Gurutze gorri bat arriskuei

Itsaslasterrei arreta jartzeko eta hondartzetan sorosleen aginduei kasu egiteko aholkatu du Gurutze Gorriak, urtero itsasoan gertatzen diren ezbeharrak saihesteko.

Hainbat sorosle izango dira aurten Euskal Herriko hondartzetan, bainulariak zaintzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Edozein istripu mota saihesteko prebentzioa beharrezkoa da; uda garaian ere bai. Eguzkitan edo ur azpian arriskuak handiagoak dira, eta horregatik ari dira Gurutze Gorrikoak Uda honetan maite ezazu zeure burua kanpainarekin. Itsasoan eta hondartzetan egon daitezkeen arriskuei buruz ohartarazteko, eta haiei aurre egiteko aholkuak emateko.

Gurutze Gorriak atzo hasi zuen kanpaina Donostian. Eguzkiaren eta uraren arriskuak landuko dituzte, baina baita ingurumenarenzaintza ere. Informazioa banatuz eta haurrentzat tailer batzuk eginez. Egun hauetan, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere egongo dira. Bizkaian eta Araban, berriz, beroaren inguruko beste kanpaina bat landuko dute.

Maider Gonzalez Gurutze Gorriko Osasun arduradunak hainbat aholku eman ditu hondartzara joatean kontuan hartu beharrekoak: beharrezkoa da eguzkia hartu baino 30 minutu lehenago krema ematea. «Bakoitzak babes gradu bat behar du, eta horretarako egokiena farmazian espezialista bati galdetzea da», azaldu du Gonzalezek.

Eguzkitik babesteko, arropa arinak eta argiak eramatea ere gomendatu du, baita txapela eta eguzkitarako betaurrekoak erabiltzea ere. Horrez gain, ahal bada, itzaletan babestea.

Uraren kasuan ere, berdin du itsasoan edo igerilekuan, arreta jarri behar da: «Inoiz ez jauzi egin buruz sakonera gutxikoa edo ezezaguna den leku batean», esan du. Paralisi kasu asko gertatu izan baitira horretan ez pentsatzeagatik.

Kontzientziazio falta

Arrisku egoerei aurre egiteko, Gurutze Gorriak bi talde bereizten ditu: haurrak eta zaharrak. Haurren kasuan, batez ere uretan, inoiz ez da haien ondotik aldendu behar: «Haurrak uretan daudenean, ez zaie begirik kendu behar, hasierako jolasa gero istripu bilaka daitekeelako».

Zaharrekin, ordea, zaintzaileek hidratazioaz arduratu behar dute, batez ere. «Gizakiak alarma bat du deshidratatzen ari denerako,eta edatera behartzen du bere burua, baina zahartzerakoan alarma horrek funtzionatzeari uzten dio. Beraz, haien gainean egon behar da ura edo likidoren bat edan dezaten».

Udan zehar sorosleek asistentzia asko egiten dituztela azaldu du Mikel Esparza Gurutze Gorriko Osasun eta Sorospen zuzendariak. Horietako gehienak zauriak eta traumatismoak izaten dira, baina batzuetan erreskateak ere egin behar izaten dituzte.

Esparzak adierazi duenez, hondartzetako arrisku handienak eguzkia eta ur-lasterrak dira: «Itsaslasterrekin dagoen arazorik handiena da ez direla ikusten. Bainulari gehienak olatuekin izutzen dira, baina ez dira konturatzen itsaso barrura eramaten dituzten itsaslasterrak azpian daudela».

Itsaslasterrak saihesteko, sorosleei kasu egin behar zaie. Baina itsaslaster batean sartuz gero, lehenengo lasaitzen saiatu behar da. Ondoren, hondartzaren paraleloan igeri egin behar da, eta, itsaslasterra lasaitu dela nabaritzean, hondartzarantz igeri egin. Laguntza behar izanez gero, sorosleei edo ingurukoei besoekin keinuak egin.

Beroarekin ere sorosleek arazoak izaten dituztela aitortu dute Gonzalezek eta Esparzak. Bero hori saihesteko, lehenik etxean geratzea gomendatu dute, eta,etxetik atera behar izanez gero, goizean goiz edo arratsaldeko azken orduetan atera beharko litzateke.

Otorduei buruz ere ohartarazi dute Gurutze Gorriko adituek: arinak eta freskoak izatea da egokiena. Entsaladak, barazkiak, fruta eta gazpatxoa janez gero, errazagoa da beroari aurre egitea eta zorabioak alde batean uztea.

Neurri horiek hartuta ere, beroagatik zorabiatuz gero, lehenengo, leku freskoago batera joan behar da, eta ingurua babestu. Ondoren, feskatzeko, gorputzean konpresa hotzak jarri behar dira, bularrean eta lepo inguruan; eta azkenik, laguntza eskatu inguruan dagoen espezialista bati.

Esparzak uste du kontzientziazioa falta dela. «Jendea ez da konsziente itsasoak eta beroak eduki ditzaketen arriskuez». Gainera, zehaztu du zenbaitek ez duela pentsatzen uretan sartzerakoan, eta bainatzeko gogoa soroslearen adierazpenen gainetik jartzen dutela. Horregatik, argi azaldu du Esparzak: «Benetan garrantzitsua da banderen esanahaia jakitea eta errespetatzea. Oraindik eta garrantzitsuagoa dasorosleen adierazpenei kasu egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.