Albistea entzun

Medearen ekintzak, enpatiaz

Antoni Hervasen 'Sausages' erakusketak Euripidesen 'Medea' tragedian pertsonaia mitologiko horrek duen bilakaera islatzen du. Okela sormen lantegian ikus daiteke, ostiralera bitarte
Saltxitxa batzuen barrutik igaroko da erakusketako bisitaria. Barruko hormetako azukre kotoiek Glauze eta Kreonte irudikatzen dituzte.
Saltxitxa batzuen barrutik igaroko da erakusketako bisitaria. Barruko hormetako azukre kotoiek Glauze eta Kreonte irudikatzen dituzte. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko apirilak 13

Buruargia eta trebea, baina baita jeloskorra eta mendeku zalea ere. Bi aldeak biltzen ditu Medea pertsonaia tragikoak, eta biak ala biak ezagutu zituen Jasonek hari traizio egin zionean, urrezko ardi larrua hari esker lortu eta gero. Bi seme-alaba izan zituen Medeak Iolkoko heroiarekin, eta biak hil zituen, Jason, boterea xede, Korintoko erregearen alabarekin ezkondu zenean. Irudi hori izan du Medeak historian, baina, halere, pertsonaiari «enpatiaz» hurbildu zaio Antoni Hervas artista, Sausages erakusketan. Euripidesen tragedia eta, bereziki, Medeak hor duen eraldaketa hartu du oinarri artista katalanak pantomima proiektu bat muntatzeko Okela sormen lantegian.

Datorren ostiralera bitarte ikusi ahal izango dira obra klasikoko pertsonaien aldaera horiek Bilboko gune artistikoan. Tragedian parte hartzen dutenak hor daude, baina, dena den, Hervasek ez du helburu izan obraren bertsio bat ontzea, Medean zentratu baita proiektua batik bat, artistak azaldu duenez: «Medearen trantsizio garaia azaldu nahi nuen, non muturreko erabaki hori hartu izana ulertzen duzun». Sorgin gisa agertzea «errazena» izanda, beste hurbilketa bat egin nahi izan dio Hervasek: «Zailtasunak liluratzen ninduen: nola islatu zitekeen gaiztotzat hartutako pertsonaia bat eta, era berean, baita gaiaren konplexutasuna ere».

Hori lortzeko, pantomimara jo du artistak, paradoxikoki: izan ere, elkarrizketa ardatz duen genero batean transmititutako istorioa hitzik gabeko molde batean agertu du Hervasek. «Hau da pantomimetako oinarrizko egitura: bikote bat, eta haren kontra egiten duen gaizkilea. Medeak gaizkilea izan behar zuen, baina komatxo artean». Dioenez, gaizkia gorpuzten duen pertsonaiak eraldaketekin zerikusia du pantomimetan, eta orobat harremana du animaliekin, magiarekin eta sorginkeriekin.

Arau horri atxiki zaio Hervas ere Medea mamitzeko: pertsonaia mitikoak sugeekin duen harremana baliatu du transformazioa irudikatzeko. «Medea erdizka da sugea eta bihotz urratua. Sinbolo bat da: urratutako bihotzetik sartuta, suge bihur zaitezke». Halaber, Medearen amorrutik gorrotorako trantsizioa entzumenezko arlora eraman du Jonas de Muriasek —Hervasekin kolaboratu du erakusketan—.

Sugearen sinbologiaz ez ezik, txotxongilo ingelesen tradizioaz ere baliatu da artista protagonista tragikoarengan eta haren inguruan jazo diren aldaketak irudikatzeko. Punch eta Judy pertsonaietan oinarritu da zehazki, senar-emazte oso biolento batzuk, Hervasek zehaztu duenez: «Punchek pertsonaia guztiak hiltzen ditu, eta saltxitxa bihurtu; horregatik jarri diot Sausages izena erakusketari». Jason, buruhandi batean gorpuztuta, Punch bihurtzen da piezak itsatsita dituen mache paperezko irudien bitartez.

