Oroimenaren zirrikituetan

Hiraki Sawaren 'Memoria paralela' erakusketa jarri dute Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Film, eskultura eta marrazkiekin osatu du. Martxora arte egongo da zabalik

Hiraki Sawaren Going Places Sitting Down ikus-entzunezko piezaren fotograma bat. NAFARROAKO UNIBERTSITATEKO MUSEOA.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Etxeko bainuontzian igerian dabiltzan jostailuzko zaldiak; gizakien gorputza duten katiluak; etxeko altzarietatik aireratzen diren hegazkinak. Hiraki Sawaren (Kanazawa, Japonia, 1977) artelanetan ikus daitezkeen irudiak dira horiek guztiak. Oroimenaren ozeano lausoan barneratu, eta hura aztertzen aritu da azken urteetan, memoriaren eraikuntzaren zein horren galeraren inguruan hausnartzen. Oraingoan, Nafarroako Unibertsitateko Museoan egin du ariketa hori, Memoria paralela izeneko erakusketan. Abstrakzioaren eta errealitatearen artean kokatzen diren film, eskultura eta marrazkiekin osatu du. «Nire irudiek ikus-entzuleen barnekoak pitz ditzatela espero dut», adierazi du artistak museoaren azalpen bideo batean. Erakusketa martxoaren 15era arte egongo da zabalik, museoko bi solairutan.

Tender puentes egitasmoaren barruan sortu du Sawak proiektua. Programa horretan, museoak askotariko arloetako artistei erakusketa bat osa dezatela proposatzen die, zentroaren argazki artxiboa interpretatuz. Sawaren kasuan, museoaren bilduma ikustean, han dauden kalotipoekin lotu zuen bere lana. Argazkilaritzaren lehenengotariko teknika bat da kalotipoa, William Fox Talbotek XIX. mendean aurkitutakoa, eta horretan oinarrituta sortu du Sawak erakusketari izena ematen dion pieza. «Errebelatuan ematen den prozesu misteriotsua oroitzapenaren mekanismoarekin lotu zuen», azaldu du Ignacio Miguelizek, erakusketako arduradunak. Obra horrekin batera, ikusgai jarri dituzte artistak bere ibilbidean sortutako hamabost film, 48 marrazki eta lau eskultura. Era berean, museoaren argazkilari historikoen bildumako zortzi obra ere ipini dituzte, instalazioei zentzua ematen laguntzeko.

Miguelizek azaldu duenez, Sawak «eskultoretzat» hartzen du bere burua, baina irudiekin ere lan egiten du, «espazioaren, denboraren eta mugimenduaren inguruan hausnartzen laguntzen diotelako». Artelanen bitartez, sortzaileak zalantzan jartzen ditu irudiaren narratibaren zein erakusketa espazioaren mugak. Eszena bereziak erakusten ditu obretan, irudi finko eta mugikorrekin. «Nekez dira sinesgarriak; baina, aldi berean, ikusleari ezagun egiten zaizkio», Miguelizen hitzetan. Sawaren bideoetan, bestalde, agerikoa da Eadward Muybridge eta Etienne Jules Marey artisten eragina: «Mugimenduen deskonposizioak eta irudi finkoen errepikapenak argi erakusten dute horien influentzia».

Hasieran, erakusketako piezek loturarik ez dutela dirudien arren, obra bakar baten narrazioa osatzeko elementu gisa irakur daitezke. Lan askotan logika zehatzik gabe errepikatzen dira zenbait elementu, obren arteko loturak sortuz: itsasargia, txoria, katua, zaldia, ilargia, bozgorailua, izotza... Unibertso poetiko propioa sortzen du horiekin.

1990eko hamarkadaren amaieran hasi zen Sawa memoriaren gaia aztertzen, lagun batek bat-bateko amnesia izan zuenean: egun batean, esnatzean, ez zuen ezer gogoratzen. «Une hartan ez nuen gaiaren inguruko ezer egiteko asmorik. Baina nire obra batzuk berrikustean, konturatu nintzen lotura handia zutela memoriaren gaiarekin»,.

