Modernitate kontserbadorea

Bilbon 1919an egindako Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa gogora ekartzeko, erakusketa bat eta ikerketa monografiko bat antolatu ditu Bilboko Arte Ederren museoak

Bi pertsona, 1919ko Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketaren omenez Bilboko Arte Ederren museoak antolatutako erakusketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Erlojuaren kontra egin zuten historia Bilboko 1919ko Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketaren antolatzaileek. Bi hilabete baino ez zituzten izan Bizkaiko Probintzia Diputazioko kideek dena prestatzeko, eta, halere, lortu zuten Euskal Herriko, Espainiako, Kataluniako, Frantziako eta Europako arte modernoaren parte ziren 139 artista esanguratsuren 400 pieza biltzea, eta oraindik ere pisuzkoa da lan frenetiko hari esker Bilbon ikusi ahal izan ziren artisten izen zerrenda: Paul Gauguin, Claude Monet, Camille Pissarro, Francisco Durrio, Mary Cassatt, Aurelio Arteta, Vincent Van Gogh, Paul Cezanne, Pablo Picasso, Pablo Gargallo, Francisco Iturrino, Juan Etxebarria, Dario Regoyos... Euskal artea Europako joeren ispiluan homologatzea zen erakusketaren helburuetako bat, eta arte modernoaren mapan ezarri zuen horrek Bilbo; Madrilen eta Bartzelonaren atzetik, baina mapan. Mugarri haren mendeurrena hartu du orain gogoan Bilboko Arte Ederren Museoak. Horregatik erakutsi ditu elkarrekin aldundiak erakusketa hartan erositako 22 artelanak, eta horregatik eskaini dio ia 200 orriko ikerketa monografikoa gaiari. Gogora ekartzeko. Ospatzeko.

«Euskal artearen modernotasuna neurtzeko termometro bat izan zen», egin du laburpena Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Egun Bilboko Justizia Jauregia dagoen orubean zeuden Berastegiko eskoletan jarri zituzten ikusgai artelanak, beheko solairu osoa hartzen zuten hamabost aretotan. Euskal artistentzako ziren gela batzuk, eta nazioarteko sortzaileentzako besteak, baina elkarren ondoan erakutsi zituzten, halere. Hiriak bizi zuen momentu historikoaren erretratu artistiko moduko bat ere osatu zutela dio Zugazak: «Erakusten du 1919ko euskal gizartea zeinen kosmopolita zen».

Bilboko artearen urrezko arotzat aurkeztu dute garai hura Ismael Manterola eta Mikel Onandia Euskal Herriko Unibertsitateko arte historialariek. Haiek gidatu dute 1919ko erakusketari buruzko ikerketa lan monografikoa, eta, erakusketa zehatz aztertzeaz gainera, hura posible egin zuen testuinguruan jarri nahi izan dute arreta. Onandiak azaldu du zergatik: «Testuinguru ekonomiko, sozial eta artistiko zabalago baten gailurra izan zen erakusketa».

Euskaraz eta gazteleraz eman dute egindako ikerketa argitara, eta paperean zein formatu digitalean eskura dezake irakurleak. Gainera, azaroaren 14an egun beteko jardunaldia ere antolatu dute museoan.

Tradizioarekin tentsioan

Bi mugarriren artean heldu zen 1919ko erakusketa: bost urte zeramatzan Bilboko Arte Ederren Museoak zabalik, eta hiru urte geroago sortu zen Bilboko Arte Modernoko Museoa. Eta igar daiteke tradizioaren eta modernitatearen arteko tentsio hori Bilborako aukeratutako lanetan. Horregatik jarri dio Onandiak beste abizen bat erakusketan ikusi ahal izan zen arteari: «Arte moderno kontserbadorea».

Argia zen inpresionismoaren eta postinpresionismoaren eragina bilduman, adibidez, eta, aldiz, bazterrean utzi zituzten abangoardiako joera artistikorik apurtzaileenak. Eta Picasso izan daiteke horren adibide argigarrienetako bat.

Artistak 1905ean margotutako emakumezko baten erretratu bat hautatu zuten antolatzaileek erakusketarako. Hor, argiak dira oraindik inpresionismoaren eta postinpresionismoaren oihartzunak. Baina, aldiz, erakusketatik kanpo utzi zituzten artistak jada abiatua zuen ildo kubistako lanak. Hamabi urte ziren jada Avignongo andereñoak margotu zituela, baina horren arrastorik ez zen heldu Bilboko erakusketara.

Erdi sorpresaz

«Hiri moderno bat nahi bazuten, arte modernoa behar zuten». Bizkaiko industriak eta merkataritzak sortutako etekinei loturik dago Bilbon arteari buruzko interesa, Onandiak dioenez. Goraldi ekonomikoaren gozoan loratu zen giro artistikoa Bilbon, eta erakusketa sortzerako jadanik martxan ziren egitasmoak izan ditu gogoan ikertzaileak. Euskal Artisten Elkarteak, bildumagile partikularrek zein Arte Ederren Museoak garai hartan egindako lana nabarmendu ditu, besteak beste.

Igar daiteke antolatzaileen presa bilduman sartu ziren eta kanpoan gelditu ziren lanetan ere. Manterolak eta Onandiak zehaztu dutenez, erakusketa antolatzeko izan zuten bi hilabeteko denbora tarte horretan, ezin izan zituzten lortu ekarri nahi zituzten lan guztiak, eta bildumagile partikular baten baino gehiagoren atea jo behar izan zuten horregatik fabore eske. Francisco Durrio artistaren bilduma pribatukoak ziren, esaterako, erakusketan aipamen eta laudorio gehien jaso zituzten Gauguinen margolanak.

Hasieran, Durriok ez zuen lan horiek saltzeko asmorik, baina, iritziz aldatu, eta halaxe heldu zen Latsariak Arlesen margolana museoaren bildumara.

Guztira, erakusketako 22 artelan erosi zituen aldundiak, eta elkarrekin jarri ditu orain ikusgai guztiak Bilboko Arte Ederren museoak: ABC erakusketako A letrari dagokion aretoan. Hantxe dira, besteak beste, Juan Etxebarria, Paul Serusier, Domingo Carles, Mary Cassatt, Francisco Iturrino eta Paul Gauguin.

Biurteko izateko sortu zuten egitasmoa, baina 1919ko lehen erakusketa hura besterik ez zuten egin. Ekonomiak porrot egin zuen. Baina, ikerlariek diotenez, nahikoa izan zen edizio bakar hura Euskal Herriko artearen historian arrastoa uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.