Tragediaren gainontzeko elementuei dagokienez, pailazo batek irudikatzen du urrezko ardi larrua, Hervasek azaldu duenez: «Hainbatek jantzi dezakete; ez du aurpegirik, eta hura daramana transformatzeko abagunea ematen du». Saltxitxaren azalean islatu ditu, berriz, Jasonen emazte berria, Glauze, eta haren aita, Kreonte. Bata bestearen atzetik hiltzen dira, Medeak oparitutako pozoitutako zapi baten ondorioz. Eraldaketa hemen ere: agerian eder den objektua beldurgarri bilakatzen da berehala. Azukre kotoiarekin sinbolizatu ditu pertsonaiok: «Ikuskizunetan asko erabiltzen da material hori; xaloa da, baina hezetasunarekin odol bihurtzen da». Medea eta Jasonen seme-alabak, berriz, arrautzen irudiekin ordezkatu ditu.

Aretoan ondutako piezez gain, Hervasen proiektuak bigarren ertz bat ere badu: umeekin egindako lanketa. Erakusketako piezekin batera, haurrentzako ikuskizunen bidez ere helarazi du artistak Medearen bilakaera. «Nola konta ahal zaie historia terrible hau umeei, duen konplexutasun guztiarekin, eta ulertu eta enpatizatu dezatela lortu?».

Okelarainoko ibilbidea

Medearen inguruko hausnarketa ez ezik, pantomimaren inguruko urteetako ikerketen aplikazioa ere bada Sausages. Hervasek ezustean egin zuen topo molde horrekin: 2017an, egoitza artistiko bat egin zuen Londresen, eta han ikasi zuen pantomima zer zen, pailazoaren figuratik abiatuta. Beka bat lortu zuen geroago, eta bi urtez ibili zen hara osterak egiten gaiari buruz ikertzeko xedearekin. Lan horri esker, Okelako erakusketaren parte izango ziren hainbat pieza ondu zituen, eta pantomimaren ezaugarrien zerrenda bat osatu zuen: «Interaktiboa izan behar du; ukitu musikala eduki; tamaina, forma eta genero aldaketak barneratu behar ditu, eta terrorea ere egon behar da».

Okela sormen lantegikoek gunea eskaini ziotenean bere proiektua garatzeko, Hervasek aukera ikusi zuen soilik bere buruan eginak zituen loturak mamitzeko, eta hala izan da, emaitzarekin «pozik» baitago artista: «Sinbolo batzuk nituen —arrautza, urratutako bihotza, arroila...—, eta horien arteko erlazioak funtzionatzen zuen. Nire ideia zen Okelako gunea erabiltzea ikusteko ea hori guztia formalki konekta zitekeen». Hilabeteko lana behar izan du buruan zituen harremanak eta dagoeneko eginda zituen piezak apailatzeko, eta Jonas de Muriasen eta Okelako Irati Urrestarazu eta Sahatsa Jauregiren laguntza ere ezinbesteko egin zaio proiektua gauzatzeko.

Gunearen argazkiak eta planoak erakutsi zizkiotenean, pasabide bat egitea otu zitzaion, eta tunel horri aurreikusitakoa baino tamaina handiagoa ematea erabaki zuen Okelan lan egiten hastean. «Eraikina bera ari zitzaion piezari forma ematen», Hervasen arabera, baina, guneak ez ezik, auzo osoak egin dio ekarpena proiektuari: «Muntaketarako materialen bila, San Frantzisko xurgatzen aritu ginen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iban Illarramendi eta Eider Perez sarituak, gaur goizean, Iruñean. ©Etxepare

Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare saria

Berria

'Kiratsa' album ilustratuarekin eskuratu dute saria. Arkakuso baten abenturak ditu kontagai, eta Pamielak argitaratuko du, udazkenean.

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.

Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

James Baldwinen irudiarekin egindako muntatzea. ©ANE GARCIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...