Erakusketaren ibilbidea museoaren 0. solairuko 0 aretotik hasteko proposatu du artistak —0 eta -1 solairuak hartzen ditu—. Han dago erakusketari izena ematen dion pieza, Sawak Tender puentes egitasmoaren barruan ondu zuena. Instalazioan, film bat ikus daiteke, bi kanalen bidez proiektatuta, eta espazioaren okupazioa aldarrikatzen duena. Obra horretan, garrantzi handia du Sawaren lagunaren istorioak; izan ere, areto osoan entzuten den ahots batek kontatzen du zer gertatu zitzaion, eta pantaila batean idatzita agertuz doa ahotsak esaten duena. Pieza horrekin, artistak «memoriaren trilogia» deitzen duena amaitu du; Lineament eta Did I? izeneko ikus-entzunezko piezekin batera osatu du, eta horiek ere erakusketan ikus daitezke.

Artistak kontu handiz landu du espazioaren okupazioa eta piezen kokapena. Harentzat, aretoa ez da gertaleku huts bat, obraren «beste osagai bat» baizik, objektuetan zein ikus-entzulearen esperientzian eragina duena. Espazioaren ulerkera hori modu argian adierazten duen obra bat da Hako. Sei filmekin osatuta dago, kokapen zaindua duten pantaila handietan proiektatuta. Horietan, kalitate handiko irudiak ageri dira, gehienak kanpoko paisaienak, baina baita estudio barruko zenbait ere. Oso mugimendu geldoa dute, eta ez dago lotura espliziturik haien artean. Filmak ikusteko, ikusleak aretoan zehar mugitu beharko du. «Horrek konnotazio eskultorikoa ematen dio, ikuslearen begiradapean hartzen dutelako bizia irudiek», Miguelizek adierazi duenez. Haren lehenengo filmetan, Sawak barruko espazioekin eta zuri-beltzean lan egiten zuen, batik bat; gaur egun, berriz, koloreak eta kanpoko irudiak erabiltzen ditu. Erakusketan bi ereduetako lanak jarri dituzte.

Artistaren familiaren oroitzapenei zuzenki lotutako pieza bat baino gehiago dago erakusketan; adibidez, Fishstory. Sawaren aitona-amonek, Japonian, izotzafabrikatzen eta garraiatzen lan egiten zuten, eta, nahiz eta obran ez duen esplizituki azaldu nolakoa den lan hori, film bat osatu du horretan oinarritutako irudiekin, irudi zaharrekin zein berriekin, eta errealekin zein surrealistekin.

Izotzarekin lotuta dago Ulo. Ulo. Ulo. obra ere. Proiekzio bat da, bi kanaletan, Hokkadoko (Japonia) laku izoztu batean grabatutakoa. Han, Sawak itsasontzi baten faroa izotzean sartu zuen, erreakzioa ikusteko. «Ideia bururatu zitzaion haren lagun batek antzekoa egin zuelako, eta, bitxia iruditu zitzaionez, hark hori jakin-min hutsagatik egin izana, hark ere egin zuen», kontatu du Miguelizek. Sawarentzat, halere, interesgarriena da «ikus-entzuleak bideoa une eta toki zehatz horretanikustean duen erreakzioa».

Ilargia eta memoria

Artelanetan errepikatzen diren irudietako asko marrazki formatuan ere agertzen dira. Sawak 24 marrazki jarri ditu ikusgai, gehien errepikatzen dituen elementuekin, eta, kasu askotan, estilo surrealistarekin. Halaber, museoaren korridorean Wax obra jarri du, ilargiaren fase guztiak erakusten dituzten beste 24 marrazkirekin osatutakoa. Memoriarekin lotu ditu irudi horiek ere: «Guztietan ilargia osorik marraztu du, eta, ondoren, faseetako bakoitzean estalirik dagoen zatia ezabatu du, oroimena bezala, ilargia ere ezabatuz doalako».

Erakusketaren amaieran ikus daitezke Sawak lehen erabiltzen zuen teknikarekin —zuri-beltzean eta barrualdeetan— egindako ikus-entzunezko lau pieza: Dwelling, Elsewhere, Airliner eta Eight minutes. Bideo eta argazki muntaketa surrealistak dira, sortzaileak Londresen duen pisuan—han bizi da— kokatutakoak. 2001eko irailaren 11ko atentatuak telebistan ikusi ondoren egin zituen lanak, une hartan sentitutakoan oinarrituta. Irudietan hegazkin txikiak ikusten dira, eskalan, haren etxea zeharkatzen: sukaldea, egongela, komuna... Bitartean, etxeko altzarietan sartuta dauden gizon eta emakumeek oihu egiten dute, ikaratuta. Hain zuzen ere, obra horietako bat, Dwelling, izan zen Sawa mundu osoan ezagun egin zuena. Obra egiteko, halere, hilabeteak eman zituen etxetik atera gabe, sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.