Europan ez du aurrera egin egile eskubideen lege proposamenak

Sareko edukiak partekatzeari muga handiagoak jartzearen aurka bozkatu du Europako Parlamentuaren gehiengoak. Irailean berriro helduko diote eztabaidari, osoko bilkuran

Europako Parlamentua, artxiboko irudi batean. PATRICK SEEGER / EFE.
Andoni Imaz.
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuaren gehiengoak egile eskubideak aldatu asmo zuen lege proposamenaren aurka bozkatu zuen: 318 parlamentari agertu ziren kontra, 278 alde, eta 21 abstenitu egin ziren. Hortaz, irailean berriro helduko diote gaiari osoko bilkuran, eta eztabaida luzea espero da.

Proposamenaren aldekoentzat, egileak babesteko hartu beharreko neurriak ziren bozkatutakoak, legedia Interneten garaira egokitzeko beharrezkoak. Kontrakoentzat, berriz, orain arte ezagututako Interneten beraren amaiera ekarriko lukete.

ZER BOZKATU ZUTEN?

Egile eskubideak aro digitalera eguneratzeko lege proposamen soil bat zirudien hasieran, baina berebiziko garrantzia hartu zuen 11. eta 13. artikuluek sarean izan zezaketen eragina ikusita.

11. artikuluari link tax edo estekaren zerga ere deitu izan diote: Interneteko edukiak partekatzea mugatzea du helburu, editoreei «bidezko ordainsari» bat emanda. Hala, hedabideen baimenik gabe albiste zatiak zabaltzeko debekua jasotzen du. Edukiak partekatzeko plataformei eta albiste batzaileei ordaindu gabeko edukia zabaltzeagatik mugak jartzea proposatzen zen artikulu horretan. Horren arabera, sare sozialetan partekatzen diren albisteen laburpenak, esaterako, titulua eta argazkia daramatenak, ezingo lirateke erabili lizentziarik izan gabe. Zalantza sortu du, ordea, oposizioan: ez da zehazten zeinek eta zenbat ordainduko lukeen.

13. artikulua are polemikoagoa izan daiteke; mugatu egingo luke sareko erabiltzaileek jarritako edukia. Hasteko, eduki denak blokeatuko lirateke, ondoren copyrightarekin babestutakoen lizentziak eskuratzeko. Youtube plataforma jartzen dute adibide gisa, besteen lana argitaratzearekin dirua irabazten duen jendea badela agerian uzteko. Software garesti bat beharko litzateke guztia iragazteko, eta edukia blokeatzeko ardura algoritmo baten esku uzteak «zentsura bidegabeak» sortu litzateke, oposizioaren iritziz.

Adostasun handiagoa lortu du 14. artikuluak: egileek diru gehiago jasotzea du helburu, bitartekariek beharrean.

NORK BABESTEN DU?

Alemaniako Axel Voss eurodiputatu popularra da bozkatu zuten txostenaren arduraduna. Adierazi du asmoa ez dela «Internet suntsitzea», egile eskubideak ingurune digitalera moldatzea baizik: «Europako artisten esplotazioa bukatzea da helburua. Facebook eta Google izugarrizko irabaziak izaten ari dira gure egileen lepotik. Ezin da Interneteko makrokapitalismo hau onartu. Esnatu beharrean gaude».

Lege proposamenak multinazionalek antolatutako aurkako kanpaina jasan duela dio Vossek, baina aldaketa asmoek sareko erabiltzaile askoren kezka ere piztu dute. Alabaina, diskoetxe handiak alde agertu dira, baita artista batzuk ere, Paul McCartney musikaria esaterako. Beatle ohiak gutun baten bidez eskatu zien aurrerapauso bat eman zezatelaparlamentariei musikaren ekosistema eta sortzaileak zaintzeko, eta gogor kritikatu zituen erabiltzaileek igotako edukiak baliatzen dituzten plataformak.

NOR DAGO KONTRA?

Aldaketek, esaterako, memeen eta remixen amaiera ekarriko dutela iragartzen dutenen artean dago Julia Reda Alderdi Piratako kidea, eta atzoko emaitza garaipen modura ospatu zuen. «Lorpen handia: protestek funtzionatu dute! Europako Parlamentuak tiraderan sartu du copyright legea», idatzi zuen Twitterren.

Bestalde, erabiltzaileek Save Your Internet kanpaina abiatu zuten sarean, eta lege proposamenaren aurkako 750.000 sinadura bilduak dituzte. Gainera, 70 teknologia liderrek baino gehiagok eskutitz bat idatzi zuten; Interneten etorkizunerako «berehalako arriskua» iruditzen zaie legearen aldaketa. «Askatasunaren defentsak» lortu zuen Interneteko aktibistek eta sareko korporazio handiek —hala nola Googlek eta Facebookek— bat egitea.

Wikipedia entziklopedia askeari bete-betean eragingo lioke egile eskubideen aldaketak, eta adierazgarria izan da lege proposamenaren aurka egindako protesta: webgunea itxita eduki zuten asteazken iluntzetik atzo eguerdira arte.

ETA ORAIN ZER?

Bi urte igaro dira proposamenaren zirriborroa idazten hasi zirenetik, ekainean onartu zuen Europako Parlamentuko Lege Gaietarako Batzordeak, atzo atzera bota zuten, eta oraindik luze joko du gaiak.

Ez da giro Europako Parlamentuan; ganberako presidenteak behin baino gehiagotan eten behar izan zuen atzoko bozketa, iskanbila zela eta. Axel Vossek salatu zuen 30.000 jazarpen mezu elektroniko jaso dituela bi astean.

Orain, txostena Lege Gaietarako Batzordera itzuliko da, eta egin beharreko zuzenketa guztiak egingo zaizkio bertan, irailean parlamentura eraman baino lehen. Proposamenaren aurkakoak beldur dira batzordeko aldaketak okerrerako ez ote diren izango haientzako.

Irailean, parlamentariek botoa emango dute berriro, eta orduan aurkeztutako lege proposamenaren zirriborroa onartuta ere, Europako Kontseiluarekin negoziatu beharko dute gero, zuzentaraua osatu eta Europako Batasuneko estatu kideetako agintarien babesa jasotzeko.

Egile eskubideen afera gatazka historiko ari da bilakatzen Europan, eta ez du berehalakoan konponduko den itxurarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.