primitiae-k. Klasiko hori irakurriko dute ekainean Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurketa jarraituan, eta lanaren nondik norakoak ulertzeko zenbait gako eman dituzte Urkizuk eta Iñaki Aldekoa EHUko irakasle eta editoreak, Bilbo Zaharra forumean.

Hala, lehen euskal idazlearen jaiotza dokumentaturik ez dagoen arren, bere bizitzako hainbat mugarri ezagunak dira, horien berri ematen dituzten agiriak aurkitu baitira. Esaterako, Urkizuk Orreagako (Nafarroa) kolegio elizako pergaminoen artean aurkitutako dokumentu bati esker dakigu 1511n Baionako apezpikuak Eiheralarreko eta Zaroko (Nafarroa Beherea) apaiz izendatu zuela Etxepare. Ikerlariak azaldu duenez, bi zati izan zituen haren bizitzak, noble izan baitzen hasieran, eta elizgizon gero, eta agiri horrek ezarriko luke trantsizioaren urte zehatza. «40 bat urterekin eman zuen saltoa: 1470. eta 1480. urteen artean jaio zen, beraz», zehaztu du.

Trantsizio garaia zen, hortaz, eta erlijioari zegokionez ere «nahasia», Aldekoak nabarmendu duenez. Rotterdamgo Erasmoren doktrinak oihartzuna hartua zuen, baina Eliza katolikoak artean ez zuen haren inguruko iritzi ofizialik agertu, Trentoko (Italia) kontzilioan erabaki baitzuten ortodoxiatik kanpo uztea. «Erlijio ikuspegi eraberritua sartuta zegoen, baina bazen ortodoxia bat ere; gauza bitxiak gertatzen ziren».

Garai gorabeheratsuek eragina izan zuten Etxeparerengan ere, eta, beste hainbat doktrina egilek bezala, orduko ideiak agertzen ditu autoreak, euskarara itzulita. Izan ere, Aldekoak dioenez, trantsizio betean egoteagatik, garaian ohikoak ziren ezaugarri batzuk erabat aldatu ziren urte gutxiren buruan, eta, horrenbestez, ez datoz bat gaur egungo paradigmarekin. Ezaugarri horietako bat da, esaterako, originaltasunaren kontzeptua, artean ezezaguna zena: «Originaltasuna XVIII. mendetik hona datorren kontzeptu bat da». Irakaslearen hitzetan, «Etxeparek darabilen iruditeria ez zuen berak asmatu; modu naturalean erabili zuen corpusa. Kultua zen, eta irudi eta gai horiek irakurri eta jaso zituen».

Gainontzeko literaturetako eztabaidak «presente» daude Etxepareren obran ere, eta sistema horiekin partekatzen ditu orobat hainbat eta hainbat ertz: «Pasadizoak, irudiak... denak dira berak». Halaber, Aldekoak dio mundu kristauko topikoak ere bere egiten dituela: mater dolorosa, dies irae, ubi sunt... baita San Agustinenak ere, zehaztu duenez: «Arimak hiru ezaugarri dituela esan zuen De Trinitate-n: memoria, borondatea eta ezagutza»; ezaugarri horiek ditu arimak Linguae Vasconum Primitiae-n ere.

Irakasteko beste moduak

Orotara, 1.159 bertso ditu Etxepareren obrak: horietatik 595 erlijiosoak dira; Ama Birjinaren omenezko olerki luze bat dago ondoren, eta zortzi olerki erromantikorekin biribiltzen da lana. Azken horiek sexuaz hitz egiten dute, besteak beste, eta modu «gordinean» gainera, Aldekoaren iritziz. Ezaugarri horrek harritu egin zituen Etxepareren ondotiko ikertzaile eta autoreak, hala nola Oihenart. Paradigma aldaketak azalduko luke Etxepareren jarduteko modu hori, Aldekoak azpimarratu duenez: «Nola idatz zezakeen halakorik apaiz batek? XVI. mendetik aurrera erabaki zen irakasteko hobe zela bizioak ezkutatzea, agertzea baino».

Alabaina, eredua oraindik ez zen hori Etxepareren garaian, eta esplizituki agertu zituen ustezko bekatuak, Ama Birjinaren gorazarrearen ondoren kokatu ere. Hura zen «maitasun eredugarria» autorearentzat, eta, ondorioz, «maitasun profanoaren aurrean» paratu zuen: «Ama Birjinaren araztasunak intentzio ilunenak ere purifikatzen ditu». Hortaz, autoreak egin behar ez zenaren eredu gisa agertu zituen zortzi poemok.

Ahozkotasunarekin lotura

Etxeparek bereganatutako topikoetatik, apaizari egotzitakoetara. Izan ere, EHUko irakasleak dio hedatua dagoela Linguae Vasconum Primitiae herri poesiatik eratorri zelako hipotesia, apaizak herrian entzundakoak paperera eraman zituen ustea. Aldekoak zalantzak ditu: «Kultura anfibioa zen gara hartakoa: hau da, idatzitik ahozkora jauzi egitea oso erosoa zen, eta alderantziz». Irakaslearen arabera, litekeena da bidea alderantzizkoa izatea: alegia, Etxepareren doktrinak izatea paperean ez ezik herritarren memoriaren eta ahotsen bitartez bidea egin zutenak. «Badakigu garaiko apaizen doktrina batzuen arrastoak XVIII. mendera arte gelditu zirela. Poeta herritik elikatzen den ustea Erromantizismoak ezarritako paradigmaren parte da».

Urkizuk bat egiten du Aldekoaren hipotesiarekin: «Doktrina irakastean, Etxeparek kantarazi egiten zien herritarrei».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

«Diskoa zuzenean defendatu behar da; hori falta zaigu»

Aitor Biain

Aurten emandako kontzertuetan, dantzatzeko ezohiko behar bat sumatu du entzuleengan Ortiz de Villalbak. Hutsune hori du berak ere, eta emankizun gehiago antolatzeko eskatu du.
Bilbo Arten bekadun izandako garaian sortutako obrak bildu ditu Zubizarretak <em>Eggs onna plate</em> erakusketan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bilbo Arten egindakoa, argitara

Olatz Enzunza Mallona

Alazne Zubizarretaren 'Eggs onna plate' erakusketa jarri dute ikusgai Bilboko arte zentroan
 ©JON URBE / @FOKU

Bekatarien boteretzea

Itziar Ugarte Irizar

Dom Campistronek 'Bekatorosak' liburu grafikoa ondu du, Aldude inguruko lesbiana, gay eta bisexualen zazpi testigantzatan oinarrituta

1 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

Denboraren kondentsazioak

Amaia Igartua Aristondo

Remigio Mendibururen hiru hamarkadako lana bildu du Bilboko Arte Ederren Museoak 'Mendiburu. Materia eta memoria' erakusketan. Eskulturaren esanahiaz dihardu. Irailaren 5era arte dago ikusgai

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna